Ordiziako Klasika Felix Cardenasentzat

Cardenas garaileOraindik txirrindulari kolonbiar beteranoak sasoia baduela erakutsi du eta azken metroetan atzetik jarraika zituen bi txirrindularien aurrean amore eman beharrean, ondo eutsi die eta segundu eskas batzuren aldearekin eskuak goian zituela bakarrik helmugaratzea lortu du.

Bere atzetik zihoan bikotean David Latasa (Comunidad Valenciana) nafarra sartu da eta atzerago, tropeltxo bati denbora emanez, Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi) helmugaratu da. Tropeltxo honetan euskaldun gehiago ere baziren eta horien artean, gaur ere izugarrizko lasterketa burutu duen Amets Txurruka (Barloworld) gaztea.

Etorkizun oparoa duela dirudi. Ea laister ikusten dugun laranja kolorez, etxeko taldearen maillotarekin, hau ere!

Sailkapen osoa ikusi nahi izanez gero hemen aurki dezakezue. Gazteleraz soilik aurkitu dugu. Pena bat da.

Aitor Galdosentzat etapa eta lidergoa

Galdosen garaipenaGaur hasi da Valoniako eskualdeko itzulia eta lehen etapa esprintean amaitu da. Esprintak, ordea, bazuen bere mamia azken metroak aldapa gorantz baitziren eta azken metro horietan indartsuena, iaioena eta azkarrena Aitor Galdos (Panaria) ermuarra izan da.

Bizkaitarrak lortzen duen bigarren garaipena da profesionaletan baina hau garrantzitsuagoa dela esan genezake. Lehen etapa izaki, maillot horia ere jantzi ahal izango du bigarren etapan. Bere atzetik oso jende ezaguna sartu zen, beraz, ea garaipen honek talde sendoago batera jauzi egiteko aterik zabaltzen dion. Zorionak Aitor eta segi horrela!

Grabaketa astearte hontan izango da

Uztailaren 25eko grabaketarako 150 estra behar dira, errepide ertzean Tourreko zaleen papera egingo dutenak. Autobusa antolatu da.

Eutsi filmaren beste grabaketa irudi batEutsi izeneko euskarazko hirugarren film luzea grabatzeko lanak ekainaren 19an abiatu zituen Alberto. J. Gorritiberea zuzendariak Oarsoaldean, Baleuko eta Irusoin produkzio etxeek bultzatuta. Proiektua Aupa Etxebeste eta Kutsidazu bidea, Ixabel ondoren dator eta ETBren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Pelikulak euskal gizartearen kezka eta arazoak azaleratuko ditu.
Unai Iturriagak idatzi du umore puntua duen drama sozial honen gidoia, Gorritiberearen laguntzarekin. Protagonista nagusiak Anjel Alkain eta Asier Hormaza aktoreak dira, besteak beste Sorginen Laratza eta Wazemank telebista saioetan ezagun egin direnak. Txirrindularitzarekiko grina duten bi gazte dira hauek. 30 urtetik gora dute jada eta lanean egoera zaila dute, bi urte baitaramatzate greban. Egoera horri aurre egiteko, Frantziako Tourrean protesta ekintza bat egitea bururatuko zaie. Buru-belarri jarriko dira zeregin horretan, baina neskatila gazte batekin (Oihana Martikorena) egingo dute topo. Ondorioz, bi gazteen arazoak eta beldurrak begi-bistan geldituko dira. Continue reading “Grabaketa astearte hontan izango da”

Sari banaketa

Dakizuen bezala gaur amaituko da Frantziako Tourra eta gaur jakingo ditugu aurtengo edizio honetako sarituen izenak. Irabazle nagusia zein izango den ere erabakitzeko dago, beraz, oraindik emozioa hor izango da.

Tropela.net sari banaketa 2005Iazkoan sari banaketa Zestoako Bainuetxean egin genuen uztailaren 29an ostirala. Aurtengoan ere asmo beretxuekin ginen, baina oraindik ezin izan digute baieztatu posible izango den ala ez. Hori dela eta, sari banaketako lekua, eguna eta ordua ondorengo egunetan jakinaraziko ditugu, beraz, adi ibili.

Sarituen zerrenda osoa bihar argitaratuko dugu dagozkien sari eta guzti. Zorte on guztioi!

Lan eta kilometro askoren ostean, Landis

Floyd LandisBiharko desfilea bakarrik falta denean, badakigu iada nor igoko den Pariseko podiumera mailot horiarekin. Tourreko azken garailea Floyd Landis estatubatuarra izango da. Bere lehen Tourra eta amerikarren hamaikagarrena.

Gaurko erlojupekoan Honchar izan da garaile (a zer ikuskizuna eman duen gaurkoan ere), eta emozioa Landis, Pereiro eta Klodenek jarri dute. Sastrek, pedal kolpe arin bezain ahularekin, 20. amaitu du eta podiumetik erori da: bere lekua Klodenek hartuko du Parisen. Alemaniarrak sekulako saioa egin du eta azkenean Pereiroren bigarren postuarekin ere amestu du (30 segundutara geldituko da sailkapenenean). Baina Pereirok bere bizitzako erlojupekoa burutu eta bere indar guztiekin defendatu du maillot horia: azkenean minutu eta erdira gelditu bada ere txalogarria da izan duen jarrera (4. izan da etapan). Eta Landis, zer esan amerikarrari buruz… lan eta lan… Landis. Azkenean berarentzat Tour zoro hau.

Iritsiko da Tour hontan gertatu dena aztertzeko momentua, baina datu bat: podiumean bigarren aukerarik izan ez duen bakarra Kloden izango da. Pereiro Montélimarren berpiztu zen, eta Morzinen Landis. Bi etapa hauetan T-Mobile taldea, dortsal horia daraman taldea, ikusle bezala aritu zen eta hori buruan bueltaka izango dute bihar podiumera igotzen direnean. T-Mobilek galdu du Tour hau Landisek irabazteko.