Ongi etorri

Aurreko astean hasi zitzaigun aurtengo Korrika, 16.ekitaldia. Beraz, hamar bat egunez bai lekukoa eta baita euskara ere bolo-bolo ibiliko dira Euskal Herriko errepideetan. Baina datozen egun hauetan Korrikaz aparte Euskal Herriko errepideetan munduko ziklistarik onenak lehian ikusteko aukera izango dugu. Batzuentzat Euskal Herriko Itzulia izango da ezagunena baina igaro den asteburutik hasita hainbat lasterketa daude antolatuta egun hauetarako. Hona hemen txirrindularizaleon Euskal Astea:

Martxoak 29, Laudioko Sari Nagusia: Asteburu honetan jokatu da eta Euskaltel-Euskadi taldeko Samuel Sanchez nagusitu zen, David De la Fuente (Fuji) eta Ezequiel Mosquera (Xacobeo) iheskideei aurre hartuta.

Apirilak 4, Miguel Indurain Sari Nagusia: Euskal Herriko Itzulira datozen ziklista asko bertan lehiatu ohi dira. Lasterketa hau jarraituta informazio ona lor daiteke Tropelako kiniela egiteko.

tropela_eh2008

Apirilak 6-11, Euskal Herriko Itzulia: Aurten, lehen aldiz, Euskal Herriko Itzulia eta Euskal Bizikleta elkartu egin dira eta horrek ibilbidean Arrateko igoera gehitzea dakar. Ibilbide eta parte hartzaileen aldetik itxura oso ona du lasterketak. Ea protagonistek zer ematen duten eta gure kinielekin asmatzen dugun!

Apirilak 12, Udaberriko Klasika (Zornotza): Parte hartzaileen maila zertxobait jaisten den arren, Euskal Herrira etorri diren talde sendoetako batzuk bertan izan ohi dira. Euskal asteari amaiera emateko proba biribila.

Tropela Elkartearen aldetik gure ongi etorririk beroena Korrikari, euskarari eta txirrindularitzari! Goza dezagun!

Argazkia: cyclingnews.com

Armstrongen erorikoa

Ez, ez. Garrantzizkoa ez da gaur Joaquin Sobrinok Gaztela-Leongo lehen etapa irabazi izana, Armstrongen erorikoa baizik. Sprinter ezezagun batek ez du juxtuko aipamena baino gehiago merezi Armstrong notizia bada. Seguraski eroriko ez bazen ere ea Contadorren aurretik ala atzetik helmugaratuko zen izango zen notizia.

Aurtengoan Gaztela-Leongo lasterketak inoiz baino oihartzun handiagoa jaso du Armstrong zetorrelako, alde batetik, eta bestetik Contador taldekidearekin batera lehiatuko zuen lehen lasterketa zelako. ETBko adiskideak ere gustora ziren sortutako ikusminarekin, baina gaurkoan ikusmin hori Armstrongekin batera pikutara joan da.

Bat baino gehiago 2003ko Tourrean Joseba Belokik izan zuen erorikoaz gogoratuko zen. Ni behintzat bai. Orduko hartan Armstrongen bidezidorra hartu zuen (batzuen ustetan arauz kanpokoa) eta eroriko akidin zuen. Egun hartako abileziak Tourraren garaipena suposatu zion eta euskaldunon esperantzak bertan geratu ziren.

Gaurkoan, berriz, pattal xamar ibili dela dirudi. Beharbada orduan zituen erreflexuak ez ditu 37 urteko estatubatuarrak. Beharbada lasterketari ekiteko behar besteko motibaziorik ez zuen eta gehiegi erlaxatu da. Kontua da lepauztaia hautsita duela esan berri dutela. Johan Bruyneelen (Astana taldeko zuzendaria) arabera, eskubiko lepauztaiean haustura garbi bat izan du eta Armstrongek errekuperazioa azkarra izan dezakeenaren ustea duela adierazi du. Komeni zaio, bai, estatubatuarrari lehen bailehen hobetzea Giroan korritu (korritu diot lehiatuko ez duenaren uste osoa baitut) eta milioi bat euro jaso nahi baditu bere fundaziorako.

Mekabendixx!!

Hori pentsau zian Hausslerrek Cavendishek gurpil erdia baino gutxiagogatik garaipena eskuetatik kendu zionean: “Mekabendixx!!”. Fotofinixak erabaki behar izan zuen hain sprint estua.

Garbi dagoena da atzokoan bi sprinter hauek bereiztu zirela gainontzeko sprinterrengandik. Hausslerri Cavendishek bakarrik jarraitu ahal izan zion azken metroetan. Gainontzeko sprinterrek tropel nagusian jokatu zuten sprinta eta bertan Hushovd norbegiarra gailendu zen, Alan Davis eta Petacchiren aurretik.

Txirrindulari laranja bat ere aurrealdean izan zen une guztian. Koldo Fernandez de Larrea zelakoan nengoen eta pena eman zidan sprintean aurrerago sartu ez zelako, baina ez, Aitor Galdos ermuarrarekin nahastu nuen. Meritu handiko 7. postua eskuratu zuen euskaldunak. Bere taldekide Iñigo Landaluzek zorte txarragoa izan zuen eta Cipressa gaina jeisten ari zirela erori egin zen. Ezkerreko sorbaldan luxazio bat jasan zuen eta, beraz, udaberriko klasikak lehiatu gabe geratuko da algortarra.

Dakizuen bezala hurrengo klasika garrantzitsua bi aste barru jokatuko da Belgikan. Bertara joan nahi baduzue oraindik garaiz zarete Tropela Elkarteak antolatu duen bidaian apuntatzeko. Seguru ikaragarria izango dela!!

Flandriako Tourrera goaz!!

Dakizuen bezala Flandriako Tourra apirilaren 5ean jokatuko da. Udaberriko lasterketarik erakargarriena izaki, Tropela Elkarteak ikuskizun hau ikustera joateko bidaia antolatzea erabaki du. Flandriako Tourra giro bikainean eta bertatik bertara gozatzeko aukera paregabea eskaini nahi dizuegu, beraz, guztiok Gantera (Belgika) egingo dugun bidaiara etortzera animatu nahi zaituztegu.

Bidaia autobusez izango da eta jasotze puntuak bidaiarien arabera zehaztuko dira. Ostiralez izango litzateke irteera eta astelehenean goizeko orduetan itzulera (oraindik ordutegia zehaztu gabe dugu). Bidaiaren kostua 125€koa izango da eta bidaiari bakoitzari Tropela Elkartearen kamiseta bana oparituko zaie. Anima zaitezte!! Continue reading “Flandriako Tourrera goaz!!”

ETB tropeletik 35 minututara

eitb_paris_nizaAsko pozten nau ETBk, eta batez ere ETB1ek, txirrindularitzako lasterketa ezberdinak gure etxeetara ekartzea. Hori da Paris-Niza lasterketa ezagunaren kasua. Gustura ikusten nituen lasterketa hauek, baina atzo konturatu nintzen ez direla “zuzeneko” irudiak. Hori da hori ezustekoa!!

Teknologia berriek gauzak asko aldatu dituzte. Hori da internetaren kasua. Eta horretaz ASOk asko dakiela esan behar. Tourraren webgunea (www.letour.fr) lasterketa antolatzaileetan erreferente da, zalantzarik gabe. Webgune honek lasterketaren nondik norakoak ematen dizkigu zuzen zuzenean. Telebistaren gabezietako bat erlojupekoetan dakusagu, atzoko kasuan bezala. Telebistaz lasterketa jarraitzen ari nintzen, baina ez nekien txirrindularien sailkapena nola zioan eta interneta erabiltzea pentsatu nuen informazio gehigarri hori eskuratzeko asmotan. Aipatutako webgunera sartutakoan, tarteko erreferentziak falta zirela ikusi nuen. Artean Contador, Evans eta beste zenbait helmugara iristekoak ziren. Ez nuen ulertzen. Orduan webgunean begira berrien txokoan “Contador wins” irakurri nuen. Telebistara begiratu eta oraindik Contador helmugaratzekoa zen. Orduan jabetu nintzen gertatzen ari zenaz. Continue reading “ETB tropeletik 35 minututara”