2010eko taldeen analisia (VII): Footon-Serveto, birziklapenari berriz ekiteko prest

Denboraldi berri baten hasiera, eta Josean Fernandez “Matxin”-ek talde berria dauka berriz ere eskuartean. Azkeneko urteotan asko ezegonkortu da lehen Saunier Duval zen proiektua, doping arazoak direla eta, ondorioa talde ia guztiz eraberritua delarik.

Pro Tour lizentzia edukia arren, ez dauka nazioarte mailan son handia duen txirrindularirik Footon-Servetto-k. Bat bera ere ez. Esan bezala, taldea ia hutsetik hasi beharko da, apustu nagusia gazteak direlarik. Baina noski, hau ez da garai batean zuzendari bizkaitarrak eduki zuen Mapei ahalguztidunaren harri bitxiz jositako semea. Oso bestelakoak dira kontuak oraingo honetan.

24 gizonek osatzen dute Footon-Servetto taldea, eta horien artean zazpik bakarrik izango dituzte aurten 28 urte edo gehiago. Euren ardura izango da beraz taldekide askoren esperientzi eza beren ezagupenez hornitzea. Beteranoen talde horretan bi euskal txirrindulari aurki ditzakegu: Aitor Perez Arrieta eta Iban Mayoz. Aurrenekoaren kasuan aukera polita izan daiteke oraindik astebeteko lasterketetan, denboraldiaren hastapenetan batez ere, maila polita eman dezakeela erakusteko. Bi gipuzkoarrekin batera Giampolo Cheula italiarrak izan behar luke errepidean kapitaina, une jakin batzuetan bere ezaugarriak (mendate txikietan ongi moldatzea eta abiadura puntua) baliatzeaz gain.

cardoso

Garaipenak kostata lortuko dituen taldea izango dela pentsatzea da normalena. Hala ere, denboraldi hasiera honetan jadanik bi lortu ditu. Batetik, taldeak izan dezakeen errematatzailerik handienetako batekin, Manuel Cardoso Portugalgo txapeldunarekin, Down Under-en goruntza egiten zuen helmuga batean gailenduta. Erdi mailako mendian ez da gaizki moldatzen, eta horri gizon azkarra dela gehituta, multzo txikietan garaipenen bat edo beste pilatzeko mutil aproposa da, bere herrialdean ongi zaildutakoa. Bestea Rafael Valls valentziarrak erdietsi zuen Argentinako San Luis Tourrean, ailegaera mendatean zuen etapa batean. Orain bi urte Espainiar Estatuko gazterik dohatsuenetakoa zela erakutsi zuen, eta honenbestez bere fruituak ematen has daitekeela ematen du. Bere herkide Pedro Merino ere antzeko sona lortuta pasa da profesionaletara, aurreneko urtea handienen artean honakoa izango badu ere.

Besoak altxatzea lor dezaketen txirrindulariak zeintzuk izango diren identifikatzea ordea ez da bat ere erraza. Martin Pedersen daniarra eta José Alberto Benítez eta Enrique Mata espainiarrak sprinter profila betetzen duten gizonak dira, baina maila txikiko probetan lortuko dute, izatekotan (eta ezustekorik ez dela, noski) halako emaitzarik. Michele Merlo italiarra ere tankera horretakoa da, baina bere garapenak gorakorragoa dirudi. David Vitoria suitzarra bera ere gizon azkarra da. Euren gainetik ordea, 2008an Euskal Bizikletan lortutako garaipenagatik batez ere, Eros Capecchi gaztea aipatu behar da hemen. Iazkoa ordea ez zen urtea oparoa izan beretzat; dena den, aurten maldan gora horren gazterik zela erakutsi izan zuen distira bereganatzea espero behar da.

eibegger_brandle

Capecchi-rekin batera itzuli txikietan onenengatik gertu egoteko moduan duten beste gizona Markus Eibegger austriarra izan daiteke. Azkeneko bizpahiru urtetan gora egitea kostatzen ari zaio, baina tarteka gauza politak erakutsi ditu, eta itxaropen horrekin fitxatuko zuen Matxin-ek seguru asko. Eta antzeko intentzioaz, baina epe luzegoan burua jarrita agian, Elk-Haus austriar harrobi oparoan taldekide zuen Matthias Brändle erraldoia. 20 urte bete berri dauzka, hortaz patxada izan beharko dute berarekin, baina bere herrialdeko harri bitxia dela baieztatzen dute askok. Orain arte erlojuaren aurkakoan eman du mailarik onena. Bi austriarrekin batera, eta aurrez aipatu direnez gain, Arkaitz Duran gasteiztarrak oraindik itxaropena sortzen jarraitzen du. Dena den, oraindik oso gaztea bada ere, urteak aurrera doaz, eta bere garaian espero zenik ez du inondik inora erakutsi. Iaz muturra apur bat azaldu zuen, eta bide horri eusten ahalegindu beharko da pixkanaka goruntza egiteko.

Izen handi gutxi beraz esan bezala Matxinek eskuartean duen proiektu berrian. Euren zoritxarrerako, eta urte hasiera polita izaten ari diren arren, zalantzak dexentez gehiago dira. Horien artean, zein lasterketa korritu ahal izango dituzten, taldearen iragan ilunaren ondorio. Edozein kasutan, taldearen osagaiak zeintzuk diren onartu eta horri etekinik handiena ateratzen ahalegindu beharko luke bizkaitarra buru duen zuzendaritzak (beste bizkaitar bat ere, Sabino Angoitia, bertan da), etorkizunari begira beren mutilei ofizioa erakutsi eta nola zaildu behar duten irakasteaz gain.