Hankak, burua eta anbizioa

igor_anton_aAurrekoan, Tropela taldeak hautagai nagusi bezala jarritako sei txirrindulariek itzulia irabazteko aukera aztertu genuen. Igor Anton ez zegoen multzo horretan, euskaldunen taldetxoan baitago. Ezin bi multzotan egon, baina Antonek lehen postuetan behar luke.

Zur eta lur utzi gintuen 2006an, Vueltako etapa bat irabazita. Hurrengo urteetan erorikoek kalte handia egin zioten Galdakaoko igotzaileari. 2008an, adibidez, sasoian zegoela lurrean geratu zen, tropela Anglirun gora hastean zela. 27 urte ditu Euskaltel Euskadiko txirrindulariak. Adin ezin aproposagoa. Tourrean ez zen egon, taldeak Vueltara sasoi bete-betean eraman nahi izan duelako. Duela aste gutxi Burgosen onenen pare ibili zen Lagunas de Neilako etapa nagusian. Baikor izateko nahikoa argudio. Jakina, ez du tematu behar sailkapen nagusiarekin, baina akatsa litzateke hasi aurretik amore ematea. Oso igotzaile ona da, eta mendi asko izango da Espainiako Itzulian: Peña Cabarga, Cotobello, Covadongako lakuak, Bola del Mundo… Itzulia irabazteko beste hautagaiak ere, jakina, ondo egongo dira ziur, baina gaindiezinak diruditen bi txirrindulariak, Contador eta Andy Schleck ez ditu aurrean izango Antonek. Beno, Andy Schleck parte hartzekoa da, bai, baina litekeena da Frank anaiarentzat morrontza lanak egitea.

…Eta Beñat Intxaustirekin ere, erne. Gazteagoa da muxikarra -24 urte-, baina Euskal Herriko Itzulian erakutsi zuen txirrindularia dagoela. Ez du Euskaltel Euskadin jarraituko datorren denboraldian, baina horrek ez du aitzakia izan behar onena ez emateko larunbatetik aurrera.

Talde laranjak lehengaia badu. Anbizioz jokatzeko adina, nire ustez. Inork edo zerbaitek geldiarazten baditu Euskal Herriko txirrindulariak, errepidea edo aurkariak izan daitezela, baina ez euren burua.

Argazkia: www.arueda.com

Hautagai nagusiak, gertutik

menchovTropela taldeak honako seikotea jarri du hautagai nagusien multzoan: Schleck anaiak, Sastre, Nibali, Menchov eta Mosquera. Taldetxo honetan Denis Menchovek du eskarmentu gehien Espainiako Itzulian; errusiarrak bitan irabazi baitu. Sasoian ote dagoen? Baliteke, baina itzuli handi bat ondo egin ostean bigarrenean ere asmatzea ez da erraza inorentzat, eta Menchovek hirugarren bukatu du aurtengo Tourra. Joan den urtean, bestalde, Giroa irabazi ostean, Tour kaskarra osatu zuen Rabobankeko txirrindulariak.

Carlos Sastre espainiarra ere podiuma zapaldutakoa da, eta ziurrenik antolatzaileek jarritako aldapa makur guztiak ezagutzen ditu bertatik bertara. Gauzak ondo, ez ditu lehen postuak urrun izango, baina Giroan eta Tourrean lehiatu eta gero, sekulako balentria litzateke aurre-aurrean ibiltzea Vueltan. Schleck anaiei begira daude asko. Zer asmorekin joango dira Vueltara Frank eta Andy?. Anaia zaharrenak, Frankek, Tourreko arantza ateratzeko gogoa izango du, eta lehen egunetan erorikoren edo bestelako ustekaberen batek ez badu sailkapenaren atzealdera eramaten, borrokan bete-betean sartuko da. Andyk hari laguntzeko eginkizuna izango du, betiere lehen postua oso-oso eskura ikusten ez badu behintzat.

Vincenzo Nibali italiarrak ere dir-dir egin beharko luke larunbatetik aurrera. Giro bikaina egin zuen; Basso taldeburuarentzat morrontza lanetan jardun arren, etapa –letra larriz- irabazi zuen Monte Grapa igo ostean eta podiumean bukatu zuen. Uztailean atsedena hartu ostean, Burgosko Itzulian ez genuen lehen postuetatik aparte ibili. Haren kontra zer? Italiarrak Vuelta irabazteko lehian ikustea ez dela ohikoa.

Ezequiel Mosquera besteak baino koska bat beherago dagoela dirudi. Hala eta guztiz ere, Vuelta izaten da Xacobeoko taldeburuaren denboraldiko helburu nagusia, eta podiumera igotzerik izan ez badu ere, txukun jardun da urte batean baino gehiagotan.

Nire aukera? Ea ba: ez dut gehiegi arriskatuko: Denis Menchov eta Frank Schleck.

Argazkia: bettiniphoto

Espainiako Vuelta: aldaparik tenteena azken aurreko egunean

franckschleckrethierryroge1

Espainiako Vueltak Italiako Girora begiratu duela dirudi, ibilbidea ikusita. Izan ere, Italiako itzulian ohikoa izaten da mendiko etapa handia azken aurreko egunean ipintzea eta Vueltan hala izango da. La Bola del Mundora iritsiko baitira txirrindulariak, Navacerradan gora. Tourrean antzeko zerbait egin zuten iaz, Mont Ventoux azken aurreko egunean igota. Esan daiteke aurtengo Tourrarekin ere antza baduela Espainiako itzuliak, bakarkako erlojupeko saio luze bakarra jarri baitute antolatzaileek.

Aurretik ere gogortasuna sobera izango da tropela hamaika puskatan apurtzeko. Lehen eguneko taldekako erlojupekoa eta etapa lau batzuen ostean, bigarren asteburuan iritsiko da lehen etapa ikusgarria, larunbatean Alacanteko Xorret de Catin bukatuko dena. Ohiko bihurtzen ari da aldapatzarra Vueltan. Ez da luzea, eta alde izugarririk ez da izango, baina segundo apur batzuk izango dira batzuen eta besteen artean oso tentea baita. Igandekoan mendate handirik ez da izango, baina malda asko igo beharko dituzte ziklistek; min egin dezake etapa horrek. Txirrindularien zorionerako atseden eguna izango dute zain.

Bigarren astean ere asteburuan izango dira etapa nagusiak –asteazkenekoa Palen bukatzen da, Andorran, baina aldapa nahiko etzana da-. Larunbatean, hilak 11, Peña Cabargan bukatuko da: sei kilometroko aldapa eta batez bestekoa %10. Igandean, Vueltako igoerarik mitikoena iritsiko da, Covadongako lakuetara helduko da tropela. Gogortasuna ez da lakuetan amaituko, ezta gutxiagorik ere. Izan ere, astelehenean, Cotobellon izango dute helmuga: batez besteko aldapa %8 da. Aurretik San Lorenzo – %14 eta %15eko aldapak ditu mendate horrek eta La Cobertoria igo beharko dituzte.

Bigarren atseden egunean hauspoari buelta eman ahal izango diote txirrindulariek, azken txanpara aurre egiteko. Asteazkenean, hilak 16, Peñafielen 46 kilometroko erlojupekoa izango da. Eta oraindik ere sailkapen nagusia erabakita ez balego, La Bola del Mundok azken epaia emango du. Larunbatean, hilak 18, izango da ikusmin handia piztu duen igoera hori.

Bistan da ibilbidea ikusgarria dela, eta askotan esaten den bezala, txirrindulariek bihurtzen dute ibilbide jakin bat ikusgarri edo aspergarri. Beste batzuen artean, Schleck anaiek, Igor Antonek, Nibalik eta Purito Rodriguezek bihurtuko dute ikusgarri edo aspergarri xehetutako bidea.

Haimarrek lortu du Tour de l’Ain irabaztea

Asteartean prologoa irabazi zuen eta horren berri eman genuen. Haimarrek itzuli hau irabazteko aukerak ere aipatu genituen. Azkenean, justu izan bada ere, lasterketa irabaztea lortu du.

Haimarrek RadioShack taldeak berarengan jarritako konfidantza eskertu du. Talde buru ekin zion itzuliari. Prologoan bikain aritu zen eta irabaztea lortu zuen ehunenekoei esker izan bazen ere. Hurrengo egunean lidergoa galdu zuen eta gaur arte, azken etapa jokatu den arte, ez da sailkapen nagusiko lider jarri. Gaur taldeak asko lagundu dio, baina berak ere bikain erantzun du helmugan aurreko multzoan iritsi baita.

Esan bezala, Haimar garaile izan da prologoko ehunekoi esker. Bigarren Poels sailkatu da gaurko etapako garailea, eta hirugarren Moncoutie.

Hau da Haimarrek Euskal Bizikleta 2000an irabazi zuenetik irabazten duen lehen itzulia. Zorionak Haimar!!

Riccò: “Espainiako Itzulian parte hartu nahi dut”

Riccò podiumeanHoriexek izan dira italiarraren adierazpena Quick Step taldearekin fitxa sinatu duela argitaratu denean. Dirudienez Movistar eta Vacansoleil taldeetatik eskaintzak jaso ditu, baina azkenean hasierako zurrumurru haiek zioten taldera joan da Cobra.

Oraindik Vueltan lehiatzeko aukerak daudela dirudi. Denboraz ez dabiltza sobran, izan ere UCIko araudiak epe batzuk jartzen ditu txirrindularien izen emateak egiterako garaian. Gogoratu Vuelta abuztuaren 28an hasiko dela, bi aste barru, eta izen emateko epeak laster itxiko direla.

Badirudi bai txirrindulariak eta baita taldeak berak ere Riccò Vueltan izateko ahalegina egingo dutela. Nik benetan gogoa dut ikusteko ia zertarako gauza den italiarra ordaindu behar izan duen zigorra eta gero. Vueltari plus bat emango diolakoan naiz. Nik Tropeleko kinielan aukeratuko dut parte hartzaileen artean bada behintzat!