Ibilbidea erlojupeko zaleen lagun?

Frantziako Tourra 2006Datorren larunbatean emango dio hasiera aurtengo Frantziako Tourrak. Txirrindulari askoren urteko helburu nagusia (askorentzat bakarra ere bai) bihurtu den 3 asteko froga.

Partehartzaileei dagokionez, dudarik gabe, beste froga inork lortu ez dezakeen maila lortzen du. Lesiorik ezean, ez da erraza tropeleko izarren bat bertan ez ikustea. Gainera, gehienak sasoi puntu onean izaten dira eta hau da froga honi duen ospea eman dion arrazoi nagusietako bat, ibilbidea ez baitu azken urteotan ikuskizunaren oso lagungarri.

Bai, badakit, ibilbideak ibilbide, gizonik indartsuenak irabazten duela Tourra. Garbi daukat azken urteetako Tourrak, mendi gehiago edo gutxiagorekin, erlojupeko motzago edo luzeagoekin, Armstrongek irabaziko zituela, hala ere Tourra ibilbideei dagokionez zaharkitua geratzen ari den sentsazioa ematen dit.

Alde horretatik aldaketak espero ditut datorren urtetik aurrera. Jean Mari Leblanc-ek indarra galdu eta Preudhomme izango da Tourreko gizon indartsua eta honek, hitzez bederen, Puy de Domme edo Finestre igotzeko asmoak erakutsi ditu.

Hala ere goazen aurtengo ibilbidea pixkat goitik aztertzera. Hasiera 7 Kmko erlojupeko batek emango dio, laua eta espezialistentzat aproposa dirudiena. Honen ondoren gehiegi gustatzen ez zaidan astea dator. Esch Sur Alzette eta Valkenburg-en amaitzen diren etapak izan ezik beste guztiak sprinterako aproposak direnak. Gogoz naiz Tourreko aurreneko astean itzuliari saltsa pixkat ipiniko lioken ibilbide bat ikusteko baina aurten ere gogoarekin gelditu beharko dugula uste dut.

Prologoaz gain, aurtengo Tourrean, 2 erlojupeko izango dira, 52 eta 57 Kmtakoak. Kilometro asko dira, baina mendiarekin konpentsatzeko modukoak izan zitezkeen. Hala ere, aurtengo edizioan ez dut uste dagoen mendiak hori konpentsatzeko adina aldapa gogor duenik. Pirinioetan 2 etapa bakarrik (aurrenekoa azken mendatea 40 Kmtara dagoelarik) eta agian aurtengo edizioko etapa erregina, nahiz eta mendateen kokapenak asko lagundu ez. Tourmalet, Aspin, Peyresourde eta Portillon mendateak dituen etapatzarrak ez du merezi azken mendate honetatik km askotako lautada eta Pla de Bereten amaitzea. Tarte gehiegi dago Portillon eta Pla de Beret mendateen artean eta harrituko nintzateke hautagai nagusiak azken mendatearen aurretik erasoan hastea. Gainera, Pla de Beret bera ez da beste munduko gogortasunekoa, nahiz eta etapa gogor honen amaieran edozein koskatxo gogorra egingo zaien txirrindulariei. Animatzen nauena, mendizaleek aukera gutxi izateagatik dituzten aukera apurrak aprobetxatu beharrean izango direla eta horrek ekarri dezakeela etapa polita ikusteko aukera baina ez dakit, ez dakit…

Alpeetako etapak gogokoagoak ditut. Alpe d’Huezko etapan azken mendaterarte faboritoak mugituko ez direnaren susmoa daukat, baina hurrengo egunekoa, Toussouiren amaitzen dena, aurtengo Tourreko etaparik politena gerta daiteke. Zergatik? Azken mendatea ez delako oso oso gogorra eta denbora diferentziak lortu nahi dutenek aurretik jo beharko dutelako erasoa eta ibilbidea horretarako lagungarri izango dute, Croix de Fer mendatetik aurrera. Garbi daukat etapa ederrak ikusteko formatua zein izango litzatekeen: mendate ez oso gogorrean amaitu eta 40 kilometro ingurura etapako mendaterik gogorrena duen etapa bat, eta hori betetzen duen etapa bakarra agian hauxe dugu. Nik asko espero dut etapa honetaz. Hurrengo egunean hain ezaguna egin zaigun Morzineko etapa dugu, Joux Plane handia helmugatik gertu dela.

Berriz diot, ez dut ibilbide hau oso gustuko baina garbi daukat azken urteetan gertatu izan den bezala txirrindulariren bat nabarmenduko dela (nor ote?) eta edozein ibilbiderekin irabaziko zuenaren sentsazioa emango duela.

Hala ere, ia datozen urteetan Tourreko zuzendariek ibilbideari errepaso bat ematen dioten, berrikuntza batzuk sartuz, mendate ahaztuekin gogoratuz eta mendate berriak aurkituaz. Milaka izango dituzte eta!

Erlojupekoetan ondo ibiltzen direnei ondo datorkien ibilbidea dela uste al duzue zuek?