2010ari errepasoa (VI): Harbideetako Errege Berria

Paris-Roubaix lasterketari iparraldeko infernua deitzen zaio. Boonenentzat hala izango da behintzat aurtengoan. Ez Cancellararentzat. 7 egun lehenago Flandriako Itzulian gertatutakoa ikusi eta gero, bi gizon hauen arteko lehia ikusteko prestatuta geunden denok berriro ere. Flandriarra, errebantxa gosez, suitzarra ongi zaintzeko asmoarekin irten zen, baina indarrez ez ezik, taktika aldetik ere antzu xamar ibili zen.

roubaix_arenberg1

Helmugarako 50Km falta zirenean, lasterketa guztiz hautsita zetorren, harbideetako sekzio bakoitzak tropela gero eta txirrindulari gutxiagoz uzten baitzuen.

20 bat laguneko tropeltxoa aurrean, faborito guztiak tartean. Hiru laguneko erasoaldia izan zen: Hinault, Leukemans eta Hoste, guztiak ere gizon indartsuak. Atzean erlaxapen momentua, zerbait jateko parada zenbaitentzat Boonen tarteko eta bat-batean 3 laguneko mugimendura Cancellara irten zen (bideoko 2:00 minutua). Beste faboritorik ez zela mugitzen ikusirik honek motorra piztu eta aurrera.

Suitzarrak ez zuen gehiago atzera begiratu. Aurreko hirurak harrapatu eta pasa egin zituen, Leukemansek bakarrik segi zion 500 metrotan edo (ikusi bideoko 7:00 minutua merezi du eta).

Atzean berriz, guztiak Booneni begira, azken bi urtetako garailea (iadanik 3 ditu) eta Flandriako itzuliko galtzaile nagusia. Flandriarrak tira egin behar izan zuen, bere nortasunari helduaz. Baina iadanik beranduegi zen. Cancellararekiko denbora tartea gero eta handiagoa zen, bai harbidean eta baita harbideetakoak ez ziren sekzioetan ere. Denok dakigu bakarkako lanean ez duela parekorik.

Lasterketaren hondarrean, Boonenen lanaz aprobetxatuz, arbetako azken sekzioan Hushovdek (bigarren azkenean) eta Flechak (hirugarren) aurrera egin zuten eta podiumean lagundu zioten suitzarrari.

roubaix

“Spartacus”-en bigarren Paris-Roubaix-a eta urteko bigarren monumentua.

Aurten Liège-Bastogne-Liègen bila omen doa (gogoratu Milano-San Remo ere baduela poltsikoan), eta Euskal Herriko itzulian prestaketa egingo duela esan du. Itzela izango daiteke…

2010ari errepasoa (V): Flandriako Erreinuan Suitzarra Garaile

Udaberriko egun bakarreko proba guztietan bi nabarmentzen dira denen gainetik: Apirileko lehen bi astetan izaten diren Flandriako Itzulia eta Paris-Roubaix, biak ere txirrindularitzako bost monumentuetakoak.

cancellara_finalHarbideetan barrena kilometro ugari egin behar izaten dituzte txirrindulariek eta gainontzeko probetan ikusi ohi ez ditugun imajinak ikusteko parada izaten da. Aurtengoan bi gizonen arteko lehia estua espero zen aurreko probetan (E3-Prijs Harelbeke, Omloop Het Nieuwblad) ikusitakoaren arabera, eta halaxe izan zen gainera azkenean: Boonen flandriarraz eta Cancellara suitzarraz ari naiz.

Hurrengo bi postetan saiatuko gara bi lasterketak laburbiltzen.

Lehenari begira, harbideez osatutako paretengatik da ezaguna Flandriako Itzulia. Txirrindulari indartsuen erreinua da hura, aldapa tente baina motzak non hanketako indarrak bakoitza bere lekuan jartzen duen. Flandriako erreinuak etxeko mutila ikusi nahi zuen gailentzen, Boonen, baina ez zen dena nahi bezala suertatu.

Molenbergeko maldan gora, bere taldekide Breschelen zulatu baten ostean, Cancellarak aurrera jo zuen indartsu eta tropela guztiz hautsi zen. Boonen bakarrik izan zen jarraitzeko gai. Atzetik koska bat beherago, Gilbert, LeukemansFlecha eta gainontzekoak.

Omega-Pharma Lotto eta Vacansoleil taldeak saiatu ziren arren, aurreko bikoteko suitzarrak berak bakar bakarrik ez zuen abantaila bertan behera erortzen utzi, izan ere flandriarrak ez zion asko lagundu Devolder taldekidearen aitzakian.

Leberg eta Berendrieseko maldak batera pasa zituzten, bi gizonik indartsuenak zirela erakutsiz. 15Km faltan, flandriarrez jositako Kapelmuur ospetsuan gora, Cancellarak 5. martxa sartu eta atzean utzi zuen Boonen, %19ko portzentajeko maldak eserlekutik altxa ere egin gabe. Indar erakustaldi itzela.

Handik aurrera erlojupeko bikaina suitzarrarena. Bere herrialdeko bandera eskuan zuela iritsi zen helmugara, bere hirugarren monumentua zen.

Lehen asaltoa, beraz, Cancellararentzat.

2010ari errepasoa (IV): Freirek Classicissima hirugarren aldiz

MilanoSanremo2010_hirukoaTxirrindularitzako 5 monumentutako lehena da Milanotik hasi eta Sanremon bukatzen den udaberriko egun bateko proba garrantzitsu hau. Ia 300 km-tako ibilbidea, eta bukaeran batik bat, oso gorabeheratsua, Cipressa eta Poggio-ko mendatetxoak helmugatik oso gertu dituztelarik. Sprint-ean bukatzeko traza haundiak dituen lasterketa, baina bi mendatetxo horietan tropel aurrean ezinbestean egon beharrekoa.

Freirerentzat proba aproposa dirudi, ezta? Ba baietzkoa esan beharko, hirugarren aldiz Italiako egun bateko probarik garrantzitsuena (Lonbardiako Giroaren baimenarekin) poltsikoratu bait zuen Martxo aldera.

Aurtengo lasterketan buru belarri sartuaz, esan beharko hastapena ohi bezela ihesaldiez adornatuta izan zela, guztiak ere tropelaren kontrolpean. Poggio-ko mendatetxora iristean, gizonik garrantzitsuenak tropel buruan ikusi zitezkeen: Garzelli, Gilbert, Scarponi… baina baita lasterketa sprint-ean iristeko erreguka zebiltzan gizonak ere: Bennati, Hushovd… eta non zen ba Freire?? Hortxe tropeleko 10-15 postu horretan, erne-erne. Flandiar kazetariak ikusi zutenean irribarre egiten dute (4:10 min gutxi gora behera), zerbait bazekiten bederen…

Rogers-en erasoak tropela luze-luze jarri zuen, eta hortik aurrera guda basatia, bai aldapan gora baina baita aldapan behera ere: Pozzato, Nibali, Cancellara… Tropeleko txirrindulari indartsuenak bakarkako borroka bikainean. Atzera begiratzerk ez zegoen. 3 km faltan Nibaliren eraso bikainari Pozzatok oraindik indartsuago erantzun zion, garapen haundi eta indartsuak ederki mugitzeko gai dela aldarrikatuz.

Bazirudien eraso erabakigarria izan zitekeela, baina Bennatiren garaipen gosea asetu nahi zuen Liquigas taldeak bertan behera bota zuen italiar txapeldunaren ahalegina. Tropela erabat luzatuta, eta gizonik azkarrenak leku ona topatu nahian: Hushovd, Boonen, Petacchi… Baina Bennatiren gurpila nork izango eta Freirek. Azken kilometro t’erdia italiarraren gurpilean egin ostean eroso iritsi zen sprint-era eta hor inor baino azkarragoa izan zen. Ez flandiar ahaltsua (bigarren azkenean), ez italiar zaharra (hirugarren), ez ziren Freireri itzala egiteko ere gai izan.

Eskuak hirugarren aldiz gora beraz Rabobank taldeko txirrindulariak.

MilanSanremo2010_garaipenaEz dira asko marka hau gainditzen dutenak, kasuko Eddy Merckx (7 aldiz) edo eta Erik Zabel (4 aldiz). Nabarmen gelditzen da beraz Torrelavegako txirrindulariaren balentria. Eta are gehiago gaur egungo txirrindularitza kontrolatu honetan ia taldekiderik gabe ibiltzen dela kontutan izanda.

Leire Olaberria, Londresera bidean urrea Polonian

olabarria0Leire Olaberriak handia egin du berriz ere. Polonian jokatu berri duen Europako Pistako Txapelketan gailendu da omnium modalitatean. Sei probek osatzen dute omnium-a: abiadazko itzulia -250 metro erlojuaren kontra-, puntuaketa, kanporaketa, jazarpena, scratch-a eta 500 metro erlojuz kontra. Sharakova bielorrusiarra eta Wojtyra poloniarra sailkatu dira bigarren eta hirugarren, hurrenez hurren

Ikaztegietako txirrindulariak sei urte baino ez daramatza txirrindularitzan –aurretik atletismoan aritu zen-, eta Beijingo Olinpiar Jokoetan brontzezko domina irabazi zuen. Bazirudien goia joa zuela, baina gaur bertan Donostian emandako prentsaurrekoan argi utzi du ilusioz gainezka dagoela datozen erronkei dagokienez eta ez du uste adina -33 urte ditu-traba izango denik.

Eta etortzeke dauden erronken artean, 2012ko Londresko Olinpiar Jokoak dira nagusia. Aurretik, dena dela, beste proba batzuetan parte hartuko du; Munduko Kopa abiatzear da eta datorren urteko udaberrian Munduko Txapelketan lehiatuko da.

Bien bitartean, nekez ahaztuko du Leire Olaberriak 2010. urtea. Izan ere, Europako Txapelketan podiumeko koskarik gorenera igotzeaz gain, Espainiako Txapelketan jaun eta jabe izan zen, nola pistan hala errepidean. Gazitik ere izan du urteak, hori bai,  Italiako Giroa utzi behar izan zuelako txirrindulari gipuzkoarrak eroriko batengatik.

Contador zigortua izango da

Contador positiboa jakin ondorengo prentsaurrekoanEra batera edo bestera Contador zigortua izango da, ez dago zalantzarik. Eta gaurkoan horrek asko poztu nau errudun jo baitut positiboaren berri eman zen egun hartatik.

UCI WADAk (Munduko Anti-Dopinaren aurkako Agentziak) egin behar zituen azterketen zain zegoen. Izan era zalantza asko sortu dira Pintokoaren positiboaren inguruan (kantitate baxua, erabilitako metodoak zalantzan jarri izana,…) eta WADAk froga guztiak aztertu behar zituen erabaki bat publiko egin aurretik. Azkenean WADAk zantzu nahikoa ikusi du Contador-ek klenbuterola Irungo azpizuna ez zen beste bideren betatatik hartu zuela ziurtatzeko. Azterketaren emaitzak UCIri bidali dizkio eta honek Espainiako Federazioari ohiko espedientea ireki eta prozesuari ekiteko agindua eman dio.

Orain Espainiako Federazioari dagokio zigorra zehaztea. Ohiko prozesu batean 2 urteko zigorra jaso beharko luke aurtengo Tourra galtzeaz gain, baina dakizuen bezala hau jada ez da ohiko prozesu bat. Ez dakit zer jarrera hartuko duen federazioak, laster jakingo dugu, baina aukera gutxi duelakoan nago.

Ikaragarria izan da Contadorren alde egindako adierazpen eta ekitaldiak. Nik zenbait gogora ekarri nizkizuen ezin bainituen sinistu zalantza gutxi eragiten zuen auzi baten aurrean horrelakoen berri izatea. Gaur Hushovdek Norbegian medioetan horrelako babesik ez zela emango ziurtatzen zuen. Espainian, ordea, gauzak ezberdin ikusi eta bizitzen dira; hori bagenekien (Puerto operazioa adibiderik nabarmenena).

Berri honen aurrean zer egingo du Contadorrek? Prentsaurreko bat emango al du? Barkamena eskatzen duen bideo bat argitaratuko al du? Twitter bidez hanka sartze handi bat dela adieraziko al du? Esandakoa berrestu eta txirrindularitza utziko al du? Edo zigorra murrizteko dakiena kontatuko du?