Izarrak bai, baina erregea biluzik

Gaur jarri da martxan Euskal Herriko Itzulia. Urtero bezala izen handiekin. Aukera bikaina beraz, munduko txirrindulari onenak hurbiletik ikusteko. Izen handi gehienak gainera sasoiko etorri direla dirudi. Entrenamendu gisa hartzeko ibilbide gogorregiak izan ohi dira antolatzaileek marraztutakoak.

Izenak aipatzearren Contador ikusten dut gainontzeko denak baina apur bat indartsuago. Dena den, Cunego eta Cadel Evans ez nituzke ahaztuko, azkenaldian garaipenak lortuta hurbilduko baitira. Euskaltel Euskadi taldea ere aipatu nahi nuke, kontutan hartu beharko baikenuke: bloke bezala, eta horrek pozten nau gehien. Garaipenak agian ez dira ugariegiak izan, baina oso maila txukuna ematen ari dira aurten. Batik bat “izarrak” ez direnak. Ea urteetako akatsa konpontzen duten, bizpahiru izar distiratsuen argipean gainontzekoak gutxiesteko joera izan baitute talde laranjan. Bide egokia hartu dutela dirudi eta jarrai dezatela.

Antolakuntza OrganigramaIbilbidea urtero lez gogorra da eta berrikuntza gutxirekin dator. Antolakuntzan baina, aldaketa nabarmena dago. Euskal Bizikletaren antolatzaileekin bat egin baitu DV Kirol Antolakuntzak eta bien artean erakunde berri bat sortu baitute, aurrerantzean Itzuli sendo bat mantentzeko asmoz. Ni aldiz, asko tristetu naiz. Aurretik ere esana nuen, baina, ez nuke horregatik aipatu gabe utzi nahi. Alde batetik, izen desberdinekin (Arrateko Igoera, Eibarresa, Euskal Bizikleta) urteetan eduki dugun froga desagertuko delako, baina baita etorkizun gutxi ikusten diodan kirol-froga baten azken mugimendu desesperatuak iruditzen zaizkidalako.

Aurkezpeneko irudiei begira, babesleen faltak arduratu ninduen. DV salbu, ez nuen babesle pribaturik ikusi. Eta ez zait iruditzen krisi ekonomikoaren ondorioa denik, ezta txirrindularitza azken urteetan sartu den zurrunbiloaren errua ere. Eragina badute, noski, baina beste bat da sakoneko arazoa. Urteak dira froga hau diru publikoarekin finantzatzen dela eta nago urtetik urtera proportzio handiagoan. Urteak dira sari nagusiak enpresa pribatuek babesten ez dituztela. Kezkagarria baita ere gonbidatutako talde kontinentalen babesleak gonbidapen truke babesa eskaintzera bultzatzea.

Nik neuk enpresa bat aholkatu behar banu, ez nioke inolaz Itzulia babestea gomendatuko. Gogorra egingo litzaidake, frogari eta kirol honi diodan maitasunagatik. Baina ezta xentimorik ere! Zaila luke errentagarritasuna lortzen. Adibide bat jartzearren, gaur bertan (ostiralez idazten ari naiz) frogaren webgune ofizialera sartu naiz eta ez dut babesleen inongo aipamenik topatu. Ekitaldi batentzat hain euskarri garrantzitsua den batean aipamenik ez xoxak ipintzen dituztenei? Webgunea publizitate euskarri bezala ikusiko ez bagenu ere, esker ona emateko erabiliko balitz sikiera…

Hori bai, webgune berean, organigrama begira, harrituta nago zenbat pertsona dituzten kanpo harreman, harreman publiko, eta abarretarako. Ez nuke beraien lan eskerga gutxietsi nahi, zenbait pertsonalki ere ezagutzen baititut eta ederki baitakit zenbat lan egin duten txirrindularitzaren alde. Baina garaiak aldatzen ari dira. Harremanak ezinbesteko dira baina ekitaldi profesional bat den heinean kudeaketa da gakoa. Harremanek ez dute baliorik ongi kudeatzen ez badira. Beste antolakuntza eredu bat behar da, beste negozio modelo bat.

Eta fusioa eman arren hilzorian ikusten dudanez, Itzuliak kezkatzen nau. Ikusi nahi ez duenak ez dezala ikusi eta jarrai dezagun beti Contador, Schleck eta abarretaz hizketan, erregea biluzik dagoen bitartean.

Argazkia: diariovasco.com