Zaleok egiten duzue berezi Euskal Herriko Itzulia

Amets TxurrukaAste Santua badatorrela eta batzuek maletak prestatzen hasiak izango zarete jada, beste batzuek aldiz etxeko goxotasunaz gozatzeko asmoa izango duzue, eta gutariiko askok Euskal Herriko errepideetan Kolore anitzeko sugeak eskeiniko digun espektakulua gertutik jarraitzeko asmoa izango dugu besteak beste.

Datorren larunbatean Lizarrako Sari Nagusian giharrak puntuan jarri ondoren, astelehenetik aurrera jokoan izango da tropelean estimatuenetakoa den lasterketa bat: Euskal Herriko Itzulia.

Eta nire galdera: Zergatik lasterketa batzuek besteak baino gehiago estimatzen ditugu bai parte hartzaile zein zaletuek? Zergatik dute oiartzun handiagoa? Zergatik partaidetza entzutetsuagoa?…

Bada, erantzun posibleak bat baino gehiago izan daitezke: Aitzintasuna, ibilbidearen gogortasuna, parte hartzaile kopurua, sariak, eta abar luze bat. Baina guzti honen gainetik, Euskal Herriko Itzuliaren kasuan garbi ikusten dugu, zaletuek eskaintzen duzuen babesa eta berotasuna da gakoa. Errepide bazterretik txirrindulariak animatuz bultzakada fisiko zein psikologikoa ematen duzuenok egiten duzue garrantzitsu lasterketa bat.

Tropel barnean behin baino gehiagotan entzun dugu Euskal Herrira lasterketa bat egitera etortzea benetan atsegina dela, hemengo zaletuen berotasuna dela medio. Beraz, eta ikusirik lasterketa honen berezitasuna euskal zaleok eskaini duzuela urtero, aurten ere zuen laguntza eskatzera nator.

Aurtengoan ere bide bazterrak beteta ikusiko ditugun esperantzan agurtzen zaituztet eta aldez aurretik eskerrak ematen dizkizuet lasterketa honek ere handi izaten jarrai dezan egiten duzuen ekarpenagatik. Hurrengoan ere gustura etorriko gara txirrindulariok euskal errepideetan lehiatzera eta ahal den neurrian indarrak bertan hustuta itzuliko gara etxera.
Eskerrik asko txirrinduzale guztioi. Egun hauetan errepide bazterrean elkar ikusiko dugu!!

Amets Txurruka
(Euskaltel-Euskadiko txirrindularia)