Tropela 2012 denboraldia: aldaketak

Paris-Niza lehiaketarekin Tropelaren 8. denboraldiari ekingo diogu. Denboraldi berri honetan zenbait aldaketa egingo ditugu eta ondorengo berri honetan azaldu nahi dizkizuegu.

1. Saririk ez

Aurtengo denboraldian, Tropela.net sortu genuenetik lehen aldiz, saririk ez dela izango jakinarazten dizuegu. Erabaki hau hartzearen arrazoiak bi izan dira: alde batetik, iaz zenbait erabiltzailerekin izan genuen eztabaida eta bestetik, sariak lortzeko ditugun zailtasunak. Hori guztia kontuan izanda, eta barne eztabaidaren ondoren, 2012ko denboraldian saririk ez dela izango jakinarazi nahi dizuegu. Espero dugu erabakia ulertu eta onartuko duzuela.

2. Arauak eguneratu ditugu

Tropela.net-en parte hartzeko arauak eguneratu ditugu. Aldaketa berezirik ez dugu egin, aldaketa txikiak dira eta helburua araudia argiago jartzea izan da egoera ezberdinetan zalantzarik egon ez dadin.

Araudi berriaren inguruan zalantza edo komentariorik baduzue jarri iruzkinen bat eta argituko dizuegu.

3. Londreseko Olinpiar Jokoak

Orain arte 9 lehiaketa jokatu ditugu azken denboraldietan. Aurtengoan Londresen Olinpiar Jokoak jokatzen direnez, zuei galdera egin ostean, lehiaketa berri bat gehitzea erabaki genuen. Beraz, ondo bidean, 10 lehiaketa izango ditugu aurtengo denboraldian.

Espero dugu aldaketa hauekin ados izango zaretela. Gure asmoa txirrindularitzaz gozatzen jarraitzea izango da eta aldaketa hauekin ere hala jarraituko dugulakoan gaude. Zorte on guztioi eta gozatu Tropelaren denboraldi berri honetaz!

150.000€ aste honetan, bestela ez Itzuli ezta Klasikoa ere

Gaur informazio zehatzagoa eta zabalagoa argitaratuko du Diario Vascok gai honen inguruan. Oraingoz prentsa digitaletan aurreratu dutenarekin ari naiz idazten artikulu hau, baina ez dut uste askoz informazio gehiagorik irakurriko dudanik.

Sarean begira jardun dut eta harritu nauen lehen gauza transparentzia falta izan da gai honen inguruan. %40 eta %60 portzentajeak dantzan dabiltza artikulu ezberdinetan, baina ze diru kantitateri dagozkie portzentaje hauek? Iturri askotara jo dut, baita Euskal Herriko Itzuliko webgune ofizialera ere, baina ezin erantzun garbirik aurkitu. Transparentzia falta, beraz, gehiegizkoa antzeman dut.

Irakurri dudanaren arabera, Euskal Herriko Itzulia eta Donostiako Klasikoa antolatzearen aurrekontu osoa 1.050.000€ ingurukoa da (honatx iturria) 1.475.000€ da: 1.050.00€ Itzulia eta 425.000 Klasikoa (DVren atzoko artikuluan argitua). Ez dakigu zenbat den lasterketa bakoitzari dagokiona, ordea. Webgune ofizialetatik diru kontuen inguruan ikusi ditudan datu bakarrak sarietan zenbat gastatu den izan da: 2011ko Donostiako Klasikoan 41.650€ eta 2009ko Euskal Herriko Itzulian 93.750€ (2010 eta 2011koak ez dira agertzen eta horren arrazoia ez dakit zein den).

Continue reading “150.000€ aste honetan, bestela ez Itzuli ezta Klasikoa ere”

Iraganeko mamuak

Contadorren auziak 2007ko Tourra ekarri dit gogora bat-batean. Gogora dezagun zer gertatu zen urte hartako Tourrean. Lurrikara izan zen proba bukatu baino egun batzuk lehenago, Rasmussen liderra kaleratu zutelako; itzulia bukatuta Iban Mayo ere zigortu zuten. Lasterketa benetan ikusgarria ikusiko genuela ematen zuen; faborito argirik ez eta hautagai asko. Ezin ahaztu aurreko urtekoa Pereirok irabazi zuela ustekabean, Landisi, positibo emateagatik, maillot horia kendu baitzioten. Alpeetako lehen etapa handiak, Tignesen bukatu zenak, erakutsi zuen oso Tour interesgarria eta irekia ikusiko genuela; Rasmussenek azken bururaino eraman zuen ihesaldi luzea eta etapa eskuratzeaz gain, maillot horia jantzi zuen. Iban Mayo bigarren sailkatu zen eta Contador gaztea ez zen aparte ibili. Continue reading “Iraganeko mamuak”

#53 Tropela.net podcastak: Contador auziaren epaia

Eneko Garate (@egarate), Axier Sukia (@sukigalp) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) Contador auziaren inguruko epaiaz aritu dira podcast berri honetan. Dakizuen bezala astelehenean egin zen publiko zigorra eta atzo prentsaren aurrean agertu zen Contador Riis aldamenean zuela.

Prozesua denbora luzez luzatu da azken epaia jakin den arte. Alegaziorik ezean, abuztuaren 6an itzul daiteke lehiaketara Contador. Errudun epaitzen bazuten txirrindularitza uzteko aukeraren berri ere eman zuen, baina prentsaren aurrean argi utzi du ez duela utziko.

Gaiak iritzi asko sortu ditu. Justua izan al da epaia? Errugabea al da? Zertan oinarritu dira zigortzeko? Hauek eta galdera gehiago podcastean.

Aurreko podcastak hemen dituzu.

10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en

Orain astebete inguru jarri genuen 2012rako lehiaketen inguruko galdeketa. Bertan, aurten olinpiar jokoak jokatuko direnez, Londreseko Olinpiar Jokoak ere lehiaketen artean sartzeko aukeraz galdetzen genizuen. Baina ez hori bakarrik, izan ere Olinpiar jokoak direla eta, Donostiako Klasikoa atzeratu egin dute egutegian eta horrek Vuelta eta bien artean 4 eguneko tartea besterik ez digu uzten. Ondorioz zalantza sortu zitzaigun eta egokiena zuei galdetzea zela iruditu zitzaigun. Continue reading “10 lehiaketa izango dira 2012an Tropela.net-en”