Paris – Roubaix 2007

roubaix2.jpgOraindik zale askoren begiak Euskal Herriko Itzulian badira ere, igande honetan urteko probarik ikusgarrienetakoa korritzen da, Paris – Roubaix, txirrindularitzako 5 monumentuetako bat. Ez dugu euskaldunik bertan postu onik lortzeko moduan, baina ziur naiz txirrindularitza zale den oro proba hau ikusteko zain izango dela.

Espezialistentzako proba dugu hau. Bertan ez da erraza edozeinek karrera hau amaitzea, zer esanik ez beraz, ondo amaitzeko orduan edo podiumean sartzerako orduan. Beti esaten dute, proba honek aurreneko alditik maitemindu egiten zaituela… edo gorrotatu eta gehiago ez duzula korritzen. Continue reading “Paris – Roubaix 2007”

4. etapa. Gasteiz – Lekunberri

EH ItzuliaUy, uy, uy… gori-gorian jarri da aurtengo Itzulia!!! Nork espero zezakeen Gasteizko etapan gertatu den lider aldaketa? Vicioso benetan indartsu dabil eta denboraldi hasieran esan zuen Itzuli hau zuela bere helbururik handiena eta berori lortzeko bidean asko gerturatu da.

Asko dira Saunierrek nolatan utzi dion denbora hartzen galdetzen dutenak. Ez dut uste “utzi” egin diotenik. Gogoratu itzuli txikietan 8 txirrindulariko taldeak izaten direla, horietatik Mayo eta Lobato ez dabiltzala santu-santu eta etapa hasierako kilometroen ondoren atzean geratu direla, lanerako De la Fuente, Piepoli eta Camaño bakarrik geratu zaizkiolarik. Liderren bat ere sakrifikatzea beste aukera bat zen baina Matxinek hori horrela ez izatea erabaki du. Ikusiko dugu estrategia horrek Itzuliaren amaieran balio dion. Continue reading “4. etapa. Gasteiz – Lekunberri”

3. etapa. Karrantza – Gasteiz

EH ItzuliaAurreneko bi egunetan oilarren borroka ikusi ondoren, hirugarrenean beste batzuen txanda izango dela ematen du. Etapa irabazteko borroka gehiago ikusten dun, Itzulia irabazteko baino, ez zait behintzat iruditzen sailkapenean aurrean daudenetako inork etapa hau erabili nahi izango duenik bere indarrak erakusteko.

Etapa hasieran, Escrita, Herbosa eta San Cosme gainak aprobetxatuz, ihesaldiren bat sortuko dela dirudi eta ihesaldi hori nork eta zenbatek osatzen dutenaren arabera helmugara iristeko aukera izango dute edo ez. Ez da esprinter asko tropelean eta gutxi horien taldekideak sartzen badira ihesaldian helmugara iritsi daitezkeela uste dut. Esprinter horien artean bateren bat aipatzekotan, Allan Davis eta Leonardo Duque aipatu behar, eta maila beheragoxean Astarloa edo Vicioso bezalako txirrindulariak. Valverde ez dut aipatzen ez bait dut esprintertzat jotzen, lasai asko irabaz baldin badezake ere biharko etapa.

Ihesaldian Voeckler, Voigt edo Moreni bezalako txirrindulariak ikus ditzakegu, baina lehen esan dugunaren arabera, zenbat eta zein taldetakoak direnen arabera ihesaldiak arrakasta izan dezake, ez baitago esprinta nahiko dutenen talde kopuru handirik.

2. etapa. Urretxu – Karrantza

EH ItzuliaHasi da Euskal Herriko Itzulia eta Saunier Duvalen erakustaldia izan dugu bertan. Etapa hasieran, askotan bezala garrantzi gehiegi gabeko ihesaldi baten ondoren benetako indar neurketa hasi da helmugarako 15-20 kilometro ingurura. Bertan, Matxinen mutilak sekulako erakustaldia eman dute, azken orduko ihesalditxoan Juanjo Cobo sartuaz, berarekin etapa irabaziaz eta tropeleko gizonik indartsuena Gomez Marchante dela erakutsiaz, beste hautagai nagusiei segundutxo batzuk atereaz. Ezin ahaztu Koldo Gilek eman duen itxura bikaina, tropelean oso eroso ikusten nuen nik behintzat eta Valverderen gurpilari itsatsita iritsi da helmugara. Batzuren ahotan egon zitezkeen txirrindulari batzuk agur esan diete Itzulia irabazteko aukerei. Horien artean sartu behar beraien sasoi puntua ezagutzen ez baina izenez bada ere arriskutsuak izan zitezkeen Evans, D. Lopez, Rasmussen, Sastre, T.Dekker, Voigt edo Mayo eta uste baino indar gutxiago erakutsi dute Contador edo Schumacher bezalako txirrindulariek.

Eta biharko zer? Saunierrek liderraren maillota izateak proba pixkat alda dezake, tropela kontrolpean eramateko indarra dutelako. Bestela, azken kilometroetan, gaur tropelean aurrean iritsi direnak berriro ere hor izango direla uste dut: G. Marchante, Valverde, K. Gil, Rebellin, F. Schleck, S. Sanchez, Di Luca… Atzo esaten ziren izen oso antzekoak, lehen aipaturiko bateren bat kenduta. Cobo bera ere indartsu da azken egunetan eta lanak eman ditzake, hori bai, ez dakit orain Itzuliari nola ekingo dion Saunierrek. Coboren lidertza errespetatuko ote dute edo oraindik Marchante edo Koldo Gilen aukerei gehiago begiratzen jarraituko dute. Ziur naiz egoeran honetan ez direla ez Marchante ez Gil izango lehen erasoa joko dutenak eta horrek ez dakit Saunierri Itzulia irabazteko aukeretan mesederik egingo dion. Ikusiko dugu, ikusiko dugu…

Lehiaketari dagokionez… Cobo %2,9ak duela ikusten dut. Min handia egingo zuen kiniela askotan. Neuk momentuz asmatu dut Contador ez jartzearekin, ez ordea gaur indartsuena zirudienarekin, Gomez Marchanterekin. Cobo hor nuen taldean baina gehiago asmatu ezean jai egoten da lehiaketa honetan. Zer moduz hasi zarete zuek? Noren gain duzue jarrita konfidantza sailkapenean aurrera egiterako orduan?

1. etapa. Urretxu – Urretxu

EH ItzuliaHemen dugu hain ikusgarria izaten den Euskal Herriko Itzuliaren beste edizio bat. Aurtengo ibilbideak gogorraren fama hartu baldin badu ere, ezberdintasun batzuk aparte, urtero izaten da ibilbide gogorra, eta ere berean ikusgarria.

Ez da mendi edo etapa erabakigarri konkretu bat izaten, eta aurten ere antzeko zerbait dugu. Beste zenbait itzuli txikitan mendiko etapa bat edo erlojupeko bat izaten da eta proba hantxe erabaki, hemen berriz etapa guztiak izan daitezke erabakigarriak, agian Gasteizko kanpoan utzita.

Itzuliari hasiera emango dion etapa laburra (130km.) baina oso gogorra da, benetan gorabeheratsua. 9 mendate daude bertan eta helmuga Santa Barbara gainean, %8 aldapa duen 2,5kmtako mendatean.

Hurrengo eguneko etapa ere oso antzekotzat jo daiteke, mendi asko eta amaiera hain gogorra ez den aldapan. Beraz, bi etapa hauetan protagonistak errepikatu daitezkeela uste dut eta amaiera moeta hau ikusita denoi Valverde, Samuel Sanchez, Koldo Gil, Di Luca, Cunego, Rebellin, Schumacher edo Viciosoren izenak etortzen zaizkigu. Seguru nago hala ere, aipatutako izenetatik norbait itzulia irabazteko aukerarik gabe geratuko dela. Ikusiko dugu nork amaitzen duen horiz Oiartzunen. Lehiaketari begiratuta, zaleok Contador, Valverde edo Samuel Sanchezen aldeko apostua egin duzuela ematen du. Beti izan dudan ohiturari (edo erruari) jarraituz, gehien aukeratutako Contador ez dut jarri nire kinielan, aldiz, Schumacher alemaniarrarekin konfidantza galanta dut, eta sustu bat baino gehiago emateko kapaz ikusten dut.