Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

#502 Tropela.eus podcastak: 2021eko Frantziako Tourra. Errepasoa – 11. etapa

Van Aertek (TJV) etapa garaipen handia lortu du Mont Ventouxen

Arantza kentzeko gauza izan da Van Aert (TJV) etapa garaipen garrantzitsua lortuta Mont Ventouxeko etapan. Ihesaldian sartuta, Trekeko bikoaren, Elissonde (TFS) eta Mollema (TFS), eusteko gai izan da. Sailkapen nagusian ere mugimenduan izan dira, Pogacarrek (UAD) maillot horiari erraz eusten badio ere, O‘Connorrek (ACT) eta Gauduk (GFC) denbora galdu baitzuen.

Atzoko etapak emandakoa eta gaurkoak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Iban Perezek (@piban).

Podcastera harpidetu

#331 Tropela.eus podcastak: 2019ko Italiako Giroa errepasoak – 16. etapa

Azken astean sartuta, 2019ko Italiako Giroko 16. etapan Mortirolo igo beharra izan du tropelak. Ihesaldiak etapa honetan bere bidea egin du eta Cicconek (TFS), aurtengo Giroko protagonistetako batek, mendiko puntuak zakuratzeaz gain, etapa garaipena lortu du Hirtekin (AST) helmugaratuta. Faboritoen artean indartsuenak Movistarreko Carapaz (MOV) eta Mikel Landa (MOV), Bahreineko Nibali (TBM), Education Firsteko Carthy (EF1) eta Dombrowski (EF1), eta zertxobait atzeratuago helmugaratu bada ere, Miguel Angel Lopez (AST) izan dira. Roglicek (TJV) 1’22” galdu ditu faboritoekiko Mollema (TFS) eta Yatesekin (MTS) batera.

Hau guztia eta 17. etapak eman dezakeena Iban Perezek (@piban) kontatzen digu podcast honetan.

#259 Tropela.eus podcastak: 2018ko Frantziako Tourreko kinielaren azterketa

Inaxio Esnaola (@inaxioesnaola), Iban Perez (@piban), Eneko Garate (@egarate) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) arduratu dira aurtengo Tourreko kinielaren inguruko podcast hau grabatzeaz. Podcasta ohiko baino luzeago atera zaie izan ere laukoteak asko du kontatzeko Tour honen inguruan, bai ibilbideagatik, bai Froomen (SKY) ebazpenagatik eta baita, nolabait ere, Mollemak (TFS) baldintzatu duelako. Zuen kinielak prestatzeko lagungarria zalantzarik gabe!!

#202 Tropela.eus podcastak: 2017ko Frantziako Tourra errepasoak – 15. etapa

Egoitz (@elizaso) arduratu da 2017ko Frantziako Tourreko 15. etapako mini podcast hau grabatzeaz. Bertan erdi mailako mendateak zituen etapan izandako gorabeherak kontatzen ditu: Froomen (SKY) matxura, AG2R taldearen saiakera, Quintanaren (MOV) ezina, Barguilen (SUN) joa mendiko puntuak jasotzeko, baita taldekide den Matthewsena (SUN) ere maillot berdearen lehian,… eta nola ez, Mollemaren (TFS) erasoa eta etapa garaipena.