Astana, Cofidis eta Tropela

MoreniEz, Tropela Elkarteak ez du positibo eman. Eta lasai, ez dugu emango nahiz eta txirrindularitzari oso lotuak izan. Hor dago gakoa, azken orduotako gertakarien ostean badirudi bai txirrindulariak eta bai ingurukoak susmagarriak garela.

Atzo Astanak hartu zuen etxerako bidea Vinokouroven positiboaren ondoren eta gaur jakin dugu Morenik ere testosteronarekin positiboa eman zuela 11. etapan. Bai, arraroa izan da Vinokouroven positiboa 13. etapan izanda lehenago jakin izana. Beharbada Cofidis taldea frantziarra delako? Kontu teknikoak soilik ere izan daiteke horren arrazoi. Kontua da Cofidisek ere Tourra utzi duela (Wiggins eta Chavanel tarteko).

Eta Tropelak positibo eman ez badu ere, Tourra utzi behar al dugu? Hori ere pentsatu dugu. Zergatik egin kirol honi horrelako jarraipena protagonistek nahiz eta UCIren agiria sinatu doping kontuekin jarraitzen badute? Afizionatuok merezi al dugu horrelakorik? Ez dugu uste eta iazkoaren ondoren (Puerto operazioa, Landisen positiboa,…) aurrera darraigu.

Baina nola jokatu Tropelako lehiaketari dagokionez honelako egoren aurrean? Hor dago koxka eta ez da erraza. Alde batetik gure arauetan nahiko argi agertzen da eta iazkoan ez genuen zalantzarik izan. Aurtengoa, ordea, bestelakoa da egoera. Lehiaketa ez da amaitu eta bi positibo ditugu. Tropela Elkarteak kasu hauek ez ditu begi onez ikusten eta salatu nahi ditu. Bi txirrindulariei puntuak kendu behar al zaizkie? Guztiak? Gure arauei jarraiki Frantziako Tourreko webguneko sailkapenak jarraituko direla diogu eta noski, oraindik ez zaio Vinokourovi erlojupeko garaipena kendu. Ez eta ere astelehenekoa.

Demagun ondo irizten diogula gure desadostasuna adierazteko puntuak kendu behar zaizkiela. Baina zeintzuk, lehiaketa guztikoak? positibo eman zuen egunekoak? egun hartatik bidali duten artekoak? Eta puntuak kenduz gero bigarren egin duen txirrindulariari eman beharko al litzaizkioke bere puntuak? Edo kendu eta kitto?

Tropela Elkarteari momentu honetan ez dio puntuazio kontuak horrenbeste ardura ez eta sariak nola banatu, baina bai zoritxarrez sortu den giro eta mesfidantzak. Garbi daukagu, ordea, ez dugula gure partehartzaileak guganako mesfidantzarik izatea, Astana edo Cofidisekin izan dezakezuen bezala. Ez dugu horrelakorik nahi eta guztiok euskaraz kirol honetaz gozatzeko txoko hau guztion gustukoa izatea dugu helburu nahiz eta guztion gustura jokatzea zaila izango den.