Guda ireki eta zikina Bielesen

Amaitzear da 2016-2017 ziklokros denboraldia. Iritsi da urteko azken zita garrantzitsua eta asteburu honetan jakingo dugu nor diren munduko txapeldunak. Aurtengoan Luxenburgoko Bieles herrixkan ospatuko da munduko txapelketa, eta dirudienez, elurturiko zirkuitu azkar eta tekniko batean. Beheko irudietan ikus daiteke zirkuitua.

Elurrarekin ala elurrik gabe, ikuskizuna eta emozioa ziurtatuak egon ohi dira urtero munduko txapelketetan. Atzo ostiraleko entrenamendu ofizialen ondoren, gaur larunbatez eta bihar igandez izango dugu lehia. Gaur juniorrak eta emakumezkoak, elite zein 23 urtez azpikoak, igandean elite zein 23 urtez azpiko gizonezkoak. Programa osoa eta ordutegiak hemen irakur ditzakezue. Eta zuzenean jarraitzeko, ez ahaztu UCIren Youtube kanalak zuzenean ematen dituela proba guztiak.

Continue reading “Guda ireki eta zikina Bielesen”

Tropelako lehiaketak 2017an

2017ko lehiaketak Tropelan

 

Hitz eman genizuen moduan, 2017ko denboraldian Tropelan izango dugun egutegia publiko egiteko ordua iritsia da!

Aurtengoan 23 lehiaketa izango dira martxoa hasieratik abiatu eta urrira bitartean. Ohi bezala Paris-Niza lasterketarekin hasiko gara eta amaiera Lombardiak emango dio aurtengo denboraldiari.

Lehiaketa berriak eta moldaketa bat izango dira aurtengo berrikuntzak. Egin genuen galdeketa kontutan hartuta – ezin ahaztu ia 700 erantzun jaso genituela! -, Romandia (apirilean) eta Eneco Tour (abuztuan) gehitu ditugu.

Emakumezkoei dagokionez Ardenetako Hirukoa izango dugu aurtengoan gizonezkoenarekin batera. Hau da, emakumezkoen Ardenetako Hirukoa eta gizonezkoena. Gizonezkoen formatua orain arte izan den bezala izango da, hau da, kiniela batekin Amstel Gold Race, Fleche Wallone eta Lieja-Bastogne-Lieja lehiatuko ditugu. Aurten emakumezkoen klasikoak ere izango direnez, berdin izango da emakumezkoen lehiaketa, kiniela bat hiru klasikoetarako.

Egutegiari dagokionez aipatu aurtengoan Emakumeen Bira maiatzean jokatuko dela – iaz apirilean izan zen.

Espero dugu aurtengorako prestatu dugun denboraldiaren egutegia gustukoa izatea nahiz eta galdeketan denetariko erantzunak jaso ditugun. Uste dugu egutegi hau neurrikoa dela eta guztion gustukoa izateko modukoa.

Edonolako iruzkin edo aipamenik baduzue, gehitu post honen ondoren. Izan ere gustura hartzen ditugu zuen iritziak eta orain arte moduan egin bezala etorkizuneko erabakietan ere kontutan hartuko ditugu.

Eskerrik asko guztioi eta ea denboraldi borobil batez gozatzeko aukera dugu Tropelaren 13. denboraldi honetan!

Kublerren bisita Euskal Herrira

Kubler

Tropelzaleei txirrindulari suitzarrei buruz galdetuz gero, Cancellara esango zenukete gehienok. Batzuek, ordea, ilea urdintzen hasi zaigunok, Zuelle eta Rominger ere aitatuko genituzke, akaso. Ziurrenik inork ez luke Kublerren izena mahai gainean jarriko. Urteko azken egunotako egunkarietan, jai kutsuko albisteen artean, hara non Kubler txirrindulari suitzarra hil berri dela jakin dugu. XX.mendearen erdialdean lehiatu zen Kubler, eta besteak beste Tourra 1950ean eta Munduko Txapelketa, 1951ean, irabazi zituen. Bazen nor.

Han eta hemengo kronikek gogora ekarri dute Kublerren goitizena: Le fou pédalant (txirrindulari eroa), xelebrekeria bat baino gehiago egin zuelako bizikleta gainean. Beharbada inongo kronikak ez dio erreparatu Kubler Euskal Herrian ere lehiatu zela. Izan ere, 1949ko Tourrak Euskal Herrian sartu-irtena egin zuen. Continue reading “Kublerren bisita Euskal Herrira”

Laster emango dugu ezagutzera 2017ko lasterketen egutegia

Ikusiko zenuten moduan, galdeketa bat jarri genuen martxan 2017ko denboraldiko lasterketen egutegia zehazteko zuen iritzia galdetuz. Lau galderez osatutako galdeketa izan da eta zuen erantzun bikainarekin pozik gaude, izan ere ia 700 lagunek erantzun baituzue. Eskerrik asko!

Orain galdeketaren emaitzak aztertzeko tartea hartuko dugu eta laster emango ditugu ezagutzera bai aurtengo lasterketen egutegia eta baita galdeketaren inguruko analisia, izan ere erantzun interesgarri batzuk jaso baititugu.

Adi, beraz, hurrengo egunei 2017ko Tropelaren egutegia plazaratuko baitugu!