Tourreko multzoen azterketa: hautagai nagusiak (I)

Contador Tourreko podiumeanEz dakit zer esan, aukeraketa erraza dela ala ez. Hiru dira hautagai nagusiak eta bat aukeratu behar da. Azter ditzagun banan bana.

Alberto Contador

Hautagai nagusia dela argi dago. Dagoeneko bi Tour irabazi ditu. Sasoi betean dagoen txirrindularia da eta faborito nagusia.

Zalantzarik gabe tropelean dagoen txirrindularirik indartsuena da. Baina nahikoa izango al du hori 2010eko Tourra irabazteko? Beharbada bai, baina taldearen laguntza ezinbestekoa izango da. Tiralongo, Vinokourov eta Pereiro izango ditu laguntzaile besteak beste. Taldekide onak, baina beste zenbaiten aldean kaskarragoa dela iruditzen zait.

Lance Armstrong

Armstrong Tourrerako prestatzenAspenen bizi den Texaseko txirrindularia profesionaletara itzuli zenetik bigarren Tourra izango du. 38 urte ditu (irailean 39 egingo ditu) eta podiumeko postuetan sartzen bada aurtengoan historiako txirrindulari zaharrena izango litzateke. Zalantzarik ez irabaziko baluke.

Iaz geldialdiaren ostean itzuli zen eta erretiratzetik itzultzeak kalte egin ziola esan zuen. Gainera Contadorren talde berean izan zen eta horrek zeresan handiak sortu zituen bien artean. Aurtengoan talde berri batekin dator eta txirrindulari bikainez inguratuta: Leipheimer, Klöden, Popovich, Horner eta Brajkovich besteak beste. Bere urteko helburu nagusia Tourra irabaztea du eta horretarako egutegi, entrenamendu eta baliabideak jarri ditu amerikarrak.
Bere esanetan lehen astean izango diren haizeek eragin ditzaketen mozketek faboritoen artean lehen aldeak eragingo dituela esan du. Ziur Radioshack hori bilatzen saiatuko dela.

Garbi dago txirrindularirik indartsuena ez dela bera, baina erregularrena izango delakoan nago.

Andy Schleck

Andy eta Frank Schleck anaiakLuxemburgoko anaietan gazteenak aurtengoan ez du bere burua horrenbeste erakutsi. Hori bai, iaz Contadorri eusteko eta erasoak jotzen aritu zen bakarrenetakoa izan zen eta horrela lortu zuen bigarren postuan sailkatzea. Talde bikainarekin izango da hau ere Tourrean. Zenbait aipatzekotan Frank anaia, Cancellara, Fuglsang eta Voigt aipatuko nituzke.

Andyren helburua ere Tourra da aurtengoan, beraz, horretan izango da buru belarri.

Zein aukeratu?

Ez da erraza aukeraketa. Esan bezala Contador da txirrindularirik indartsuena, bai mendian gora baita erlojuaren kontra ere. Andy ere eskalatzaile bikaina da, baina erlojuaren aurka pattal ibiltzen da. Armstrong, berriz, ez dela indartsuena argi dago baina erregularrena izango delakoan naiz.

Arriskurik hartu nahi ez duenari Contador hartzeko esango nioke. Arriskatu nahi duenari, ordea, Andy baino Armstrongen aldeko apustua egiteko esango nioke. Badakit Armstrong dagoeneko ez dela lehen zena erlojuaren aurka, baina erregular ibiliko dela uste dut eta Contadorrek akatsen bat burutzen badu, Armstrongek hori probestuko duelakoan naiz.

Ez dut txirrindularitzari zer on edo kalte egingo liokeen Armstrongek Tourra irabaziko balu, baina nire apustua, arriskuak hartuz (portzentaiak ikustea besterik ez), Armstrong izango da.

EGUNERAKETA: azkenean Pereiro ez da Tourrean izango.

Lehen heroiak: Lapize, Garrigou, Lafourcade… (Pirinioak II)

1910eko uztailaren 21ean jokatu zuten mendiko lehen etapa handia Tourrean. Txirrindulariak Luchonetik atera ziren ordu txikitan: 03:30ak inguru. Lehen mendatea, Peyresourde. Gustave Garrigou eta Octavie Lapize pasatu ziren buruan. Hurrengo malda, Aspin. Lapize pasatu zen guztien aurretik, eta hiru minutura Garrigou. Gezurra dirudien arren, jendetza zegoen ordurako errepide bazterrean. Txirrindulari guztiek merezi zuten gero. Aldeak alde, elkarrekin ekin zioten Tourmalet handiari biek. Lapize izan zen gainera iristen lehena, baina hanka lurrean jarri behar zuen aldapatzarra gainditzeko. Bigarren postuan zihoanak, Garrigouk, pedalei eman eta eman igo zuen Tourmaleteko malda. 07:30ean igaro ziren lehen txirrindulariak mendatearen gainetik.
Eta hara non Francois Lafourcade biarnotarrak lasterketa irauli zuen. Aurretik zituenak atzean utzi, eta buruan igaro zituen Soulor, Tortes eta Aubisque mendateak. Haren atzetik zihoana, Lapize, larri zebilen, izan ere Albini italiarrak aurrea hartu zion Oloronen. Horrekin nahikoa ez, eta Lafourcade ere gainditu zuen Albinik.

Hala ere, etaparen luzeak eragina izan zuen txirrindulari guztiengan eta Octavie Lapizek gorputzaldiari buelta eman zion. Lehenik eta behin, Lafourcade aurkitu zuen bidean. Baita atzean utzi ere. Albini ere harrapatu zuen, eta azken metroetan garaitu zuen. Octavie Lapizek, beraz, irabazi zuen Tourreko mendiko lehen etapa handia. Handia eta luzea -326 kilometro-. 14 ordu eta 10 minutu behar izan zituen handik egun gutxira Tourra irabaziko zuen ziklistak Luchon eta Baiona arteko bide malkartsua egiteko. 17:30ak pasata iritsi ziren helmugara. Lapize, Lafourcade, Garrigou, Albini… Horiek guztiak heroiak izan ziren. Haien izenak letra larriz idatzi behar dira Tourreko historian ezinbestean. Eta ezin ahaztu Alphonse Steines, noski. Berak ez zien pedalei eragin egun hartan, baina Tourra hasi baino aste batzuk lehenago Tourmaleta igarotzen tematu izan ez balitz, etapa hura ez zen jokatuko.

Alphonse Steines, heroia pedalei eragin gabe (Pirinioak I)

col_du_tourmaletMendebete da Frantziako Tourra lehenbiziko aldiz Pirinioetara iritsi zela. 1910ko Tourrak mendiko bi etapa izan zituen: uztailaren 19an Perpingnan eta Luchon artekoa eta uztailaren 20an, Luchonetik Baionarakoa. Ordutik hona hamaika txirrindularik ospea eman diete Pirinioetako mendateei. Beste zenbaitetan, zapore ezin garrantzagoa utzi dute mendatetzarrek; adibidez, 1995ean, Casartelli Portet d’Aspet mendatean behera erori eta hil zenean.
Dena dela, txirrindulariak protagonista bilakatu aurretik, izan zen bereak eta bi egin zituenik, ziklistak gaur egun horren ezagunak diren mendateetan barrena ibil zitezen. Alphonse Steinesek omenalditxoa merezi du, benetan. Hari esker igo zuten txirrindulariek 1910eko Tourrean Tourmalet.
Henry Desgrange Tourreko buruaren laguntzaile Alphonse Steines Tourmalet ingurura abiatu zen urte hartako udaberrian. Mendatearen magaleko Sainte Marie de Campan herriko ostatuko jabeak baina, Steines eta haren gidaria, elurra zela eta, mendatea itxita zegoela ohartarazi zituen. Steinesek ez zuen amore eman nahi izan. Horixe ezetz! Tourmaleten gora abiatu ziren eta autoz egin zituzten lehen 15 kilometroak, baina handik gora jarraitzea ezinezkoa zen. Hori ikusirik, Steinesek gidariari autoarekin buelta emateko agindu zion eta berak aurrera jarraitu zuen, oinez. Artzain baten laguntzaz abiatu zen Steines, ttipi-ttapa eta ilunpetan iritsi zen gailurrera, 20:00ak aldera. Beherako bidea bakarrik egin behar izan zuen Steinesek, eta erori ere egin zen. Orduak aurrera zihoazen eta haren berri ez zutela , gendarmeak bere bila joan ziren. Baita goizaldean aurkitu ere. Steines erori egin zen, elurraren erruz ez zelako bidearen arrastoa ere ikusten. Gaur egun zortzimilakoetan noizbehinka izaten diren ezbeharrak dakartza gogoan kontakizunak. Azkenean baina, onik atera zen, eta behera iritsitakoan, Henry Desgranges, Tourreko buruari, mezua bidali zion: “Tourmaleteko errepidea ondo dago”. Steinesek ez zion nagusiari egia esan, baina gezurtxo hari esker handik aste gutxira igo ziren txirrindulariak Col du Tourmaletera.

Riccò Vueltan izan daiteke

Riccò-k Vuelta lehia dezakeZurrumurru bat besterik ez da, baina badirudi Flaminia, Riccò-ren egungo taldea, eta Quick Step negoziatzen ari direla hala izan dadin.

Dakizuen bezala aurtengo Girorako bere zigorra betea zuen Riccó italiarrak eta askok Giroan izango zela pentsatzen zuten. Azkenean ez zen hala suertatu eta Settimana Lombarda eta Trentinoko Giroa lehiatzearekin konformatu beharrean aurkitu zen, Giroa eta Milan-San Remo lasterketa garrantzitsuetatik kanpo geratuaz.

Hala ere zurrumurruen arabera urteko itzuli handietako batean izan daiteke Quick Step eta Flaminiaren artean lan horretan badira eta akordioren bat gauzatzen badute. Egia esanda niri gustatuko litzaidake hala izatea Vueltarekiko niri behintzat interesa piztuko bailidake Cobrak bertan parte hartuko baluke.

Ikusiko dugu zurrumurru hutsa den ala ez.

Portzentaiak bai ala portzentaiak ez? (II)

PortzentaiakDauphine-ko lehiaketan kiniela egiterako garaian portzentaiak kentzea erabaki eta hala egin zen. Guztia portzentaien inguruan izan diren jarrera eta iritzi ezberdinek eraginda izan da. Orain proba hori egin ondoren, ondorioak ateratzeko garaia da.

Lehenik eta behin gehien antzeman dudana da txirrindularitza jarraitzen ez dutenek lehiaketan parte ez hartzeko erabaki dutela izan da. Bai nire inguruan behintzat. Egin ez dutenei galdetuta arrazoia ez da izan portzentai altueneko txirrindulariak aukeratu ohi dituztelako, portzentaiekin filtro lan bat egiten dutela txirrindulariekin baizik. Hau da, ez dituzte txirrindulari guztiak irakurtzen ibili behar kiniela egiteko eta mapa moduko bat iruditzen zaie kiniela egiteko garaian nekagarri egin ez dakieken.

Beste ondoriotako bat nik neronek antzeman dudana izan da. Portzentaiak jakin gabe gehienek hartutako txirrindulariak aukeratu nituen bat izan ezik. Azkenean txirrinduraitza jarraitzen dugunok antzerako aurre ikuspenak ditugu. Portzentaiak agerian izan banituen beste txirrindulariren batzuekin arriskatuko nintzateke kinielari etekin handiagoa ateratzeko asmoz.

Nik behintzat aipatutako bi puntu nagusi hauek atera ditut Dauphineko lehiaketatik. Hau ikusita nire ustez portzentaiek ez dute pentsatzen dugun besteko ‘kalterik’ eragiten. Ez dakienari bidea errazten zaio eta txirrindulari jarraitzaileari arriskatzeko aukera murrizten zaio. Nik ondorio garbia dut: portzentaiekin hobe.