#562 Tropela.eus podcastak: 2023ko Lombardia

Larunbat honetan jokatuko da denboraldi honetako azken Tropelako lasterketa: Lombardia. Denbora pasa bada ere aurreko lehiaketatik, ezin utzi alboan monumentu handi hau! Gainera bertan Evenepoel (SOQ), Pogaçar (UAD) eta Roglič (TJV) lehian izatea espero da.

Podcast honetan Imanol Llucia (@imanolllucia) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira kinielari errepaso bat emateko. Ea ba gustuko duzuen!

Podcastera harpidetu

#561 Tropela.eus podcastak: 2023ko Espainiako Vuelta

Larunbat honetan abiatuko da 2023ko Espainiako Vuelta Bartzelonan jokatuko den taldekako erlojuaren kontrako saioarekin. Aurtengo Vuelta irabazeko faborito nagusiak hiru dira: Evenepoel (SOQ), Roglic (TJV) eta Vingegaard (TJV).

Podcast honetan Imanol Llucia (@imanolllucia), Lander Garro (@landergarro) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira kinielari errepaso bat emateko. Ea ba gustuko duzuen!

Emaitza denek zekiten

Izan behar zuen eta izan da. Denek zekiten, baina ezin izan dute eragotzi. Esaten da txirrindularitza kirol taktikoa dela, taldeka lehiatzen dela, eta ezin dela edozein modutara jokatu. Indarrak gorde behar direla, poker partida batean kartak ezkutatzen diren bezala. Baina teoria guzti horiek soberan daude Remco Evenepoelentzat. Hirugarrenez gailendu da Donostiako Klasikoan, eta badirudi inork ezingo duela sekula garaitu, hain da bere neurrira egindako lasterketa: itoa, maldatsua, tranpaz betea, indarrak gutxika eta errukirik gabe lapurtzen dizkizuna. Jaizkibelgo labarrak lehenik, Erlaitzeko hormak ondoren, eta Murgileko bi pasadak azkenik, ahalegina agonia bilakatzen denerako. Galde diezaietela Alexandr Vlasovi eta Pello Bilbaori nolako labea izan daitekeen Murgil, baldin eta Evenepoelen gurpila jarraitzen tematzen bazara: suak gutxika erretzen du, baina gora eta gora doa tenperatura, kiskaltzen zaituen arte. Kontuz: Pello Bilbaok eustea lortu zuen, baina zein preziotan! Bulebarreko helmugan ahate errea nola, hala irentsi zuen Belgikarrak Gernikarra.

Euritsu esnatu zen eguna igandean, eta partaidetza oparoa zeukan probak, World Tour mailako saio bati dagokionez: hortxe zeuden Tourretik etorritako zaldiak, denak zainetan, forma-forman: Skjelmose, Powless, Gall, Benoot, Mikel Landa, Martin, Uran, Mollema, Alaphilippe… eta, haiekin batera, denboraldi amaiera prestatzen ari diren beste karrerista handi batzuk ere: Bardet, Ayuso, Healy edota Buitrago. Baina, esan ditzagun gauzak diren bezala, Enenepoel ataka zail batean ipintzeko gai diren ziklista gutxietakoak falta ziren: Roglic, Pogaçar edo Van Aert. Ez zeuden, ezta ere, Yates anaiak, Donostiako Klasiko oso onak egin izan dituzten bi txirrindulari bertutetsuak. Gauzak honela, Evenepoel faborito oso argia zen, hain argia ezen beste guztiek konpartsa lan zikina egiteari men egin behar izan baitzioten. Ez gara esaten ari ziklista kaxkarrak direnik, esaten ari gara, sinpleki, lurtarrak direla.

Ziklismo berri bat ikusten ohitu gaituzte Evenepoelek eta bere garaiko beste ziklista martetar guztiek: lehen nolabaiteko tiki-taka zegoen lasterketetan, orain zuk erasotzen duzu, gero neuk, ondoren beste hark. Fenomeno hauekin, ordea, elkarrizketa bakarrizketa bilakatzen da. Ez dago erreplikarik. Jazzaren garai onenetako solisten pare, saxoa atera eta ez dute beste inor behar ondoan. Charlie Parkerren soloak nola, halakoak dira haien balentriak, eskalan gora eta behera batzuk, maldan gora eta behera beste batzuk. Putz eta putz egiten dute, pedalkada bakoitza mailukada bat da, eta beste denak ikusleen artean urtzen dira, ikuskizunean, zinez, soberan baleude bezala. Denboraldiko 9. garaipena lortu du Enevepoelek Klasikoan, bere karrerako 43.a. 23 urte ditu mutilak. Unibertsitateko adinean dago, baina doktoretza amaitu du dagoeneko, eta master oro txiki uzten du. Munduko txapelketa jokatuko du orain, Espainiako Itzulia ondoren. Prestatu krispetak, ikuskizuna erruz izango da eta.

#560 Tropela.eus podcastak: 2023ko Frantziako Tourra

Bilbo zain da aurtengo Frantziako Tour honi ekiteko! Guk ezin hutsik egin eta hemen duzue gure podcastik onena Tour berezi honetako kinielaz aritzeko.

7 euskal txirrindulari izango dira ondo bidean tropel nagusian: Mikel Landa (TBV), Pello Bilbao (TBV), Alex Aranburu (MOV), Gorka Izagirre (MOV), Jonathan Castroviejo (IGD), Omar Fraile (IGD) eta Ion Izagirre (COF).

Podcast honetan Iban Perez (@piban), Lander Garro (@landergarro) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira kinielari errepaso bat emateko. Ea ba gustuko duzuen!

#559 Tropela.eus podcastak: 2023ko Italiako Giroa

Badator denboraldiko lehen itzuli handia: 2023ko Italiako Giroa! Denboraldiko lehen hiru asteko lasterketa izanda, ezin podcastik grabatu gabe geratu!

Podcast honetan Eneko Garate (@egarate), Lander Garro (@landergarro) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) bildu dira kinielari errepaso bat emateko. Ea ba gustuko duzuen!