Aldaketak Astana taldean

Vinokourov, Ulrich eta ArmstrongAtzo bukatu berri zen Irlandako Tourra. Irabazlea Downing izan zen, 31 urteko ingelesa. Amaitu ez bazuen ere, lasterketa berean izan da Armstrong Texaseko txirrindulari famatua. Hiru eguneko lasterketa izan da Irlandako lurretan jokatu berri dena eta Armstrongek bertan lehiatzeko hitzordua zuen.

Lasterketa hau izango da Armstrong azkenengoz Astanaren maillot urdinaz bideetan ikusi duguna. Dagoeneko Tour Down Under-en hasi zuen denboraldia aurtengoz bere amaierara iritsi zaio amerikarrari. Astanak, edo hobeki esanda, Bruyneelek, aukera eman zion Armstrongi aurten talde urdinean lehiatzen aritzeko. Egia esan espero baino emaitza hobeekin gainera: Giroan 12. postuan sailkatu zen eta Tourrean 3. postuan. Bere hitzetan, doan aritu den urte honetan txirrindularitzara itzultzearen arrazoia kantzerraren aurkako duen fundazioarentzat dirua biltzea izan da. Seguru zenbait milioi dolar biltzeko gai izan dela bere bizikleta ezberdinekin hara eta hona. Eta ezberdinekin diot, berak esan zuen bezala, hauek enkantean saltzeko helburuaz erabili baititu eta Tourrekoa historiako bizikletarik garestiena izango dela aurreratzen zuen. Ez dakit saldu dituen ala ez, ez eta zenbatean, baina gustura jakingo nuke.

Kontua da Armstrongek bere bide laburra egin duela Astanan, polemika eta guzti. Ez baita ahaztekoa izango Contador eta bera talde berean izateak sortarazi duen ikusmina. Pena Gaztela eta Leongo lehen etapa hartan Armstrong erori izana, hala gertatu ez balitz, beharbada bestelako emaitzak lortuko zituela uste baitut. Hala ere, hori nire imajinazioaren fruitu besterik ez da.

Armstrong badoa eta Vinokourov itzuli da. Kazakhstandarrak bere itzulerako debuta l’Ain-eko Tourrean egin zuen orain egun batzuk esan bezala, garaipen eta guzti. Kazakhstandarra Vueltan ikusteko aukera altuak daudela dirudi, izan ere Astanak lehen erreserba gisa gehitu baitu bere zerrendan. Ez da harritzekoa izango, beraz, Vinokourov Assen-eko irteeran bere maillot urdinarekin ikustea.

Rasmussen-i ere amaitu zaio zigorra. Honek ere lehiaketa ofizialetan parte hartzeko aukera dagoeneko badu. Bere esanetan Espainiako Vueltan parte hartu nahi izan omen du, baina bere taldeak lehen izen ematean zerrendan gehitu ez zuenez, ez du posible izango. Lastima, gogoa baitut daniarra berriro ere errepidean ikusteko. Eta are interesgarriagoa litzateke Vuelta bai Rasmussen baita Vinokourov biak, orain bi urteko Tourrean baztertuak izan ziren txirrindulariak, beraien itzulerarako lasterketa hau aukeratu izan balute.

Vinokouroven lehen garaipena 2 urteko zigorraren ondoren

l'Ain-eko Tourra. Vinokourov garaile 3. etapako 2. sektoreanKazakhstandarra l’Ain-eko Tourra UCI ProTourreko lasterketa ari da lehiatzen eta atzo arratsaldean jokatu zen sektorean garaipena lortu zuen. Dakizuen bezala, 2007ko Tourreko positibo entzutetsu haren ondoren, 2 urterako zigortu zuten Astanako txirrindularia. bi urteko zigorra bete ostean, berriro ere bizikleta gainean da profesional gisa.

35 urte ditu Vinokourovek, baina sasoiko dagoela dirudi. Atzo bi sektore jokatu ziren: bat goizean Leles Monts-Jura-an 103,2 km-tako mendiko etapa. Arratsaldean, berriz,  8,6 km-tako erlojupekoa. Kazakhstandarrak 9’50” segundo behar izan zituen ibilbidea betetzeko eta Elijzen eta Horner taldekidearen aurretik geratzea lortu zuen.

Vinokourovek bere burua probatu nahi zuela adierazi du, eta inolaz ere ez omen zigorrak eragindako amorrazioz. Bere helburua horrelako zigor baten ostean lasterketak irabaztea posible dela erakustea zela adierazi du, eta esan daiteke lortu duela.

Gaur  l’Ain-eko Tourreko azken etapa jokatuko da. Etapa hau 129,6 km-takoa izango da eta Colombier-en amaituko da. Lasterketako lider Horner da eta Astana taldeak bere esku dagoen guztia egiten saiatu beharko du lasterketa irabazi nahi badu ez baitu erraz izango, Turpin eta Moncoutie 19 eta 20 segundora ditu hurrenez hurren eta hauek ez dute amore emango.

Astana, Livestrong ala talde txuri-urdin-horia

2009ko Giroan Astana taldea maillot hutsekinGogoan izango duzue nola Kazakhstango babesleekin Bruyneelen taldeak soldatak jasotzeko arazoak zituzten. Protesta gisara, Astana izenik gabeko maillotak eraman zituzten txirrindulari gehienek, batek izan ezik. Noski, Kazakhstandar izaki, Zeitsek ezin protestarekin bat egin.

Giroa lehiatzen ari ziren bitartean, era guztietako zurrumurruak sortu ziren. Horien artean indarrik gehiena hartu zuena Livestrong Armstrongen fundazio “multinazionalak” bere gain hartuko zuela taldea. Tourrean parte hartu nahi badu babesle eta txirrindularien arteko ordainketa guztiak normalduta izan behar dituzte eta konponketa horiek guztiak egiteko denbora gutxi dute. Kontrol lan horretan UCI aritu da. Bigarren urtez Tourrean parte hartu gabe Astana taldea?

Azken egun hauetan, ordea, bestelako informazioa iritsi zaigu komunikabideetatik. Dirudienez Kazakhstango babesleek apirila eta maiatzari dagozkien ordainketak egin dituzte eta horri eskerrak Luxenburgoko Itzulian, Dauphiné Libérén eta Tourrean parte hartzeko arazorik ez luketela izango san du McQuaid UCIko presidenteak. Badirudi, beraz, momentuko arazoak konponduta dituela Bruyneelen taldeak, baina Tourra amaitu ondoren eta Vinokourov eta Kaschekin zigorrak beteta itzultzen direnean auskalo zer gertatuko den egungo taldearekin.