Gladiadoreak eta leoiak

bettiniphoto_0054879_1_full_600“Ave cesar, morituri te salutant” esan ei zieten gladiadoreek
enperadoreari, coliseumaren harera ateratzen zirenean, bai baitzekiten lehoien bazka bilakatuko zirela minutu gutxiren buruan. Coliseumean ez. Veronako anfiteatrora iritsi ziren txirrindulariak Giroko azken arnasean, igandean. Hala ere, aktoreak bezala baino gehiago, gladiadoreen pare aritu dira denak, Moltalcinoko lokatzean, L’Aquilan, Zoncolanen gora edo Gavian, elur horma artean. Enperadoreen sasoian gladiadoreek beso eta bular gihartsuak zituzten ezpatari eta abarri behar bezala eusteko. Gaur egungo gladiadoreek, ziklistek, hanketan dituzte giharrak. Haientzat leoiak bezain zitalak dira Mortirolo, Zoncolan edo Kronplatzeko malkarrak.
Basso izan da onena, bai,baina beste askoren joa gabe Giroa ez zen horren ikusgarria izango. Arroyok ahaleginak eta bi egin zituen maglia arrosari eusteko –zeinek esango zion pare bat aste lehenago horrela ibiliko zenik!-. Scarponi eta Nibali ere goi-goian ibili dira, eta horren goian izan ez badira ere, aipamen berezia merezi dute Evansek eta Vinokourovek. Haiek ere distira eman diote Giroari. Marco Pinotti ere borrokatu da. Baita John Gadret igotzaile frantziarra ere. Richie Portek zur eta lur utzi du bat baino gehiago. Australiarrak erakutsi du etorkizuneko txirrindularitzaren izen handietako bat izan daiteke, baina noski, hori erakutsi beharko du datozen urteetan. Eta ezin ahaztu euskal txirrindulariak, Xabier Zandio eta Iban Mayoz. Haiek ere beren alea utzi dute Giroan.
Egiari zor, lehenengo astea eta gero, Evans eta Vinokourov ikusten nituen nik beste guztien gainetik, baina azkenean ez bata ez bestea ez dira ezta podiumera igo.

Eta Giroa bukatuta, albistea beste nonbaitetik iritsi da: Alejandro Valverdek ezin izango du parte hartu inongo lasterketatan 2012ko urtarrila arte, Puerto auziarekin zerikusia izan zuelakoan zigortu baitute. Eta Giroan puri-purian zegoela, jakin genuen Mikel Astarloza sanpedrotarra ere ez dugula luzaroan lehiatzen ikusiko. Haien aurrean enperadoreek hatz potoloa beherantz jarri dute. Astarloza eta Valverde ere gladiadore peto-petoak dira, edozein lasterketatan onena emateko prest dauden horietakoak. Haien falta sumatuko dugu txirrindularitza zaleok, ziur.

Argazkia: www.cyclingnews.com

2010eko Giroa Bassok irabaziko du

Basso 20. etapa hasteko zainAzken astean Bassoren indarra nabarmen agertu da. Bera izan zen Zoncolan indartsuena eta azkeneko asteetako etapetan sasoi onean dagoela erakutsi digu. Ostiralean Aprican amaitzen zen etapan ere berak eta Liquigasek erakustaldia eman zuten. Lan bikainari esker eta gainontzeko faboritoen ez ulertzearen ondorioz, Vareseko txirrindulariak maillot arrosa janztea lortu zuen.

Atzoko etapan lasterketa kontrolatzea besterik ez zuten egin behar izan txirrindulari berdeek maillot arrosa mantentzeko. Gainera Arroyori denbora tartea atera zion eta gaurko erlojuaren kontrako saiorako Bassok 1:15eko errenta du. Errenta nahikoa 2010eko Giroa berak irabaziko duela esateko.

Irrati eta internet bidez jarraitu

Info7 eta Tropela Elkartea elkarlaneanDakizuen bezala, Tropela Elkartea eta Info7 irratiak elkar lanean 2010eko Giroaren azken hiru etapan jarraitzen ari gara. Gaur izango da azkena. Twitter bidez ere jarraipena egin ahal izango duzue @tropela ren bidez. Iruzkinak ere bidal diezazkiguzue zuen mezuetan #tropela eta #giro hash-ak jarriaz. Hau guztia, arratsaldeko 16:00tatik aurrera.

Argazkia: Stephen Farrand

Tropela Elkartea Info7rekin Giroa jarraitzen

Info7 eta Tropela Elkartea elkarlaneanAsteburu honetan amaituko da 2010eko Italiako Giro zirarragarri hau. Oraindik guztia erabakitzeko dago Mortirolo, Gavia eta Veronako erlojuaren kontrakoan, eta Tropela Elkarteak Info7rekin batera Giro hau irrati uhin eta internet bidez jarraitzeko aukera eskaini nahi dizuegu.

Agin Rezolak zuzendukotako saioa gaur, bihar eta etzi jarraitzeko aukera izango duzue. Saio ezberdin bat egitea da asmoa eta Twitter nahiz Facebook bidez ere jarraitzeko aukera izango duzue. Dakizuen bezala gure twitter erabiltzailea @tropela da. Era berean zuen iruzkinak ere bidali ahal izango dizkiguzue #tropela eta #giro etiketen bidez. Facebooka ere eskura izango duzue.

Facebooken garaian, hartxintxar gainean

Vinokourov laneanAsteburuko betekadari ekin aurretik, gogoeta koxkor bat egin nahi dut. Batez ere teknologiaren alorrean berrikuntzak etengabeak dira garai honetan. Horren lekuko txirrindulari zaleak garenoi gure iritziak plazaratzen laguntzen digun Tropela.net webgunea. Estimatzekoa oso. Horretaz gain, nola ez, sare sozialak: Facebook, Twitter… Bada aurrerapen horien garaian, Giroak erakutsi digu zein ikusgarri izan daiteken Plan de Coronesekoa bezalako etapa bat. Txirrindulariak ahalegin betean, hartxintxar gainean! Coppi, Bartali eta sasoi hartako txirrindulari mitikoak bezala aritu ziren Basso, Evans, Garzelli eta gainerakoak. Ni txirrindularia ez naizen aldetik, bada ezin esan hori egokia den edo ez, eta beharbada ziklistaren bat ez da ados egongo nik azaldu nahi dudanarekin, baina nire uste apalean, oso ikusgarria izan zen kronoigoera.

Gainera, astearte izanda ere, jendetza zegoen ibilbidean. Imajinatzen zer izango zen hura igandearekin izan balitz? Ikaragarria, ziurrenik. Parajea harrigarria zen. Bide estua, hartxintxarra, sokak zaleek txirrindulariak jan ez zitzaten, eta teleferikoa! Une batzuetan txirrindulariek hari iskin egin beharko ziotela zirudien! Nire ustez, Giroko antolatzaileek agerian utzi dute, beste behin, maisuak direla ibilbidea antolatzeko orduan.

Egia da, era berean, asteartean euria egin izan balu ziurrenik ezin izango lukete goraino iritsi -2006an bezala- baina zale askok gozatu ederra hartu genuela telebista aurrean. Eta are gozatu ederragoa han zeudenak –ikurrina bat edo beste bistaratu ahal izan genuen-. Pena dut RadioShackeko txirrindularirik ez parte hartu izana. Hornerrek, Lepheimerrek, Klodenek edo Haimarrek distira gehiago emango zioten Giroari. Eta Samuelek, Beñat Intxaustik edo Igor Antonek, beste horrenbeste. Baina horrelakoetan esan ohi den bezala,daudenak daude eta haiekin gozatu ahal izango dugu zale guztiok ostiral, larunbatean eta igandean. Hala izan bedi! Eta noski, Tropela.net-en bidez kontatuko dugu!