Grabaketa astearte hontan izango da

Uztailaren 25eko grabaketarako 150 estra behar dira, errepide ertzean Tourreko zaleen papera egingo dutenak. Autobusa antolatu da.

Eutsi filmaren beste grabaketa irudi batEutsi izeneko euskarazko hirugarren film luzea grabatzeko lanak ekainaren 19an abiatu zituen Alberto. J. Gorritiberea zuzendariak Oarsoaldean, Baleuko eta Irusoin produkzio etxeek bultzatuta. Proiektua Aupa Etxebeste eta Kutsidazu bidea, Ixabel ondoren dator eta ETBren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Pelikulak euskal gizartearen kezka eta arazoak azaleratuko ditu.
Unai Iturriagak idatzi du umore puntua duen drama sozial honen gidoia, Gorritiberearen laguntzarekin. Protagonista nagusiak Anjel Alkain eta Asier Hormaza aktoreak dira, besteak beste Sorginen Laratza eta Wazemank telebista saioetan ezagun egin direnak. Txirrindularitzarekiko grina duten bi gazte dira hauek. 30 urtetik gora dute jada eta lanean egoera zaila dute, bi urte baitaramatzate greban. Egoera horri aurre egiteko, Frantziako Tourrean protesta ekintza bat egitea bururatuko zaie. Buru-belarri jarriko dira zeregin horretan, baina neskatila gazte batekin (Oihana Martikorena) egingo dute topo. Ondorioz, bi gazteen arazoak eta beldurrak begi-bistan geldituko dira.

“Txirrindulari zaletuak” behar dira

Donostian eta Oarsoaldean grabatuko dituzte eszena gehienak, baina Pirineoei dagozkienak grabatzera Lizarragako portura joango dira. Lizarragatik gorago dagoen bihurgune batean eszena batzuk grabatuko dituzte, filmean Frantziako Tourra dena bertatik pasatuko baita. Uztailaren 25ean, hurrengo asteartean, egun guztian izango dira grabaketak.

Hain zuzen ere produktorak uztailaren 25eko grabaziorako 150 estra behar ditu, errepide alboan egongo direnak, txirrindulari zaleen papera eginen dutenak. Izan ere Tourra pasatzen ari den momentua grabatuko baita Lizarragako portuan. Goizeko 9:00etatik iluntzera izango da grabazioa. Produktorak bazkaria eta edaria eskainiko die estra guztiei. Zinearen mundua gertutik ezagutu nahi dutenendako aukera bikaina da hau.

Izena emateko

Filmean parte hartu nahi dutenek Asier Bilabaorekin hitz egin dezakete. Mugikorra: 619400891. Autobuserako izena emateko epea astelehenean bertan itxiko da. Grabazioaren egunean bertan normal jantzita, txirrindulariz jantzita edo euren taldeen kamisetekin jantzita agertu daitezke estrak (tropela.eus kamisetarekin joatea onena!!).

Animatu guztiok ondo pasako dugu eta!!