Hemen da mendia!!!

Giroko AdituaBasso jaun eta jabe azaldu zaigu orain arte. Bai ikusi den mendate apurrean, bai erlojupekoan (bakarka eta taldeka) denen gainetik dela argi erakutsi du. Nahiko izango al du bere lehen itzuli handia poltsikoratzeko? Ni baiezkoan naiz, nahiz eta ibilbide beldurgarri baten aurrean gaudela ez dudan ahazten.

Bere atzetik direnei tokatzen zaie orain aurpegia ematea. Azken porturarte gurpilean joanda ezin dute denbora ikaragarririk irabazi eta arriskatu beharrean izango dira. Euren pertsonalitatea erasokorra dela gehituz gero, Cunego, Simoni, Savoldelli, Di Luca edota Rujanok ikuskizun polita eman dezaketela uste dut. Horiek guztietatik, Rujano ikusten dut arriskutsuena, onerako edo txarrerako, egunak joan eta egunak etorri, ihesaldian sartu eta etapa garaipena eta mendiko sailkapenaren borrokan den bitartean sailkapen nagusian ere aurrean sartuko den susmoa dut. Badirudi urdaileko arazoak ahaztuta dituela eta ez nintzateke harrituko Milango podioan ikusiko bagenu. Iazko sasoi puntuarekin ia segurutzat joko nuke hori, nahiz eta horixe bera izan, iazko sasoia hartzea, daukan lanik zailena.

Lehenengo etapa gogorra bihar bertan dugu. San Carlo mendate oso gogorra dute helmugatik gutxira. Aurreko igandean diferentziak izan baziren, biharkoan arrazoi gehiago, indarrak gutxitzen hasiak izango direlako eta mendatea “un señor puerto” delako. Denak, Marmolada edo Mortirolo ezagunak aipatzen badituzte ere, mendi honek gogortasuna ia berauen parekoa dela esatera ausartuko nitzateke.

Pena bat izan da gaurko Laiseka eta Honcharren erorikoa, batak, euskaldunek etapa bat irabazteko aukerarik hoberenetarikoa zelako eta bestea, nahiz eta mendiko etapa bakoitzean denbora galtzen joango zen, podiorako borrokan izango zelako.

Urik gabeko pistina batera salto egitea da baina hona hemen nire pronostikoa Milango podiorako:

1. Basso

2. Rujano

3. Di Luca

Asko arriskatu dut badakit baina txirrindulari erasokorren aldekoa naizelako izan da apostu hau. Egin zuek ere zeuena.