Bettiniren azken aukera?

Paolo Bettini alla Vuelta Spagna.jpgGiroan zehar hamaika ihesalditan ibili da Kilkerra, esprintetan ere sartu da, dena eman du, baina zerbait falta izan zaio. Bada, gaur du azken aukera.

Treviso-Terme di Comano, 179 kilometroko etapa. Eta mendate bi: Pian Delle Fugazze 101. kilometroan eta Passo Ballino 165. kilometroan; handik helmugara 14 kilometro, ia guztiak aldats behera. Laburbilduz: ihesaldia.

Hortaz, biharko erlojupekoaren atarian, azken aukera dute gaur ihesaldi-zaleek. Eta, duda barik, han ibiliko dira:

Bettini: harendako moduko etapa da. Azken mendateak 15 kilometro ditu, baina %4,4ko batez bestekoa. Etzana. Eramangarria.

Vila: atzo hanka sartu zuen, gaurkoa harendako aproposagoa da-eta, sailkapen orokorrean postu batzuk aurrera egiteko besterik ez bada. 16. postuan dago, eta lehen hamarretan sailkatzea zuen helburu.

Garzelli: hark ere etapa polita du, sailkapen orokorrean denbora galduta dabilela kontuan hartuta. Baina ez dakit ba ihes egiten utziko dioten… Vilak bezala, postu asko egin ditzake aurrera, eta lehenengo hamarrak ez daude postuak galtzeko.

Baliani: zenbat ihesaldi hartu ditu… Mendiko sailkapenerako puntuak pilatzen ibili da, baina mendate nagusiak iristen direnean ez da inondik inora ere agertzen. Han Piepoli agertzen da. Mendiko sailkapenean bigarren izango da Giroa amaitzerako.

Caucchioli: Tourra prestatzen dabil, baina hartu ditu bai aurreko egunetan ihesaldiak. Gaur ere han izango da.

Markel: oñatiarrak ere gaur du azken aukera. Taldeko onena izan dela esan daiteke, besteek ezer gutxi egin dute-eta. Batzuk, erorikoengatik…

Rasmussen: iazko Giroan baino hobexeago dabil, baina badakigu zein den danimarkarraren helburua: Tourra.

Eta Rubiera, Serrano, Lastras, Engels, Codol, Aerts, Cioni, Arvesen, Pinotti, Szmyd, Ardila, Mazzanti, Merckx…

Tira, baten batek esango du Milango etapa ere hor dagoela, baina, aurkariak ikusita, ez dut uste Petacchiri irabazteko inor dagoenik.

Gainera, Bettinik atzo esan zuen Tosattori laguntzea zuela helburu, hura helmugatik 300 metrora bizi zen-eta. Hori bai, Milanen ez dut uste hori gertatuko denik.

Esan ditudan izenetatik, zenbat izango dira gaur aurrean? Tropela-ren lehiaketan dabiltzanek zein irabaztea gurako lukete? Aurreneko postuetan sailkatuta daudenek badituzte… Batzuek Rubiera, beste batzuek Serrano, Mazzanti, Merckx, Ardila…

Hiru etapa bakarrik geratzen dira, egin kontuak.