Cycling Party, Euskal Herrian jaiotako txirrindularitza mahai-jokoa

Cycling Party

Erasoak, sprintak, mendateak eta abar luze bat, eta azken batean, txirrindularitza estrategia bere osotasunean. “Txirrindularitza mahai-jokorik errealena”, horixe da Cycling Party proiektuaren aurkezpen txartela. Bi gasteiztarrek sortutako jokoa da, atzetik sormen lan-handia bildu duena, hobekuntza urte askoren ondoren. Orain ia hilabete martxan jarri zuten crowfunding kanpaina erabat arrakastatsua izan da (norbaitek ale bat eskuratu nahiko balu oraindik garaiz legoke), eta horrenbestez, garai batean lagunarteko etxeko jokua izandakoak argia ikusi ahal izango du azkenik.

Diego eta Leandro dira istorio polit honen erantzuleak. Cycling Party-ren xehetasunak hobeto ezagutu asmoz, Leandrorekin egon gara solasean.

– Cycling Party-ren webguneari erreparatuz gero, oso landutako mahai-joko baten aurrean gaudela ikus daiteke. Zeintzuk izan dira gaur egungo puntu honetara iristeko eman dituzuen urratsak?

Jokuak atzetik historia luzea dauka, bai. Orain dela urte asko hasi zen dena; Diegok bere oporraldietan familiarekin jolasten zuen txapa-joko klasikoan oinarrituriko joko berri batean. Taula handi baten gainean jolasten zuten, pezetak erabiliz. Oinarri hura harturik, pixkanaka hobekuntzak ezarri zitzaizkion jokoari. Nabariena sailkapenak kudeatu ahal izateko garatutako softwarea da, baina Cycling Party-ren eskuliburua 10 urte baino gehiagoko garapen-lanaren ondorioa da, jokoaren bertsio bakoitzari bere erakargarritasuna eman zaiolarik. Jokoaren bertuteetako bat, hain zuzen, junior bertsioan barneratutako ezagutzak senior bertsioan erabilgarriak izatea da, eta era berean azken honetan ikasitakoa master bertsioan baliagarri izatea.

– Jokuak estrategia dosi maila interesgarria izatearen itxura dauka, txirrindularitza lehiaketekin erlazio zuzena daukana. Nola jolasten da Cycling Party-n? Zenbat lagunek joka dezaten dago pentsaturik? Zenbateko luzera du partida bakar batek? Eta zer motatako lasterketak joka daitezke (egun bakarrekoak, etapakako lasterketa, etab.)?

Cycling Party errepide txirrindularitzaren ezaugarri onenak estrategia jokuen ezaugarriekin uztartzen dituen mahai jokoa da. Norberak bere taldea zuzendu eta kudeatzeko aukera eskaintzen du, lasterketan eraman beharreko estrategia aukeratuz, lasterketan bertan ematen diren egoera ezberdinak aintzat harturik.

Jokalari kopurua 2 eta 6 artekoa izan daiteke, eta partidaren iraupena ordu bete ingurukoa da, nahiz eta, errealitatean bezalaxe, etaparen araberakoa den. Errealitate horretan ematen diren egoerak taula gainean ahalik eta hobekien isladatzen saiatu gara jokuak aurkezten dituen arauekin.

Lasterketa motei dagokionez, 3 modalitate ditu jokoak: junior bertsioa, senior bertsioa, eta master bertsioa. Junior partida batean lasterketaren egoerarik oinarrizkoenak ezagutu daitezke: tropelak, bakarrik ihes egitea, mendateak igotzea, etab. Bertsio honetan sprinterraren rola sartu dugu. Senior bertsioan txirrindulariaren rol ezberdinak kudeatu behar dira: eskalatzailea, errodadoreak, morroiak, etab. Klasikoak emulatzeko bertsiorik egokiena hau da. Azkenik, master bertsioa da ezaugarriz osatuena, eta era berean erakargarriena. Jokoaren softwareak lagundurik, etapakako itzuli bat sor daiteke, halakoetan topa daitezkeen bereizgarriekin, eta bere sailkapenekin: etapa garaileak, azken sailkapenekoa, mendia, erregulartasuna, taldekakoa, etab.

caratula

– Esandakoak esanda, interesa piz dezakeen jokua denik ezin da ukatu. Zentzu horretan, gabon opari polita izan daiteke Cycling Party. Nola eros dezakegu ale bat?

Jokua momentu honetantxe bertan dago ekoizpen fasean. Azaro amaierarako prest egongo da, eta lortzeko hainbat bide egongo dira: orain martxan daukagun crowfunding kanpainaren bitartez aurrenekoa. Bigarrena, txirrindularitza zale izaki Azaroaren azkeneko asteburuan bisitatuko dugun BIBE azokan (bertan jokua frogatzeko aukera izango da, hortaz hara gerturatu zaitezten gonbidapena luzatzen dizuegu guztioi). Urtarrileko aurreneko asteburuan, bestalde, Araba Encounterren egongo da eskuragarri (bertan hitzaldi bat emango dugu, eta Cycling Party frogatzeko aukera ere izango da). Gure webgunearen bitartez ere salgai jarriko dugu, oraindik ez badago ere. Azkenik, hainbat dendarekin akordioak ixten ari gara. Oraingoz Bilbon, Cadizen eta Valentzian egongo dela ziurtatu ahal izan dugu.

– Crowfunding-aren kontua aipatu duzula, bertan, lortutako behin-behineko arrakastaz gain, jokuak hazkunde ahalmena daukala erakutsi duzue, jokuari berari gehigarri txikiak sartzen joan baitzarete. Jokuak ongi funtzionatuko lukeeneko kasuan, bertsio berriak sortzeko aukera baloratzen al duzue, bere hobekuntza edo gehigarriekin (harbide zatiak sartzea, kasu)? Hala balitz, aurreneko bertsioaren erosleak azkeneko aldaketa horiek gozatzeko modua izango al luke?

Ideia asko darabilgu esku artean, jokuak garapenerako aukerak ematen baititu, eta jakina, harbidea eta erlojupeko probak sartzea buruan daukagu. Etorkizunean, gauzak ongi badihoaz, bi modalitate hauek jokuan izango dira. Erosleen galderari dagokionez, nola ez ba, aurreneko erosle horiek aldaketa berriak erosi ahalko lituzkete. Guretzako aurreneko “bezero” hauek bereziak dira hasieratik erakutsitako konfiantzagatik, eta halaxe jokatuko dugu eurekin.

– Mahai-jokoek izan dezaketen arazo bat (bideojokoek ez daukatena), jolastu ahal izateko jende gehiagoren beharra da. Berez ezaugarri positibotzat har badaiteke ere, kasu batzuetan oztopo bihur daiteke. Ba al daukazue zerbait pentsaturik horretarako? Ikusiko al ditugu sekula Cycling Party lehiaketa irekiak?

Mahai-jokoek, eta are gehiago Cycling Party-k, osagarri sozial handia daukate. Lagun koadrila batek diseinatua izan da, ordu piloa pasa dugu jolasten gure egurrezko taulen gainean, eta horrenbestez, jokuak eskaintzen duen erakargarritasunik handienetakoa dela uste dugu. Dena den, hein batean “gabezia” hori ekidin ahal izateko hainbat osagai teknologiko sartu ditugu proiektuan, junior bertsioan nola jolastu irakasten duen bideojokoa kasu, bakarrik ere Cycling Party-z gozatu ahalko delarik. Bideojoko hau gainera astebetean Android eta iOS plataformentzako eskuragarri izango da, crowfunding kanpainian erdietsitako helburuetako bat izan baita.

Lehiaketa irekien kontuari dagokionez, jendeak jokua gustoko izan duenaren seinale litzateke, hortaz gustatuko litzaiguke, noski.

– Amaitzeko, Tropelaren aldetik nahitaez egin beharreko galdera bat. Jokoa une honetan ingelesez eta gazteleraz dago garatuta. Euskaraz ale batzuk argitaratzea pentsaturik al daukazue?

Esan bezala jokoak osagai sozial handia dauka, eta horrenbestez euskaraz arazo barik joka daiteke. Zoritxarrez muga ekonomikoa hor dago. Bai webgunea zein arau-orria gazteleraz eta ingelesez daude bi arrazoi direla eta: batetik eta nagusiki, aipatutako muga ekonomikoagatik (hizkuntza berri batean ekoizteak ia 4000 euroko kostua dauka), eta bestetik, jokoa mundu mailan zabaldu dugun heinean, gehien erabilitako hizkuntzak direlako. Etorkizunari begira burutzea pentsaturik daukagu, baina esan bezala, diru kontuek baldintzatuko duten zerbait da. Hori bai, webgunea eleaniztun plataforman dago garatua, eta hortaz nahi beste hizkuntza gehi dakizkioke, hor bai ez dagoela mugarik.

Irudiak: Cycling Party