Euskal Herriko Itzulia 2006

Apirilaren 3an Irunen hasi eta 8an Zallan amaituko den aurtengo edizioa aurkeztu berri dute. Euskal Herrian, Donostiako Klasikoarekin batera antolatzen den UCI Pro Tourreko lasterketa bakarra.

Euskal Herriko Itzulia

Bereziki bi aldaketa nabarmendu daitezke ibilbidean. Batetik aurten 6 eguneko lasterketa izango dugula, eta nolabait horrekin lotuta, azkenengo egunean aspaldiko erlojupekorik luzeena ikusiko dugula. Egia da Euskal Herrian zerbait baldin bada mendate motz eta ugarien kopurua dela, eta aurten ere makina bat ikusteko moduan izango gara, hala eta guztiz ere, batez ere erlojupekoan nabarmentzen den norbaitek irabaziko duenaren susmoa dut. Ez zait iruditzen batez ere goraka nabarmentzen diren txirrindulariek sailkapen orokorrean nagusitzeko adinako ibilbiderik dutenik, ez behintzat azkenengo eguneko erlojupeko kilometro kopuruarekin parekatzeko adinakoa.

Eta hori aurreneko bi etapa oso gogorrak izango direla kontutan hartuta. Ez baita txantxetakoa aurrenekoan Erlaitz (tropela apurtu behar luke) eta Jaizkibel helmugatik hain gertu izatea eta asteartean 11 mendaterekin osatutako etapa bat burutu beharra izatea. Ziur egon bi etapa hauetan tropeleko hainbat eta hainbat txirrindularik sailkapen orokorreko aukera guztiak galduko dituztela. Hala ere, oso zaila iruditzen zait lasterketa azken erlojupekoa baino lehen erabakita egotea. Oso gutxiren artean egongo dela garaipena azkenengo egunean? Litekeena da, baina txirrindulari bakar bat alde nabarmenarekin iristea zaila deritzot.

Oraindik goiz da hautagaien izenak emateko, baina argi samar dut zein motatako txirrindulariez apustu egingo nukeen.

ProTourraren ondorioak

Uci ProTourPentsatzen dut ProTourrak onurak ere izango zituela, auskalo, baina garbi ikusten dena da ondorio kaltegarriak asko eta larriak izaten ari direla. Lasterketei dagokienez, esan, azken urtean lasterketak desagertuz joan direla. Lasterketa txikiak izatean eta txirrindulari taldeek egutegia nahiko betea izatean, beteegia ez esatearren, lasterketa txiki hauek zailtasun handiak dituzte talde onenak ekartzeko eta jakina den bezala, talde hauek gabe ez dago etorkizunik. Azken kasua, aste honetan bertan jakin dugu. Laudioko Sari Nagusia, Araban antolatzen den proba profesional bakarra, desagertzeko zorian da. Aurten ez antolatzeko erabakia zabaldu bezain laster, bazkide batzuk azken saiakera bat egitea erabaki dute eta orain ikusi egin beharko da ea proba antolatzea lortzen duten eta zein mailarekin. Continue reading “ProTourraren ondorioak”

Telekomunikazioen etorkizuna hizpide Bartzelonan

3GSMAurreko astean lau egunez bildu ziren munduko enpresa garrantzitsuenetako ordezkariak Bartzelonan izan zen 3GSMko kongresuan. Aurrekoa Cannesen izan bazen ere, oraingoan Kataluniako hiriburua izan da aukeratua.

Kongresu hau sektoreko profesionalei zuzendua izan da eta 3.826 eurotako sarrera eskuratu behar izan du bertara joan denak. Hori izan da telekomunikazioaren etorkizunera lau egunez salto egiteko bidesaria.

Kongresuan Asiako nahiz bertako azken mugikorrak erakusgai izan badira ere, hizpiderik nagusienak interneteko nabigazioa eta mugikorreko telebista izan dira. Egun, 3G teknologia (UMTS, Universal Mobile Telecommunications System) nabigazio eta bideokonferentzietarako teknologiarik aurreratuena dela esaten badigute ere, Bartzelonan HSDPA (High Speed Downlink Packet Access) teknologiari buruz aritu dira. Diotenez, teknologia hau ezagutzen dugun ADSLaren parekoa da eta 14 Mb segunduko abiadurara irits daiteke, hots, UMTSa baino 7 aldiz azkarragoa. Vodafone eta Telefonica Salamanka eta Bartzelonan ari omen dira probak egiten teknologia honekin. Nire iritziz azkarregi, izan ere oraindik hainbat herri baitaude UMTSaren saretik kanpo, nirea kasu. Continue reading “Telekomunikazioen etorkizuna hizpide Bartzelonan”

Boonen sprinterra???

Jende asko zen Petacchi italiarra eta Boonen belgiarraren arteko sprintak ikusteko gogoz. Tom BoonenAndaluzia izan da bi garaile hauek topo egin duten unea eta italiarrak 2-1eko markagailua jarri du. Ez naiz ni izango ordea kontu hau ematen joango dena, nire ustez ez baitira inondik alderagarriak bi txirrindulari hauek. Petacchi sprinter petoa den bitartean, Boonen handiak askoz ere helmuga gehiagotan irabazteko aukera duela erakutsi izan du. Iazko denboraldia aparta egin zuen, aspaldian txirrindulari bati ikusi diodan onena, zalantzarik gabe, oso oso gutxiren eskutan baitago urte berean Flandriako Tourra, Paris-Roubaix, E3 (guretzat lasterketa ezezaguna baino galdetu belgikarrei zer garrantzia duen), Frantziako Tourrean etapak (erorketa ezean elastiko berdea Parisen jazteko aukerak zituen) edo Munduko Txapelketa irabaztea.

Horregatik ez nago batere ados Boonen sprintertzat jotzen duten zaleekin. Eta penagarria da, baina zale askorentzat Boonen horixe da, sprinter hutsa, ziurrenik iazko Tourrean irabazitako etapa eta jaso zuen sonagatik.

Ez diezaiogun mesedez, munduan dagoen klasikomano handienari sprinter etiketa soila jarri, nahiz eta gaur bezala munduko sprinterrik onenari noizean behin irabazteko gai izan. Eman diezaiegun klasikei, hemen ez baina beste herrialde askotan merezimendu osoz irabazita duten fama.

Juanma Garate: 'Giroan lehen bosten artean sailkatzeko modua dudala ikasi dut'

(Berria 2006-02-15)

Iaz, Koldo Gilekin batera, euskal txirrindulari onena izan zen. Aurten, honek ere, taldez aldatzea erabaki du eta Quick Step talde belgikar indartsura joan da. Bertan, Tom Boonen, munduko txapelduna, eta beste hainbat txirrindulari garrantzitsu izango ditu ondoan baina baita Jose Antonio Garrido txirrindulari bizkaitarra ere. Aurten ere, Italiako Giroa izango du helburu. Bere lasterketa kuttuna dela esan dezakegu eta gainera taldeak horretarako fitxatu du. Ea lan bikaina egiten duen eta bere erregulartasunari esker lehen postuetan bukatzen duen. Berak ere onartzen du, Giroa irabaztea ia ezinezkoa dela. Halere ez dezagun esperantza galdu denok baitakigu italiako lasterketa zeinen eroa izaten den eta zenbat sorpresa izaten diren. Ikusiko dugu…