UCIk ez du lasterketak kontrolatzerik nahi

Hori da 23z azpiko mailatan UCIk hartu duen erabakia. Teknologiak aurrera egiten duen bitartean (GPSa, irratia,…), UCIk txirrindularitzaren ikuskizunari kalte egiten diola irizten dio eta proba modura, 23 urtez azpiko mailatan zuzendari eta txirrindularien arteko irrati bidezko komunikazioa debekatzea erabaki du.Pinganilloa
Erabakia berria da, baina eztabaida ez. Lasterketa askotan taldeek lasterketak nola kontrolatzen dituen ikustera ohitu egin gara. Hala, etapa lauak direnean, sprinterren taldeak buru belarri jarduten dute lanean ihesaldiak ekidin eta lasterketa sprintean amai dadin. Noski, zaletuok azken 5 kmak iritsi arte etapa hauei kasurik ez diegu egiten. Kasu hauetan txirrindularitzan aldaketaren bat egitearen beharra aipatu ohi izan da (talde txikiagoak izatea, irratia kentzea,…) kontrol hori indargabetu nahian. Hortik etor liteke UCIren neurria.

Bestalde, liderren arteko denborak momentu oro jakinarazteko ere balio du irratiak, batez ere mendiko etapetan. Baina kasu honetan kaltegarria al da irratia? Nire ustez ez. Eta ez litzateke serioa izango etaparen arabera irratia erabiltzen uztea ala ez, nire ustez bederen.

Oraingoz 23 urtez azpikoentzat martxan jarriko den neurria izango da, etorkizunean beste mailaren batetan ikusiko dugunaren susmo garbiak dauden arren. Txirrindularitzaren hoberako?

(A)SO Contador-i

Contador AstananASO enpresak, Tourraren antolatzaileak, hankak moztu dizkio Contador-i, edo hobeki esanda, pedalak. Ez zuzenean, baina ondorio hori atera genezake bere taldeari ez baitiote 2008ko Tourrean parte hartzen utziko.

Aurrekoan otsailean gehiago izango genuela aurreratzen nizuen. Hemen adibide horietako bat eta hurrengoa Mayorena izango da. Hau otsailean aurreikusten bazen ere, badirudi berriak martxoa hasieran izango ditugula. Baina hori aurreragorako utziko dugu.

Astanak ezingo du ez Giroa ez eta Tourra korritu. Tourraren prentsa oharraren arabera, iazko gertakariek lasterketaren irudiari egindako kaltean oinarritzen da. Horretaz gain ez omen dute Astana taldean aldaketarik somatu eta neurri hau hartzea erabaki dute. Hori bai, 2008an Tourrean izan dadin “ahaleginak egingo” omen dituzte. Baina erabaki hauetan non dago UCIren iritzia?

Aspaldidanik somatu zen hiru handien eta UCIren arteko desadostasunak. Berez Astana UCI Protourreko taldea izanik, UCIko lasterketa guztietan parte hartu beharra du, baina egungo txirrindularitzaren mundu nahastu honetan, handiek beraien nahia UCIren gainetik jartzea erabaki dute. Badirudi UCIren azken egunetara iristen egon gaitezkeela.

Txirrindulariren bat edo beste irratian entzuteko parada izan dut, eta hauen esanetan txirrindularien etorkizuna kolokan jartzen du egoera honek gisa honetako babesleak txirrindularitzatik urruntzea baitakar. Noski, egun gero eta enpresa gutxiago dago interesatuta kirol honetan dagoen anabasa dela eta. Bestalde, eta jarraitzaile ikuspuntutik, seguru zenbaitek Contador Tourretik kenduta faborito nagusienetako bat alboratzeko helburuaz egin dutela pentsatzen duela, beste txirrindulariei (frantziarrei beharbada?) aurtengo Tourra irabazteko aukera eman asmotan.

Ez dakigu Astana enpresak zein jarrera hartuko duen berri honen aurrean. Beharbada taldeak babesten jarraitzea erabakiko du, baina zail xamar ikusten dut duen aurrekontua kontutan izanda. Nola eman errentagarritasuna inbertsioari urteko bi lasterketa garrantzitsuenetakoetan parte hartzeko aukerarik izan gabe? Bruyneel-ek zer pentsatua izango du hurrengo egunetan.

Eta otsailean gehiago

Orain astebete eskas izan nuen Aketza Peñaren auziaren berri irratian. Egia esan ez du oihartzun handirik izan eta aitortu behar dut juxtu juxtu jakin nuela. Aketza Peña

Iaz askotan galdetzen nuen ia norbaitek Peñaren inguruko berririk bazuen harritu egiten baininduen beste auziekin alderatuta zegoen informazio ezak. 8 hilabete beranduago eman dute kontraanalisiaren berri eta baieztatu egin da Trentoko Giroko positiboa. Dagoeneko taldetik baztertua zegoen Zallako txirrindularia eta bi urterako inhabilitazioari aurre egin beharrean aurkituko delakoan nago. Zergatik ez dugu orain arte auziaren inguruko berririk izan? Non dira Peñaren adierazpenak? Onartzen al du ebazpena? Euskaltel-Euskadik zer ardura du auzi honetan?

Eta otsailean gehiago. Bai, Mayoren auziaren inguruan berri gehiago espero dira hilabete honetan zehar. Hoberako ala txarrerako, Mayoren berriek presentzia gehiago dute komunikabideetan. Beharbada normaltzat jo beharko litzateke.

Urtea hasi besterik ez da egin. Pasaporte biologikoa ere hor dago, iazko eskandaluei aurre egiteko lixto. Hori diote behintzat. Ikusiko dugu, izan ere, mesfidantzak leku gehiegi hartu du txirrindularitzan.