2. etapa. Urretxu – Karrantza

EH ItzuliaHasi da Euskal Herriko Itzulia eta Saunier Duvalen erakustaldia izan dugu bertan. Etapa hasieran, askotan bezala garrantzi gehiegi gabeko ihesaldi baten ondoren benetako indar neurketa hasi da helmugarako 15-20 kilometro ingurura. Bertan, Matxinen mutilak sekulako erakustaldia eman dute, azken orduko ihesalditxoan Juanjo Cobo sartuaz, berarekin etapa irabaziaz eta tropeleko gizonik indartsuena Gomez Marchante dela erakutsiaz, beste hautagai nagusiei segundutxo batzuk atereaz. Ezin ahaztu Koldo Gilek eman duen itxura bikaina, tropelean oso eroso ikusten nuen nik behintzat eta Valverderen gurpilari itsatsita iritsi da helmugara. Batzuren ahotan egon zitezkeen txirrindulari batzuk agur esan diete Itzulia irabazteko aukerei. Horien artean sartu behar beraien sasoi puntua ezagutzen ez baina izenez bada ere arriskutsuak izan zitezkeen Evans, D. Lopez, Rasmussen, Sastre, T.Dekker, Voigt edo Mayo eta uste baino indar gutxiago erakutsi dute Contador edo Schumacher bezalako txirrindulariek.

Eta biharko zer? Saunierrek liderraren maillota izateak proba pixkat alda dezake, tropela kontrolpean eramateko indarra dutelako. Bestela, azken kilometroetan, gaur tropelean aurrean iritsi direnak berriro ere hor izango direla uste dut: G. Marchante, Valverde, K. Gil, Rebellin, F. Schleck, S. Sanchez, Di Luca… Atzo esaten ziren izen oso antzekoak, lehen aipaturiko bateren bat kenduta. Cobo bera ere indartsu da azken egunetan eta lanak eman ditzake, hori bai, ez dakit orain Itzuliari nola ekingo dion Saunierrek. Coboren lidertza errespetatuko ote dute edo oraindik Marchante edo Koldo Gilen aukerei gehiago begiratzen jarraituko dute. Ziur naiz egoeran honetan ez direla ez Marchante ez Gil izango lehen erasoa joko dutenak eta horrek ez dakit Saunierri Itzulia irabazteko aukeretan mesederik egingo dion. Ikusiko dugu, ikusiko dugu…

Lehiaketari dagokionez… Cobo %2,9ak duela ikusten dut. Min handia egingo zuen kiniela askotan. Neuk momentuz asmatu dut Contador ez jartzearekin, ez ordea gaur indartsuena zirudienarekin, Gomez Marchanterekin. Cobo hor nuen taldean baina gehiago asmatu ezean jai egoten da lehiaketa honetan. Zer moduz hasi zarete zuek? Noren gain duzue jarrita konfidantza sailkapenean aurrera egiterako orduan?