Txirrindularitza bai edo bai (eta II)

Egia da talde edo kirol egitura bakoitzak eskubide osoa duela bere irizpideen arabera kudeaketa aurrera eramateko. Baina ez dago ahazterik Euskaltel-Euskadik hein handi batean erakunde publikoen laguntzaz egiten duela aurrera, hots, herritarren dirua dela medio. Hortaz, euskal txirrindularitza tropela bere osotasunean osatzen duten gazte guztiek behar dute, derrigorrean, erakundeek sostengaturiko proiektu horren parte izateko aukera. Eta bertara iristeko bide bakarra azpiko taldeetatik pasa behar izatea ez da legezkoa. Zentzu honetan, badirudi Azpiru-Ugarteko Julen Gonzalez-ek eta Garikoitz Bravo-k Caja Rural-eranzko bidea hartuko dutela.

Baina are gaitzesgarriagioa den kontu bat ere aipatu zuten agerraldian. Zale askok jakingo duten bezala, Euskadi Fundazioa gazte mailako txirrindulari batzuei bekak ematearen ekimena aurrera eramaten hasi zen orain pare bat urte. Orain arte ordea ez zegoen tratu horretan ematen ziren baldintzen xehetasunik. Argi dago zergatik.

Antza denez, kasuan kasuko gazteak Fundazioaren taldeetan korritzeko konpromezua hartu beharra dauka, Fundazioak berak hala agintzen badu talde horiekin sina dezan, erabakia alde bakarrekoa delarik, beti ere hirugarren talde hipotetiko baten baldintza ekonomikoen berdinak izanda. Hala ez balitz, txirrindularia Fundazioari diferentzia ekonomikoa ordaintzera beharturik egon liteke, formakuntza eskubideak direla eta. Kontua da formakuntza hori ez dagoela oso definiturik eskaintzen diren kontratuetan, eta zehazten dena (prestakuntza kontrolak, esfortzu proben analitikak eta hitzaldi teknikoak) ez dirudi gaztea Fundazioarekin lotzera eramateko bezain erakargarriak direnik.

Guzti hau jakinda, egun euskal txirrindularitza profesionala eta bertara heltzeko bete beharreko bidearen kudeaketaren arduradunek kirol interesez gain beste batzuk dituztela agerian geratzen da. Bestela ez baitago hitzez azaltzerik egoera honetara iristearen funtsa zein den.

Topsport-Vlaanderen

Kontu delikatua da harrobiarena, horretan ez da zalantzarik, are gehiago Euskaltel-Euskadiren izaera duen talde batentzat. Zentzu horretan, egitura profesional askok dituzte maila baxuagotan bigarren talde gisa lan egiten duten taldeak. Horien denen artean Topsport Vlaanderen-en kasua aztertzea da interesgarria, talde apalagoa izanagatik, nazioarte mailan lehiatzen baita txirrindulari flandestarrez soilik osaturik.

Topsport Vlaanderen-ek badu kontinental mailan filiala, Davitamon – Lotto – Jong Vlaanderen. Baina azken honetatik ateratzen diren txirrindulariz bakarrik hornitu beharrean, Flandeseko tropela osotasunean hartzen du kontuan taldeak. Bestela, aurtengo Etorkizunekoen Tourra irabazi duen Jan Bakelants dohatsuak ez lituzke 2009an Topsport Vlaanderen-en koloreak defendatuko. Garbi geratzen da beraz kirol kontuei bakarrik erreparatuta, eta ez bestelako izkutuko interesei so eginda, zein den jarraibidea. Are gehiago, Bakelants bera eta Stijn Joseph aurten Beveren 2000 taldean ibili direla jakinda, Quick Step boteretsuaren anaia txikia berau, edota Klaas Lodewijk Rabobank Continental-en lehiatu dela kontuan hartuz. Horiek denak datorren urtean Flandeseko talde nazional gisa har litekeenan arituko dira, bere azpiko taldeetan ibili ez arren errepidean erakutsi baitituzte erakutsi beharrekoak. Davitamon – Lotto – Jong Vlaanderen-etik berriz gizon bakarra pasako dute, Tim Mertens.

Talde apalagoa dugu esan bezala Topsport Vlaanderen, nahiz eta kirol ikuspegitik interesekoak zaizkion lasterketa guztiak korritzen dituen. Etxeko taldea maila gorenean izateko ordaindu beharreko prezioak benetan merezi duen aztertzea ez legoke soberan (euskal taldeari buruz ari naiz, noski), printzipioekiko koherente izango bada behintzat.

Guzti hau esanda, argi gera bedi bere hastapenetan Fundazioari bere babesa bazkide eginez eman zion batek idatzi duela artikulu hau, gertakarien ondorioz azken urteotan taldearenganako miresmena eta maitasuna galduz joan dena. Ez txirrindulariei bere babes eta animoak eskaintzeari utzi diona, txirrindulari onak gustoko izan arren beti ere etxekoari ematen baitiot nik orokorrean nere bultzadatxoa. Baina zaleen ia baldintzagabeko babesari eta gazteen ilusioari barre egin eta beren interesak hobesten dituzten gizasemeak taldearen agintari direla, egoera arras ezberdina da begibistan daukaguna. Orain, Azpiru-Ugarte kontinental taldea atera (euren proiektu egituratu interesgarri eta koherentea aurrera eramateko laguntzak aurkitzea ez dute erraz izango ordea) edo desagertzearen arteko gurutzadan aurkitzen da. Jon Odriozola berriz bere duintasunarekiko leial mantentzearen keinu txalogarriak talderik ez izatera eraman lezake, nahiz eta esan duenaren arabera 2010ean taldea sortzeko esperantzak badituen. Zorterik onena izan dezatela biek ala biek; txirrindularitza zaleontzat oro har, eta Euskal Herrikoentzat bereziki, albiste pozgarria litzateke.

Argazkia: Makoto Ayano