Zer egin erlojuaren kontrako taldekako etapekin? [Inkesta]

Aspaldidanik daukagu zalantza erlojuaren kontrako taldekako etapetan puntuak banatu ala ez. Funtsean dagoen zalantza, ordea, ez da puntuak banatzea ala ez, baizik eta banatzekotan nola banatu.

Hori dela eta atzo Twitter bidez “inkesta express” bat egin genuen bi galderekin:

1. Erlojuaren kontrako taldekako saioetan puntuak banatu bai ala ez?
2. Nola eta zenbat banatu?

Hainbat erantzun jaso genituen (eskerrik asko erantzun zeniguten guztioi!) eta denetarik. Erantzun horiekin eztabaida gure blogera ekartzea nahi genuen eta inkestatxo bat antolatu dugu zuen iritzia jasotzeko asmotan.

Zuen iritziak entzuteko irrikitan gaude!

Emakumeen Bira Tropelan izango da

Lehenik eta behin inkestan parte hartu duzuen guztioi erantzunak bidali izana eskertu nahi dizuegu, eta baita iruzkinak bidali dizkiguzuenoi ere. Zuen iritzia jakin nahi genuen eta eman diguzuen erantzuna –373 erantzun– oso positiboki baloratzen dugu.

Inkestaren postean agertzen genuen moduan, iaz emakumezkoen eliteko lasterketak gehitu genituen Tropelan eta bide horri jarraitu nahi diogu. Buruan genuen denboraldi hasieran Emakumeen Bira gure egutegian gehitzea, baina arrazoi teknikoak tarteko, aurreko astera arte ezin izan genuen ziurtatu. Arazo teknikoak gaindituta, denboraldian murgilduta gaudenez, aldaketa hau gauzatu aurretik zuen iritzia jakin nahi genuen. Emaitzak ikusita -postaren amaieran dituzue ikusgai – konfiantza gehiagorekin ekingo diogu aurrera eta dagoeneko Emakumeen Birako kiniela prestatzen ari gara buru belarri, Dauphiné Kriteriuma ahaztu gabe, noski!

Honenbestez, Tropelaren historian lehen aldiz, emakumeen proba batekin soilik antolatutako lehen lehiaketa izango dugu Tropelan: Emakumeen Bira 2013. Eta ondorioz, Euskal Herrian jokatzen diren eliteko 3 lasterketa izango dira aurtengo denboraldian Tropelan: Euskal Herriko Itzulia (apirilean jokatu zena), Emakumeen Bira eta Donostiako Klasikoa.

Kontuan izan Emakumeen Bira, datorren astean, ekainaren 6 eta 9 bitartean jokatuko dela, eta Dauphiné Kriteriumeko azken lau etapekin batera jokatuko dela.

Zuek eskatu bezala, gure aldetik, bai blogaren bidez eta baita podcasten bidez ere ahalik eta informazio gehien ematen saiatuko gara.

Eskerrik asko zuen babesagatik eta zorterik onena opa dizuegu guztioi. Jarraitu txirrindularitzaz gozatzen!

Birak Tropelan behar luke [Inkesta]

Iaz dagoeneko emakumezkoen lasterketak lehiatu genituen Tropelan. Aurten ere denboraldiari bide beretik ekin diogu eta Ardenetako Hirukotean emakumezkoen Fleche Wallone lasterketa gure lehiaketako parte izan zen.

Ekainaren hasieran jokatuko da emakumeen egutegiko lasterketa garrantzitsuenetako bat: Emakumeen Bira. Begiratzea besterik ez dago azken bi urtetako garaileak zein izan diren horretaz jabetzeko: Arndt (2012) eta Vos (2011).

Lasterketa hau emakumezkoen nazioarteko egutegian duen garrantziagatik eta bertako lasterketa bat delako, gure ustez Tropelaren egutegian gehitu beharrekoa da.

Hala eta guztiz ere, denboraldia abian dugunez, egutegia moldatu aurretik zuen iritzia jakin nahiko genuke behin gurea argi utzita. Horretarako inkesta hau gehitu dugu. Zein da zuen iritzia?

Milano-Sanremo Tropelan jarraitzeko prest?

Orain egun batzuk aurreratu genizuen moduan, larunbat honetan jokatuko da Milano-Sanremo klasiko garrantzitsua. Tropelak lehen aldiz streaming bidez zuzenean egingo dio jarraipena eta guztiok gonbidatzen zaituztegu lasterketa gurekin jarraitzera.

Tropelak kiniela egiten ez badu ere, zuen artean galdeketatxo bat prestatzea pentsatu dugu zuen ustez aurtengo garailea zein izan daitekeen galdetzeko. Zuen iritzia jakin nahi dugu asko balio baitu!

Larunbatean galdeketa honetaz ere hitz egingo dugu gure irratsaio berezian. Irratsaioa entzun ahal izateko aurreko batean emandako azalpenak jarraitzea nahikoa izango duzue.

Irratsaioan zehar, berriz, gurekin harremanetan jarri ahal izango zarete bai Twitter (#tropela, #MSR edota @tropela) , Facebook (gure horman) edota Skype bidez (“tropela.elkartea” erabiltzailea aurkitu eta deitu). Gustura jasoko ditugu zuen galdera eta iritziak.

Gu jada larunbaterako prest gaude eta zuek ere hala izatea espero dugu!

10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en

Orain astebete inguru jarri genuen 2012rako lehiaketen inguruko galdeketa. Bertan, aurten olinpiar jokoak jokatuko direnez, Londreseko Olinpiar Jokoak ere lehiaketen artean sartzeko aukeraz galdetzen genizuen. Baina ez hori bakarrik, izan ere Olinpiar jokoak direla eta, Donostiako Klasikoa atzeratu egin dute egutegian eta horrek Vuelta eta bien artean 4 eguneko tartea besterik ez digu uzten. Ondorioz zalantza sortu zitzaigun eta egokiena zuei galdetzea zela iruditu zitzaigun. Continue reading “10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en”