Petacchi 1 – Cavendish 0

2009giro_etapa2_petacchiHori da gaurko etapan utzi digun emaitza. Lehen round-a italiarrarentzat. Zaharra gazteari gailendu zaio, ingelesaren saminerako.

Atzoko erlojupeko zoragarriaren ostean, kinielatan Team Columbia-High Road taldea faboritoen artean bazen ere, inork gutxi espero zuen Garmin-Slipstream bezalako talde bati irabaziko zionik, batez ere azken hauek aurrekoen erreferentziak izango zituztela jakinda. Hala ere, Columbiak erakustaldia eman eta Cavendishek maillot arrosa janzteko ohorea izan zuen. Bazirudien 100 urte betetzen dituen Italiako lasterketari espero baino hobeto ekin ziola ingelesak.

Gaur zen, ordea, Man irletako gaztearen eta Petacchi Italiarraren arteko lehen testa. Gaztea beteranoaren aurka. Tropeleko lehiakideen artean Cavendishen alde %79,9 eta Petacchiren alde %17,7. Multzoen azterketan arriskatzeaz hitz egiten nuen, batez ere ez bai baikenekien bi hauen arteko lehiak zer eskainiko zigun. Gaur izan da lehen round-a eta Petacchi, pronostiko askoren kontra, garaile. Erraz irabazi dio gainera ingelesari argazkian ikusten den bezala.

Egungo liderrari batere graziarik ez dio egin bigarren geratzeak. Ez nau harritzen. Baina beharbada ingelesak konfiantza gehiegirekin ekin dio azken metroei eta ezustean harrapatu du Petacchi zakur zaharrak. Gakoa hor egon daiteke ez baitut uste Petacchi Cavendish baino azkarragoa denik. Oraingoz 1-0 italiarraren alde. Biharko etapa ere esprintean erabaki daiteke. Nor gailenduko da?

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.