Horrelakoa izango da 2010eko Vuelta

2009ko Espainiako Vueltaren ibilbideaZergatik noa Vueltaz idaztera eta ez beste edozein lasterketaren inguruan? Balioko erantzun bat emateagatik, Euskal Herrian azken aldian modako itzuli handia delako hautatu dudala esango nuke. Beste arrazoiren batek ere balio lezake. Hau horietako bat zen.

Berrikuntzekin dator Vuelta 2010ean. Nabarmenena liderraren maillota gorria izango dela. Orain arte izan diren maillot hori edo urrezkoak albo batera utzi eta gorria jarriko dute. Abraham Olano entzun dut irratian honen inguruko argibideak ematen. Bere esanetan Espainiako selekzioak kolore gorrikoak dira (futbolekoa, saskibaloikoa,…) eta identifikazio honekin jarraiki gorria erabiltzea erabaki dutela. Nire ustez Vuelta ez da beste itzuli handien ‘status’a iristen eta hori aldatzeko beste saiakeretako bat da. Funtzionatuko duen? Publizitate eta irudi ikuspuntutik beharko du izan izatekotan.

Norbaitek zalantzaren bat bazuen ere, baieztatzen dugu hurrengo urtean lasterketa ez dela Euskal Herritik pasako. Segur aski 2011ean bai (dakidala Getxok behintzat eskaria egin zion Unipublic-i etapa amaiera bat bertara eramateko). Hori, hala ere, hurrengo urteko abenduan jakingo dugu.

Ibilbideari dagokionez, aurten bezala nazioarteko lasterketa bat izango da. Ez, ez da Herbehereetatik pasako, baina bai Andorratik. Sei etapak izango dute mendatean amaiera horietatik bat aurtengo bera izango da, Xorret del Catí. Gainontzekoak Andorrako Pal eski estazioa, Peña Cabarga eta Cobadonga Lakuen igoera ezagunaz gain, Cotobello eta Bola del Mundo igoera berriak izango dira.

Erlojupekoak bi izango dira, bat lehen egunean eta beste bat 17. etapan. Lehena Sevillan jokatuko den taldekako erlojupekoa izango da. Giralda edo erakuste aldera, gauez izango da. Ordua ez dute zehaztu baina audientzia arazoak izan ditzaketela esango nuke abuztuko larunbat gaua izaki. Hau guztia itzuliaren 75. urteurrenaren aitzakiaz. Bigarren erlojupekoa 46 kilometrotako bakarkakoa izango da. Peñafieleko etapa hau erabat laua.

Ez dut ibilbidea gehiegi aztertu nahi izan oraindik asko falta baita lasterketa iritsi artean. Garbi dagoena da, beti bezala, lasterketaren erakargarritasunean ibilbideak zeresan handia duela, baina garrantzitsuena parte hartzaileak dira. Eta parte hartzaileak diodanean ez diot izenagatik bakarrik, lasterketara joango diren asmoarengatik batez ere.

Irudia: www.lavuelta.com

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.