Espainiako Vuelta euskal errepideetan

Espainiako Vuelta 2009Dakizuen bezala, Eusko Jaurlaritzak Espainiako futbol selekzioak Euskadin jokatzeaz gain, Espainiako Vueltak irteera edo helmugaren bat Euskadin izatea eskatzen dute gaur onartutako proposamenei jarraiki. Orain bi urte t’erdi Carmelo Barriok aurkeztu zuen antzerako proposamen bat baina boto faltagatik albo batera geratu zen. Gaurkoan, ordea, gehiengoak babestu du proposamena.

Zeresana emango du erabaki honek eta dagoeneko alderdi politikoak aldeko eta kontrako iritziak eman dituzte. Txoko honetan gaia eztabaidagai jarri nahi nuke zale guztion artean.

Nire iritziari dagokionez, beste behin ere esan nuen eta orain ere berdin pentsatzen jarraitzen dut: Frantziako Tourra iparraldetik pasatzen den bezala, edo 1992 Tourra Donostiatik abiatu zenean bezala, Vuelta hemen izatea ere ontzat jotzen dut. Alde horretatik, arazorik ez nire ikuspuntutik.

Txirrindulari zale bezala, zalantzarik gabe, nahiago dut Tourra pasatzea Espainiako Vuelta baino. Urtetik urtera interesa galtzen doan lasterketa iruditzen baitzait penintsulako lasterketa hau. Alde horretatik, beraz, nahiago nuke ahaleginak Vuelta ekartzean baino Tourra gehiagotan bertatik pasatzean inbertituko balukete. Eztabaida niretzat ez da zein izeneko lasterketa pasako den hemendik, zein mailatako lasterketa baizik.

Honek guztiak Unipublic taldeari egingo dio mesederik handiena, entitate pribatu izanik gure sosak berenganatzeko aukera izango baitute.

Ez nuke amaitu nahi aurtengoan Euskal Bizikletarik izan ez dela gogora ekarri gabe. Beharbada gauzak nahasten ari naiz, baina kontuak hartzeko puntua izan daitekeela deritzot.