2009ko urteari errepasoa

Urtea amaitzen ari da eta aurtengo urteak txirrindularitza munduan eman dizkigunak errepasatu nahi nituzke. Horretarako atal edo arlo ezberdinen inguruan iritzia ematea pentsatu dut. Noski, zuek atal horien inguruan duzuen iritzia eman dezakezue. Hona hemen atalak eta nire iritzia:

Contador eta ArmstrongIkusmin gehien sortu duen txirrindularia: iritzi ezberdin asko izango da honen inguruan, baina medioetan izandako eraginagatik, niretzat Armstrong izan da ikusmin gehien eragin duen txirrindularia. 2008 amaieran bere itzulera adierazi zuenetik komunikabide gehienak bere atzetik izan dira. Gainera ikusmina areagotu egin zen Contadorren talde berean arituko zela jakin zenean.

Juanma Garateren etapa garaipena 2009ko TourreanTxirrindularirik onena: merituak ikusita Contador. Tourra irabazteaz gain, Euskal Herriko Itzulia eta Algarvekoa irabazi ditu. Tartean beste etapa batzuk ere bai, eta UCIren sailkapenean lehen postuan amaitu du.

Euskal txirrindularirik onena: garaipenak ikusita, Juanma Garate izan da niretzat aurtengo euskal txirrindularirik onena. Segur aski beste zenbaitek ere lan bikaina egin dute, baina emaitza zuzenei begira jarrita, ikaragarria izan zen Mont Ventouxen Juanmak lortu zuen garaipena Toni Martinekin izandako lehia hartan.

Talderik onena: uste dut atal honetan gehienok ados izango zaretela. Columbia HTC taldeak ikaragarrizko denboraldia egin du eta gizonezko elite taldeak 86 garaipen lortu ditu. Gizonezkoena nioen, izan ere emakumezko taldea ere badute eta hauek ere marka egin dute 46 garaipen eskuratuta. Ez, zalantza gutxi talderik onena aukeratzerakoan.

Mikel Astarloza prentsa aurrekoan errugabetasuna defendatzenGertaerarik tamalgarriena: zalantzarik gabe Mikel Astarlozaren positiboa. Denbora asko pasa zen euskaldun batek ez zuela etapa garaipenik lortzen Tourrean. Gero Mont Ventouxen Juanma Garatek lortu zuen; lehorte luzearen ondoren, bi euskaldunek garaipena ekitaldi berean. Poza zabaldu zen gure artean, baina denbora gutxira, Tourra amaitu eta berehala, positiboak itzalean utzi zituen egun batzuk lehenago izandako pozak.

Ezustekorik handiena: burura hiru etortzen zaizkit, baina bakarra jartzeko asmotan nabilenez, Wigginsen Tourreko laugarren postua aipatuko nuke. Gutxik espero zuten Wiggins hain ondo ibiliko zenik Tourrean eta ezustekoa eman zuela zalantzarik ez dago.

Esan bezala, zenbait ados izango zarete eta beste askok beste iritziren bat izango duzue. Nola ikusi duzue urtea zuek?

Horrelakoa izango da 2010eko Vuelta

2009ko Espainiako Vueltaren ibilbideaZergatik noa Vueltaz idaztera eta ez beste edozein lasterketaren inguruan? Balioko erantzun bat emateagatik, Euskal Herrian azken aldian modako itzuli handia delako hautatu dudala esango nuke. Beste arrazoiren batek ere balio lezake. Hau horietako bat zen.

Berrikuntzekin dator Vuelta 2010ean. Nabarmenena liderraren maillota gorria izango dela. Orain arte izan diren maillot hori edo urrezkoak albo batera utzi eta gorria jarriko dute. Abraham Olano entzun dut irratian honen inguruko argibideak ematen. Bere esanetan Espainiako selekzioak kolore gorrikoak dira (futbolekoa, saskibaloikoa,…) eta identifikazio honekin jarraiki gorria erabiltzea erabaki dutela. Nire ustez Vuelta ez da beste itzuli handien ‘status’a iristen eta hori aldatzeko beste saiakeretako bat da. Funtzionatuko duen? Publizitate eta irudi ikuspuntutik beharko du izan izatekotan.

Norbaitek zalantzaren bat bazuen ere, baieztatzen dugu hurrengo urtean lasterketa ez dela Euskal Herritik pasako. Segur aski 2011ean bai (dakidala Getxok behintzat eskaria egin zion Unipublic-i etapa amaiera bat bertara eramateko). Hori, hala ere, hurrengo urteko abenduan jakingo dugu.

Ibilbideari dagokionez, aurten bezala nazioarteko lasterketa bat izango da. Ez, ez da Herbehereetatik pasako, baina bai Andorratik. Sei etapak izango dute mendatean amaiera horietatik bat aurtengo bera izango da, Xorret del Catí. Gainontzekoak Andorrako Pal eski estazioa, Peña Cabarga eta Cobadonga Lakuen igoera ezagunaz gain, Cotobello eta Bola del Mundo igoera berriak izango dira.

Erlojupekoak bi izango dira, bat lehen egunean eta beste bat 17. etapan. Lehena Sevillan jokatuko den taldekako erlojupekoa izango da. Giralda edo erakuste aldera, gauez izango da. Ordua ez dute zehaztu baina audientzia arazoak izan ditzaketela esango nuke abuztuko larunbat gaua izaki. Hau guztia itzuliaren 75. urteurrenaren aitzakiaz. Bigarren erlojupekoa 46 kilometrotako bakarkakoa izango da. Peñafieleko etapa hau erabat laua.

Ez dut ibilbidea gehiegi aztertu nahi izan oraindik asko falta baita lasterketa iritsi artean. Garbi dagoena da, beti bezala, lasterketaren erakargarritasunean ibilbideak zeresan handia duela, baina garrantzitsuena parte hartzaileak dira. Eta parte hartzaileak diodanean ez diot izenagatik bakarrik, lasterketara joango diren asmoarengatik batez ere.

Irudia: www.lavuelta.com

Puerto Operazioa amaitu da

Puerto OperazioaAsko hitz egin dugu “Puerto Operazioa”z eta badirudi kasu hau bere amaierara iritsi dela. Zigortu ahal zirenak zigortuak izan dira eta ez dago gehiago ezer aztertzekorik Espainiako epaitegien arabera.

Izugarrizko eskandalua izan zen Puerto Operazioa argitara eman zenean, batez ere txirrindularitzan. Ulrich, Basso, Osa anaiak, Beloki,… eta beste txirrindulari batzuk nahastuak izan ziren Eufemianoren dopin sistemaren inguruan. Dakizuen bezala operazio hartan antzemandako odol poltsa eta bestelako sustantziak Espainiako epaileen eskutan geratu ziren. UCIk eta WADA (Munduko Dopinaren Aurkako Agentzia) beste zenbait erakunderen artean, froga horiek eskatuz helegiteak jarri zituzten. Espainiako auzitegiak apirilaren 15ean lehen aldiz eta atzo behin betikoz, froga horiek beste inoren eskuetan ez uztea erabaki du. Era honetan esan daiteke “Puerto Operazioa”n antzemandako frogek ez dutela gehiagorako emango.

Ez genuen gehiago espero 200 kirolari baino gehiago nahastuak izan zitezkeen affair honen inguruan. Eta gero zenbait harritu egingo da 2016ko olinpiar jokoak Madrilen beharrean Rion jokatzea erabaki zuelako Nazioarteko Komite Olinpikoak.