Leonardo, Leonardo…

Piepoli eta SimoniAurtengo Giroko gizonik indartsuena Leonardo txikia dela esango nuke. Ez da tropeleko gazteetako bat, jada 36 urte egitera baitoa aurten, Gilberto Simoni bezalaxe (argazkiko bestea).

Ba, atzokoarekin Piepolik etapa bana oparitu die Riccó gazteari eta Simoni taldeburuari. Horretaz gain, bere etapa irabazi zuen gainean amaitzen zen lehen etapa serioan eta ia-ia kronoeskalada ere berak eraman zuen. Patxi Vilaren Marzio lagunak segundu bakar batengatik kendu zion garaipena. Alegia, etapa bat irabazi, 2 oparitu eta beste batean ere 2.postua. Gure Aditua ere zur eta lur geratu zela uste dut Piepolik erlojupekoan (kronoeskalada) lortutako emaitzekin.

Igoeretan bera izan da nagusi eta kronoeskaladan ere bai. Beraz, Simonirentzat lanik egin izan ez balu Giro irabazteko aukerak eduki zitzakeela iruditzen zait. Baina nork jakin.

Hain indartsu dagoenez ea bere taldekide euskaldunari, Iban Mayori ere beste etapa bat oparitzen dion eta horrela euskal zalegoa ere Giroko etapa batekin zorroan benetan gustura geratuko gara.

Beste datu bat: Simonik ere baditu 2. postu pare bat eta Riccók ere bai beste bat. Guztira, Saunier Duvalek, 3 etapa eta 6 2. postu. Ikaragarria! (Ez dut erabiliko ez harrigarria ezta susmagarria ere inor haserretu ez dadin)

Nandronola euskal zainetan

Aketza PeñaAketza Peñak giroa bertan behera utzi behar izan du ustez apirilaren 24ean jokatu zen Trentinoko Giroko lehen etapan nandrolona sustantzia kontsumitu baitzuen. Hala jakinarazi die UCIk Galdeano eta Madariaga Euskaltel-Euskadiko arduradunei.

Dirudienez ezusteko gernu azterketa batetan onartutakoa baino balio altuagoak neurtu dituzte, oraindik balio hau jakitera eman ez arren. Horrelako kasuetan taldeek egin ohi duten bezala, Italiako Giroa korritzen ari zen txirrindularia lasterketatik alboratu dute eta etxera bidean jarri dute lehenbailehen azalpenak eman ditzan.

Hilabete eskas falta da Frantziako Tourra hasteko eta horrelako kasuek ez diote mesederik egingo ez Euskaltel-Euskadi taldeari, ez beste edozein talderi ere. Hala ere ez dut uste hau kasu bakarra izango denik, eta seguru naiz gehiago ere izango direla. Oraindik Tourra hasteko tarte honetan askorako dago; gogoratu bestela iaz ze saltsa izan zen! Aurtengoa lasaiagoa izango al da? Zoritxarrez ezezkoan nago.

Igandean Laudioko Sari Nagusia

Datorren igandean, ekainak 3, Euskal Herriko beste txirrindularitza proba bat izango dugu Laudion. Txirrindulari profesionalentzat Araban egiten den proba bakarra da eta aurtengoa ere ongi prestatuta dute antolatzaileek. Laudio Sari Nagusiaren 58. ekitaldian ehun bat txirrindularik parte hartzea espero da eta irteera eta helmuga Laudion bertan izango ditu.

Ibilbideko oztopo nagusiak Makuartu eta Garateko gainak dira eta azken honek lasterketako irabazlea erabaki dezake, Laudioko helmugatik 5 kilometrotara baitago.

Ea euskal txirrindulariren batek beste garaipen bat lortzen duen hilabete hau nahiko oparoa izaten ari baita euskal garaipenei dagokienez (Koldo Gil, Mikel Gaztañaga, Igor Anton eta Pablo Urtasun). Informazio gehiago izateko Euskal Txirrindulariak atala begiratu dezakezue.

Erreflexio eguna

daniloIgandeko hauteskundeak joan dira eta ia-ia “erreflexio eguna” ere bai. Urtero bezala politikari guztiei garaile atera direla eta emaitzekin gustura daudela entzun diegu. Denek izango dute arrazoi pittin bat. Gaur, denak lanean zenbakiek zer dioten aztertzeko.

Italia aldean, ordea, ez da horrelakorik gertatzen. Gaur guztiek jai izan dute. (Halere, kilometro batzuk egingo zituzten) Asteburuko bi etapa gogor eta ikusgarriren ondoren, gaur merezitako atsedena izan dutela esan behar. Patxi Vilak BERRIAn adierazi bezala eta igandeko etapan ikusi genion bezala, ziklista ugari zeuden atseden egunaren zain. Lehen atseden eguna oso goiz jarri zuten antolatzaileek Sardiniatik irten ahal izateko eta gainera bidaiatzeko erabili behar izan zuten. Horrek guztiak, bi atseden egunen arteko tartea luzea eta gogorra bihurtu du. Baina ikuslearentzat ikusgarria izan dela esan behar.

Orain artekoa aztertuz gero honako ideia hauek etortzen zaizkit aurrera begira. Ea ados zaudeten. Continue reading “Erreflexio eguna”

Txirrindularien jarreraren menpe

Izan ere, ibilbideari begiratuta sekulako etapak datozkigu datozen egunotan. Dena den, paperean agertzen den gogortasun hori ezerezean edo sekulako sarraskian bihur daiteke, beti ere txirrindularien jarreraren menpe.

271268-993744-317-238.jpgGaurko etapan Agnello ikaragarria (ikusgarria duen amaiera) eta Izoard igo beharko dituzte, bihar Oropara krono-igoera, larunbatean San Marco amaitezina, igandean Giau beldurgarria eta Tre Cime Lavaredo… laburbilduz, erasotu nahi duenak ez du ibilbidearen aitzakirik izango. Kontua hori da, indarrez gain erasotzeko gogoa izatea.

Nor izango da hautagai nagusien artean lehen erasotuko duena? urrutitik izango al da eraso hori? galdera asko eta zailak dira berauek. Di Lucak adierazi duenez, biharko krono-igoera aprobetxatu nahi du denbora gehiago sartu eta datozen egunetan besteen erasoen aurrean modu defentsiboagoan jokatzeko. Ez dakit berak erasorik jo gabe aurretik dituen denak atzera joango direnaren ziurtasuna duen baina ni ez nintzateke hain ziur sentituko. Arroyo, Bruseghin edo Vila bezalako jendeak, erasorik ezean, ez du denbora asko galduko.

Lasterketa mugitu behar lukeena Saunier da. Momentuz Simoniren apostu egitekotan dira eta bere sasoi puntu onenean jartzeko bidean dela ere ematen du baina ez dira oso urrun Ricco, Mayo edo Piepoli bezelako txirrindulariak. Azken hauen aukera jokatu behar lukete urrutitik erasotzerako orduan.
Gaurko etapa aproposa izango da Agnellon gora ihesaldi garrantzitsu bat sortzeko. Ez agian Di Luca, Simoni edo Cunego bertan direlarik, baina bai Mayo, Sella, Mazzoleni, Perez Cuapio, Pellizotti (Giroko liderra eta Di Luca taldekideak izateaz aprobetxa daiteke)… bezalako txirrindularientzat. Aurreko asteko ihesaldian sartu izan ez balira, etapa aproposa baita ere Vila, Bruseghin, Arroyo eta Sellarentzat ere, dena den, zaila izango da berriro ere ihesaldian sartzen uztea.

Espero dezagun txirrindulariak borrokarako prest egotea. Ea gaurtik hasten diren oilarren arteko mugimenduak nahiz eta biharko krono-igoera hor egonda, gaurko etapa “bigarren txirrindularientzat” aproposagoa gerta daitekeen.