Zerua zainetan dutela

Laborategiko odolaBagenekien dopinari muga jartzea zail izango zela. Azken ikerketa polizialen arabera, egungo dopin kontrol guztiak saihesteko balio duen teknikaren berri bat ezagutu dugu: ozonoa zainetan sartzea. Zeinek esperoko zuen dopin teknikarik hoberena zerua zainetan sartze izango zela.

Dirudienez guztia Rebellin-en positiboaren ikerketak eman du ezagutzera teknika berri hau. Dirudienez Molleta txirrindulariari, orduan Gerolsteiner taldeko taldekidea zenari, poliziek xiringa bat aurkitu zioten hortzetako pastaren edukiontzi batean. Honek Lazzaro medikuak emana zela argitu zien poliziei.

Ikertzaileek Lazzaro mediku italiar hau ikertzeari ekin zioten eta esan dutenez 15 urteko igerilari bat teknika honen bidez nola tratatzen zuen grabatuta dute. Bai igerilaria eta bere gurasoa ere ikerketa pean daude, izan ere grabaketa horretan gurasoak tratamendua aplikatu artean bertan baitzen.

Teknika berri hau “ozono terapia” bezala eman da ezagutzera. Medikuak kirolariari 200 zentimetro kubiko inguru odol ateratzen dio eta makina baten bidez ozonoaz nahasten du (O3). Behin ozonoaz nahastuta, berriro ere kirolariari txertatzen zaio. Prozesu honetan burdina ere txertatzen zaio kirolariari globulu gehiago sor ditzan, hots, gaitasun fisikoa handi dakiokeen.

Zalantzarik gabe osasuna arriskuan jartzen du teknika honek, besteak beste enbolia bat izateko arriskuak nabarmen handitzen baitira. Kontrolei dagokienez, berriz, egungo laborategi azterketen bidez ezin da antzeman hematokrito eta hemoglobina mailak konstante mantentzen baitira.

Garbi dago zer egin behar den zerura iristeko: zainetan zerua txertatu. Inork ez zaituzte antzemango eta errendimenduak estralurtar baten parekoa izango duzue. Hori bai, osasuna arriskuan jarriaz. Hurrengoa zer izango ote da.

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.