#303 Tropela.eus podcastak: 2018ko Espainiako Vuelta errepasoak – 21. etapa

Vivianik (QST) irabazi du 2018ko Espainiako Vueltako azken etapa. Horrenbestez Sagan (BOH) etapa garaipenik gabe geratu da Vuelta honetan. Vuelta Simon Yatesek (MTS) irabazi du, Mas (QST) eta Lopez (AST) izan dituelarik podiumeko kide. Gogoratu Ion Izagirrek 9. postuan amaitu duela eta gaurkoan txirrindularitza profesionalari agur esan dion euskalduna Igor Anton (DDD) izan dela. Hau eta gehiago kontatzen digu Egoitz Lizasok (@elizaso) mini podcast honetan.

Itzulia, logo aldaketa batera mugatu den komunikazio estrategia “berria”

Gaur aukera izan dut Itzulia bertatik bertara bizitzeko Zarautzen. Eguraldi paregabea egin du, ezin uka, eta giroa ere paregabekoa izan da. Hoberena presiorik gabe joan naizela da, izan ere, Itzuliako webgune ofizial eta sare sozialak kudeatzearen ardurak alde batera uzteak lasaitasun handia ematen du. Era horretan, gustura egin dugu sinadura bilketaren jarraipena eta nola ez, gustura agurtu antolakuntzako eta batez ere prentsa aretoko kideak, azken urte hauetan ezagutu ahal izan ditugunak genituen ardurak tarteko.

Gogoa nuen komunikazio arduradun berriak, Borja Vergarak eta bere lantaldeak, Donostiako Klasikoatik kargua hartu zutenetik, bertatik bertara eta internet bidez, Itzulia honen zabalkundea nola gauzatzen zuten ikustea. Nioen moduan lau urteko esperientzia izan dut eta esan dezaket ez dela gauza bera egun bateko lasterketa, Klasikoa kasu, edo 6 egunetakoa, Itzulia. Continue reading “Itzulia, logo aldaketa batera mugatu den komunikazio estrategia “berria””

#232 Tropela.eus podcastak: 2017ko Espainiako Vuelta errepasoak – 21. etapa

Iban (@piban) eta Egoitz (@elizaso) arduratu dira 2017ko Espainiako Vueltako 21. etaparen eta orokorrean Vueltaren inguruko podcast hau grabatzeaz. Bertan nola azken etapa Trentinek (QST) irabazi duen kontatzen dute, bere laugarren etapa garaipena eta Quick-Step taldearen seigarrena. Hori bai, maillot berdea irabazteko gauza ez da izan eta Froomek (SKY) eraman du, sailkapen nagusiko gorria eta konbinatuaren zuriarekin batera. Horretaz aparte, beste kontutxo batzuk ere aipatzen dituzte solaskideek.

#185 Tropela.eus podcastak: 2017ko Italiako Giroa errepasoak – 21. etapa eta sailkapen nagusiak

Egoitzek (@elizaso) 2017ko Italiako Giroko 21. eta azken etaparen analisia egiten digu mini podcast honetan. Bertan nola Van Emdenek (TLJ) erlojupekoa irabaztea lortu duen kontatzen dun, eta bigarren Dumoulin (SUN) bera, aurtengo edizioko irabazlea. Sailkapen guztiei errepasoa ematen die gogoratuz Mikel Landak (SKY) mendiko sailkapena irabazi duela lehen euskalduna izateaz gain.

Tropelako sailkapenei ere errepasoa egiten die irabazleak aipatuz, baita Laboral Kutxa Sariari ere.

Tropelan sailkapenak zuzen sartzen ditugu, nahiz eta batzuek oker zabaldu

Atzo Twitter bidez Tropelari mezu bat bidali zitzaion. Mezu horrek 2. eguneko emaitzak gaizki sartu zirela esaten zuen. Gaur beste email bat ere jaso dugu gauza berarekin. Nire kideekin komentatu nuen eta harritu samar geratu ginen.

Dirudienez nahasmena Thomas txirrindulariak eragin du, edo bere postuak. Dakizuen bezala Tropelako emaitzak sartzerako garaian lasterketaren webgune ofizialetik hartzen ditugu emaitzak hauek izaten baitira ofizialak. Ba kasu honetan LeTour.fr webgunetik jaso genituen eta bertan 35. sailkatu zela agertzen zen. Beraz, nondik dator zalantza?

Komunikabide bat baino gehiagok Thomas 6. sailkatu zela zabaldu zuen (eta mantentzen dute oraindik ere zuzendu gabe). Horietariko bi As.com eta estatuko egunkaririk salduena Marca.com dira. Ez dut ulertzen maila honetako hedabideek horrelako akatsak nola egin ditzaketen; gainera Marcakoa nabarmena da postu berean, 6. postuan alegia, Thomas eta Boasson Hagen jartzen baitituzte. Ze seriotasun gutxi txirrindularitzarekiko, ez?

Eskertzen dizuegu mezuak helarazi izana guk ere gure akatsak egiten baititugu eta behin baino gehiagotan zuzendu ere zuzendu beharrean aurkitu gara. Seguru aurrerago ere zuzenketaren bat egin beharrean aurki gaitezkeela, baina ez izan zalantzarik akatsa ordutan konponduko dugula, ez egunetan, zuen laguntzari esker.