Poulidor izatetik Anquetil izatera

Carlos Betancur kolonbiarrak irabazi du Paris-Niza, Rui Costa munduko txapeldunaren aurretik. Joan den denboraldian lasterketa askotan ikusi genuen kakalardoa lehen postuetan, baina besoak altxatzerik ez zuen izan. Euskal Herriko Itzulian jo eta ke ibili zen Henao eta Quintana herrikideekin, besteak beste, eta Bizkaiko etapan helmugako marra gainean irabazi zion Henaok. Ardenetako klasikoetan hirugarren sailkatu zen Fleche-Wallonen eta laugarren Liejan. Italiako Giroan, beste horrenbeste. 23 urte izan arren, Nibali marrazoari, Evans eta konpainiari hortzak erakutsi zizkien; beldurrik ez, lotsarik ere ez. Etapa garaipenik ez zuen, ordea, eskuratzerik izan: hiru etapatan, bigarren. Poulidorri maiz gertatzen zitzaion bezala, onenen artean bai, baina ezin garaipena dastatu.

Hasi berri zaigun denboraldian, Poulidor ez, Anquetil bihurtu zaigu Betancur. Ia ustekabean irabazi zuen Tour du Haut-Var duela aste gutxi eta oraingoan, Paris-Niza proba entzutetsuko bi etapa irabazi ditu, eta haietako batean nork eta Rui Costak amore eman behar izan zuen Betancurren aurrean azken esprintean. Bada zerbait. Gainera, etapa garaipenak bakarrik ez: sailkapen nagusia ere eskuratu du eta ondorioz, maillot horia.

Argi zegoen joan den urtean erakutsitako joak, ondo bidean, jarraipena izango zuela etorkizunean, baina agian uste baino lehenago asetu du garaipen gosea Betancurrek. Irabazle sena azaleratu du Anquetilek eta Poulidorek duela mende erdi denboraldiko zita  garrantzitsuenei begira indarrak fintzen zituzten proba berean, eguzkiaren lasterketan.

Argazkia: http://www.letour.fr/paris-nice/2014/us/stage-8.html