Eskerrik asko Lance! Eskerrik asko Landis!

Landis xixkoA ze etapa amaiera ikusi dugun gaur! Zenbat urte horrelako etaparik ikusi gabe? Lance Armstrong amerikarrak eta bere talde “amstronautak” azken urteetan lasterketa lehen egunetik azken egunera sudur puntan jarri zaien bezala kontrolatu dute eta asko eta askok ahaztuta genuen eraso, txakalaldi eta kontraerasoz betetako txirrindularitza kaotikoa.

Etapa osoa erritmo biziz egin dute, atseden hartzeko eta ongi elikatzeko denborarik gabe, eta ibilbidearen gogortasunarengatik eta beroagatik Toussuire-ko malda etzanetan ezusteko ugari eta benetako triskantza gertatu da. Heroi ugari izan ditu gaurko etapak, nahiz eta asko galtzaile atera diren.

Etapa 6. kilometroan ihes egin eta ia 180 kilometro ihesean egin dituen Rasmussen danimarkarrarentzat izan da. Ausart jokatu du eta merezita irabazi du. Eta iaz bezala, mendiko saria ere esku-eskura du.

Leipheimerrek ere aipamen bat merezi du, arriskatu beharra zuenez urrutitik jo baitu erasoa baina azken kilometroetan indarrak falta izan zaizkio eta hautagai nagusiek harrapatu egin dute eta ez du bere helburua lortu.

Beste heroia, Menchov izan da. Atzo huts egin ondoren gaur azken maldan eraso bortitz pare bat jo ditu eta bera izan da Landis ezkutatzen ari zen ezintasuna azaleratu duena. Azkenean honi ere indarrak ahitu egin zaizkio eta denbora pixka bat galdu du helmugan.

Laugarren ausarta, Sastre espainiarra, Tour honetan Bassorentzat lan egitera zihoana, izan da. Liderraren ahuldadeez konturatzean aurrera jo du indartsu eta igoeraren zati handiena bakarrik egin du. Hautagaien artean bera izan da lehena helmugan eta sailkapen nagusian bigarren jarri da.

Andreas Kloden eta bere talde osoari ere ongi joan zaie eguna eta etsai handi bat, liderra, Tourra irabazteko lehiatik kendu dute. Kloden gero eta hobeto dabil eta azken erlojupekoan oso ongi ibiliko dela ziurra da baina ez ote dira damutzen hasiak izango Pereirori egin zieten opariaz? Kosta behar zaio 2 minutu eta erdi horiek kentzea lider berriari.

Eta gaurko irabazle nagusia izan den Oscar Pereiro. Galiziarrak burua hotz mantendu du eta bere lana inolako hutsik egin gabe bete du. Gainera taldekideek lan bikaina egin diote etapa osoan zehar (aipatzekoa Zandio nafarrak jeitsieretan egindakoa) eta bere bizitzako etaparik onena eginaz aurtengo Tourra irabazteko hautagaitza sendoa dela erakutsi du.

Ezin aipatu gabe utzi, Cadel Evans-ek beti bezala ezkutuan egin duen igoera bikaina, Moreau eta Dessel frantsesek egin dutena. Justu-justu baina podiumeko postuak galdu dituzte frantsesek eta ez dut uste inolaz ere berreskuratuko dituztenik.

Eta nola ez gure Haimar. Usurbildarra bere mugen barruan etapa ederra egin duela esan behar dugu eta zaila dagoen arren, sailkapen orokorrean 10 lehenetan jarraitzen du. Ea gelditzen diren egunetan ez duen hutsik egiten oraindik sorpresa ugari egon baitaitezke eta beharbada, postu batzuk aurreratu ditzake.

A! Eta gaur arteko liderra! Honi eskerrak ematea bakarrik geratzen zait. Nahikoa egin baitu etapa bukatzearekin eta guri festaz gozatzen uztearekin.

Tourra nork irabaziko du?

Zenbat talde ari ote dira damutzen Pereirori 30 minutu oparitu izanaz… Niri ere pena ematen dit. Azkenean, Tour honetan Pereirok ere egun batean huts egin duelako eta beste askok izango ez duten bigarren aukera bat eman zaiolako. Zergatik eta, bere taldekide ohiak eta batez ere, Floyd Landis, lagunak dituelako? Mesedez! Ez gaitezen engaina. Pereiro galiziarrak ez du Tour hau irabazterik merezi!!

Erregularrenak Carlos Sastre, Andreas Kloden eta Cadel Evans izan dira eta Denis Menchov-ek zertxobait huts egin du azken bi egunetan… Pereirok egun oso txarra izan zuen Pirinioetan eta Landisek gaur izan duen txakalaldia historiara pasako da. Oraindik Tourra amaitzeko etapa erabakigarri pare bat baditugu eta gauzak alda daitezkeela uste dut eta nahi dut. Baina badakizue txirrindularitzan askotan zer esaten den: “Indartsuenak ez du beti irabazten.”

'The Boss' bisitariEskerrak eman beharrean gara Landisi gaur eskaini digun ikuskizunarengatik eta nola ez, bere herrikide Lance Armtrong-i, bera erretiratu ez balitz gaurko etapa ikusgarria ezerezean geratuko baitzen… Bai, nik ez nuen nahi Tourreko oinordetza beste amerikar batek eramaterik.

PD: Lance Armtrong Discovery-ko autoan omen zihoan. Baina ba al da Discovery-korik oraindik Tourrean? Telebistan behintzat ez dira azaltzen…

PD2: Gaur, etapa amaierako kontrola 40 minutuan ixten zen baina hori egingo balute 80 txirrindulari kanporatu beharko lituzkete eta 67 bakarrik geratuko lirateke lasterketan. Zer gertatzen zaie txirrindulariei? Ez al zuten esaten Tour hau erlojupekoan espezialistak zirenentzat zela aproposa eta mendirik ez zegoela?