Zenbat pausotan erlazionatu daitezke Contador eta Patxi Lopez lehendakaria?

2010_enba_klenbuterolaFelix Linaresen “La noche de…” saioaren ataletako batean oinarritzea pentsatu dut gaurko post xume hau idazteko. Izan ere Patxi Lopez-ek egin zituen adierazpen batzuekin Contador eta lehendakaria pauso bakar batean erlazionatu daitezke. Bai, lotura hori klenbuterol sustantzia famatuak egiten du.

Dakizuen bezala Contadorrek Irunen erositako azpizuna jan omen zuen positibo eman zuen egun hartan. Bere esanetan azpizun hura klenbuterolaz kutsatuta zegoen eta horregatik eman omen zuen positiboa.

Patxi Lopezek dirudienez sinistu egin zuen Pintokoaren bertsioa eta bertsio hau zalantzan jarri beharrean hemengo abeltzainei egotzi die errua. Hau guztia aurreko astean ETBn eginiko elkarrizketa batean izan zen. Jarrera honek ENBA (Euskal Nekazarien Batasuna) sindikatuarengan haserrea sortu du eta gaur egin duten prentsaurrekoan lehendakariari jarrera zuzentzeko eskari sendoa egin diote.

Contadorrek bere prentsaurrekoa eman zuenean kontatu zituenak ezin nituen sinistu: “lagun bat zetorren bisitan eta bidean zela haragia erosteko esan genion… Ez, Vinokourovek ez zuen jan ze afaltzera lehenago joan zen… Vinokourov haserretu egin zen haragi haren zatirik utzi ez geniolako …”. Ze histori nahaspilatu eta sinesgaitz da hori? Nik behintzat ez nion ezer sinistu, eta ez hori bakarrik, ikaragarria iruditu zitzaidan kontatu zuena jakinda hilabetez lehenago positiboa eman zuela. Asma ezak ba zerbait sinesgarriagoa denbora nahikoa izan duk eta!!

Baina honetan guztian onena Europan abeltzaintzan debekatuta dagoen sustantzia batez kutsatutako haragi bat erosi zela esan zuela da. Nik uste gizajoak ez zuela ondo pentsatu zer nolako iskanbila sortzera zihoan. Prentsaurrekoaren ondoren RTVEko elkarrizketa hau ikusi nuen eta hor bai, hor saiatu zen nolabait abeltzainen artean sor zezakeen kaltea leundu nahian (bideoko 4. minututik aurrera). Nire ustez orduan hasi zen jabetzen harea mugikorretan murgildu zela eta zenbat eta azalpen inozo gehiago eman orduan eta gehiago hondoratzen ari zela.

Ez dakit zer iritzi izango duzuen, baina nire inguruko txirrindulari zaleak bat datoz Contadorren bertsioa sinesgaitza dela esaterakoan. Beharbada lehendakaria bezala beste asko izango da Contadorren bertsioari sinesgarritasuna ematen diona. Kontua da dagoeneko zalaparta dopin auzitik haratago zabaldu dela, Pintokoak espero baino urrunago zalantzarik gabe.