Rebellinek ere positibo

davide_rebellin2006Davide Rebellin 37 urteko italiarrak ere positibo eman du baieztatutako analisi batean. San Bonifacion jaiotako txirrindularia iazko joku olinpiarretan lortu zuen zilarrezko domina galtzekotan da, lasterketa ostean egindako analisietan CERA motako EPOa hartu zuela baieztatzen baita. Abokatuak dagoeneko Rebellinek ezer ez duela egin esan du eta B laginaren azterketa eskatu dutela. Ohiko prozedura, alegia.

Rebellin etapa bakarreko lasterketetan espezialista dela esan daiteke. Azken garaipena La Flèche Wallonne lasterketan lortu zuen orain astebete juxtu eta hirugarrenez gainera. Hauekin batera Amstel Gold Race (2004), Liège-Bastogne-Liège (2004) eta Donostiako Klasika (1997) dira bere palmareseko garaipenik esanguratsuenak klasikei dagokienez. Etapez osatutako lasterketei dagokienez Paris-Niza (2008) eta Tirreno-Adriático (2001). Garaipenik aipagarrienak, beraz, Gerolsteiner taldean egin zituela esan daiteke. Continue reading “Rebellinek ere positibo”

Oilar asko eta Armstrong!

Armstrong livestrong mallotarekin15 egun barru hasiko Italiako Giroa, ehunurteurrenaren Giroa. Ez da ehungarren ekitaldia, 92.a baizik, baina 100 urte betetzen ditu Giroak eta beraz, aurtengoa berezia izango da. Berezia izatea nahi zuten antolatzaileek eta ibilbidean esperimentuak txertatu dituzte: Taldekako erlojupekoa Venezian, bakarkako erlojupeko oso luzea (61 km), 83 km-ko etapa laburra izugarrizko igoerarekin (Blockhaus), 100 itzuliko zirkuitua Milanon, Erromako amaiera eta nola ez, mendi eta aldapatxo ugari… Baina Giro hau benetan erakargarria egiten duena beste gauza bat da: Lance Armstrong-en parte hartzea!

Ondorioz, ia urtero bezala, aurtengo ekitaldiak ere lasterketa ikusgarri bat izateko osagai guztiak ditu. Eta parte hartzaileak edo hautagaiak? Etorriko al dira? Armstrong-ek izango al du aurkaririk? Ba bai, eta ez nolanahikoak.

Oraindik parte hartzaileen zerrenda ofizialik ez da kaleratu baina denen ahotan dabiltza honako izen hauek:

– Ivan Basso: 2006ko garailea. Bi urteko zigorraren ondoren aurten itzuli da.

– Danilo Di Luca (LPR): 2007ko garailea.

– Damiano Cunego (Lampre): 2004ko garailea.

– Gilberto Simoni (Serramenti): 2001eko eta 2003ko garailea. 7 aldiz podiuma zapaldutakoa.

– Marzio Bruseghin (Lampre): Iaz podiumean amaitu zuen 3.postuan.

– Carlos Sastre (Cervelo): Iazko Frantziako Tourreko garailea

– Denis Menchov (Rabobank): Tour gizona da baina iaz Giroa 5.postuan amaitu zuen.

– Levi Leipheimer (Astana): Tour gizona. Armstrongen taldekidea. Aurkaria etxean?

– Franco Pellizotti (Liquigas): Iazko Giroa 4.postuan amaitu zuen.

– Stefano Garzelli (Acqua Sapone): 2000ko garailea.

Badira, faltan botako ditugunak ere: Alberto Contador, Ricardo Riccó, Cadel Evans, Christian Vandevelde,  Schleck anaiak… baina halere hautagaien zerrenda itzela dela iruditzen zait. Ikusiko dugu zer gertatzen den. Buruari eragin beharko diogu bi aste hauetan Tropelan kiniela txukun bat egiteko!

Lemoatik Iparraldeko Infernura

(Karabie gaztetxekoen gutuna)

Aupa lagunok! Aspalditik dator horrelako lasterketa bat ikusteko gogoa, arratsalde baten egin zen plana, Lemoako Karabie gaztetxeko bederatzi lagunen artean. Argi geneukan nora gindoazen baina ez nola, eta aste batzuetan, geneuzkan posibilitateak aztertuz, kotxean joatea erabaki genuen, mugitzeko aukera gehiago edukitzeko.
Bidatz-orria egina zegoen; Euskal Herritik irten, Flandes bixitatu eta igandean Paris-Roubaix lasterketa handia ikusi!

Apirilak 8, iritsi zen eguna; A8 autobidea hartu eta martxan jarri ginen. 1200 kilometrotako ibilbide luzea. Paris pasata lo egitea erabaki genuen, eta hurrengo egunean Leuven-era heldu.

Paris Roubaix 2009. Lasterketaren zainApirilak 10 eta 11 Gent eta Brugge-n egon ondoren, iritsi zen egutegian markatuta geneukan eguna. Brujasetik goizean goiz irten eta gustuko “pabe” sektorearen bila. Urduritasuna nabaria zen gure artean. 10:30 aldera Mons-en-Pévèle 10. sektorean geunden. Oso jende gutxi zegoen, karabana batzuk eta gu! 3 kilometroko sektorea, sarrera oso txarrekoa, 90ºko kurba bi eta sektorearen bigarren aldea oso irregular.

Eguerdian juniorrak ikusi ondoren, bazkaldu eta laster bete zen gunea. Laurak pasata ziren; sarrera telebistatik ikusi eta errepide alboan jarri ginen. A ze momentuak. Abiadura handiz pasa zen faboritoen taldea, Tom Boonen buruan zela. Ikustekoak ziren gure aurpegiak. Hori abiadura!!!

Paris-Roubaix 2009. Euskaldunak larri.Aurreko taldea pasata euskaldunen zain geratu ginen. Aitor Galdos, Imanol Erviti, Pedro Horrillo, Markel Irizar, Pablo Urtasun pasa ziren, nahi baino gutxiago baina han urratu genuen eztarria.

Boonenek nola irabazten zuen ikusi eta gero abiatu ginen berriro etxerantz. Bidaia oso luzea aurretik baina bizitako esperientzia oso onarekin!

Testua eta argazkiak: Karabie Gaztetxea (Lemoa)

Amstel Gold Race. Garagardoa eta bizikleta

amstel_2009Asko izan dira Gasteizen alkohol tasa altuarekin bizikletaz ibiltzeagatik multa jarri dietenak. Badirudi bateragarriak ez direla bizikleta eta alkohola, baina Holanda aldean zentzua hartuko du binomio honek bihar jokatuko baita Amstel Gold Race klasiko ospetsua.

258,6 kmtako ibilbidea bete beharko dute txirrindulariek, Maastricht-etik Valkenburg-era. Ibilbidea zirkuitu ezberdinetan banatua da eta zenbait lekutatik hirutan ere pasa beharko dute. 31 igoera egin beharko dituzte, zenbait estu xamarrak, eta kontuan hartzeko izango da helmuga maldan amaitzen dela. Zalantzarik ez jarraitzaile ugari bilduko dela bide bazterrean garagardoa eskuan txirrindulariak animatzera. Guk ere ETB1-etik jarraitzeko aukera izango dugu 15:50tatik aurrera. Continue reading “Amstel Gold Race. Garagardoa eta bizikleta”

Puntuak aztertzen: Ezusteko gutxi (I)

EH Itzulia 2009. podiumaOraingo honetan Euskal Herriko Itzuliaren azterketa lehiaketaren ikuspuntutik egin nahiko nuke. Joko guztietan bezala, Tropela.net lehiaketetan ere bi motako parte hartzaileak izan ohi dira. Arriskatzen dutenak eta segurura jokatzen dutenak. Beno, gero ideiarik ez dutenak ere badaude, toki guztietan bezala eta gainera denborarik dedikatu gabe Tropelaren aurrealdean ibili nahi izaten dute.

Hemen ez dago misterio gehiegirik, ordea, aurrealdean ibiltzeko txirrindularitza gertutik jarraitzea komeni da. Aurreko lasterketen emaitzak jarraitu, iazko lasterketa gogoratu, ziklisten forma punttua zaindu eta aukeraketa buruarekin egin, lasterketaren garapena nondik nora joango den imajinatuz. Hori bai, Tropelako 5.000 erabiltzaileen artean lehenengoetakoa izateko, guzti horretaz gain, lasterketako ezustekoa zein izango den ere asmatu behar da. Eta horretarako zorte apur bat, edo dezente, ere behar izaten da.

Beraz, irabazi nahi duenak, guztia asmatu behar izaten du, arriskurik gabeko ziklisten aukeraketan eta lasterketa horretako ezustekoak zein izango diren. Ikus dezagun multzoz multzo zer egin behar zen aurtengo Euskal Herriko Itzulian Tropelean lehen postuetan ibiltzeko: (txirrindularien puntuazioak ikusteko sakatu hemen eta hauen aukeraketak ikusteko sakatu hemen)

HAUTAGAI NAGUSIAK

Hautagaiek puntu asko lortu ohi dituzte eta aurten ere horrela izan da, beraz, Continue reading “Puntuak aztertzen: Ezusteko gutxi (I)”