Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

#530 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 21. etapa

Roglicek (TJV) nagusitasun handiz eskuratu du 2021eko Vuelta

Espero bezala, gaurkoan etapa garaipena eta horrenbestez 2021eko Vuelta Roglicek (TVJ) eraman ditu. Beste behin etapa garaipena kendu dio eslovakiarrak Corti (EFN) gaur bigarren denborarik onena lortu duen txirrindulari eta Vueltako protagonistetako bati. Horrenbestez, Roglicek beste Vuelta bat poltsikoratu du Mas (MOV) eta Haigen (TBV) aurretik. Ineoseko lehena Yates (IGD) izan da eta podiumeko atarian geratu da ez baita gauza izan Haigekiko zuen minutuko atzerapena berreskuratzeko gaurko saioan. Gazterik onena Mäder (TBV) izan da, mendiko saria Storerrek (DSM) eraman du eta erregulartasunarena Jakobsenek (DQT). Taldekakoan, errepidean erakutsi moduan, Bahrainek eraman du. Euskaldunik onena Ion Izagirre (APT) izan da.

Gaurko etapak emandakoak eta Tropelan jasotako puntuei errepasoa ematen die Egoitz Lizasok (@elizaso) Vuelta honetako azken podcast honetan.

Podcastera harpidetu

#529 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 20. etapa

Champoussinek (ACT) etapa garaipena lortu du saio ikusgarri batean

Espero bezala ihesaldia osatu da, batez ere DSMek mendiko maillota ziurtatu nahi zuelako. Azkenean Storer-ek (DSM) irabaziko du edizio honetan. Ihesaldi horretan bertan zen gaurko etapa garailean, Champoussin (ACT). Hala ere meritu handiko garaipena frantziarrak lortu duena, izan ere faboritoen tropeltxoa lasterketa buruan zela atzetik aurrera egin azken bi kilometroetan eta garaipena lortu du. Sailkapen nagusian aldaketarik aipagarriena Miguel Angel Lopezek (MOV), etapa garaipena lortuta eta podium postuetan zela, faboritoen tropeltxotik moztuta geratu eta denbora asko galtzen ari zela ikusita, lasterketa uztea erabaki du. Zeresan handia emango du oraindik ere bere erabakiak. Haig (TBV) da orain podium postuetan eta bihar lehia ikus dezakegu Yates (IGD) eta bere artean. Maillot zuriak ere jabe berria du Bernal (IGD) Lopezen taldean baitzen eta Mäder (TJV) faboritoekin, denbora tarte nahikoarekin zuria eskuratzeko. Lider sendo, aldiz, Roglicek (TJV) jarraitzen du, gainera biharko erlojupeko faborito delarik.

Gaurko etapak emandakoak eta biharkoak etapak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Egoitz Lizasok (@elizaso).

Podcastera harpidetu

#524 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 15. etapa

Majkak (UAD) irabazi du atseden aurreko mendiko etapa

Majkak (UAD) lortu du 15. etapa poltsikoratzea, Carusok (TBV) 9. etapan lortu zuenaren antzera. Zerbait gehiago espero zen faboritoen artean, baina erasoa jotzen bakarra Adam Yates (IGD) izan da, 15 segundo soilik urratzera iritsiz. Ondorioz, Eikingek (IWG) jarraitzen du gorriz.

Atzoko etapak emandakoak eta biharkoak etapak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Egoitz Lizasok (@elizaso).

Podcastera harpidetu

#518 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 9. etapa

Carusok (TBV) erakustaldia emanda lortu du etapa garaipena

Ihesaldiak bide eginda, erakustaldia eman du Carusok (TBV), aurtengo Giroan podiumean izan den txirrindulari italiarrak. 70kmren faltan ihesaldiko kideei erasoa jo eta helmugaraino, sailkapen nagusiko oilarren erritmoa nahikoa izan gabe, etapa garaipena lortzeko. Gainera mendiko sailkapenean ere lider jarri da. Aipatzeko ihesaldi berean Julen Amezketa (CJR) izan dela. Sailkapen nagusiari dagokionez, Roglic (TJV) eta Mas (MOV) izan dira indartsuenak. Hautagai Nagusiko gainontzekoei dagokionez, Adam Yates (IGD) izan da Ineoseko onena gaurkoa eta Bernalek (IGD) ahuleziak erakutsi ditu. Carapaz (IGD) atzerago sailkatu da, baina guztietan okerren Mikel Landa (TBV) izan da. Murgiakoa portuaren hasieran erritmoa jarraitu ezinik lasterketa irabazteko lehiaz kanpo geratu da.

Gaurko etapak emandakoak eta etzikoak etapak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Egoitz Lizasok (@elizaso).

Podcastera harpidetu