Tourrean Armstrong, Tropelean ''jose''

Sari banaketa Zestoako bainuetxean uztailak 29an.

Tourra bukatu da eta berarekin batera gure lehiaketa ere. Saritu guztien zerrenda Sariak atalean duzuen arren, esan 21. etapako irabazlea JONJO donostiarra izan zela. Berak irabazi du Igor Astarloak eskainitako ostadar koloreak dituen maillota.

Aurtengo edizioan jose lezotarra izan da garaile 5429 punturekin eta lehen postuetan lehia bizia izan dela esan beharra dago.

Saritu banaketa Zestoako bainuetxean izango da ostiral honetan arratsaldeko 7etatik aurrera. Lehen hamar postuetan sailkatuak eta txirrindularien maillotak irabazi dituztenak Zestoako bainuetxean jasoko dituzte sariak. Hauei posta elektroniko bidez luzatu zaie gonbitea. Gainontzeko sarituei jakinaraziko zaie dagozkien sariak nola igorriko zaizkien.

Eskerrik beroenak parte hartu duzuen guztioi, laguntzaile denei eta maillotak eskaini dituzten euskal txirrindulari guztiei.

21. etapa: Corbeil Essonses – Paris

Tourra, eta honekin batera Tropelaren ibilaldia, aurtengoz amaitzear da. Agian aurreko urtetako nagusitasunik ez digu erakutsi Lance Armstrong-ek, batez ere mendateetan, nahiz eta mendiko etapetan beti beti aurrean ikusi izan dugun txirrindulari bakarra izan. Bere taldeak ere agian ez du erakutsi aurreko urtetako nagusitasun zapaltzailea baina hala ere onenak izan dira… laburbilduz, azken urtetako egoera berdina, talderik onenaz inguratutako txirrindularirik onenak irabazi du.

Datorren urterako beste guztiak eguzki printzak ikusten hasiak izango dira, ia nor dugun estatubatuarraren lekukoa hartzen duena. Denen ahotan Ivan Basso dabil baina 21 egunetan hainbeste egoera ematen diren kirol batekin zaila baldin bada aurreikuspena ematea, zer esan urtebete gelditzen denean? Ullrich, Cunego, Valverde, Popovych, Leipheimer, Pereiro, Vinokourov, Contador, Mayo (zergatik ez?)… hor izango ditugu berriro ere eta garaia iristen denean ikusiko dugu zein dugun garaile.

Parisko Champs Elysees-tan amaitzen diren etapa gehienak esprintean amaitu izan dira. Badira salbuespenak hala ere, Eddy Seigneur frantziarraren kasu. Gaurkoan ere logikari jarraituz esprint bat ikusi behar genuke baina egia esateko aurreko urtetan adinako garbi ez dut ikusten hala izango denik. Hushovd-i, maillot berdearen jabea izaki, ihesaldi bat iristea komeni zaio. Hori ekiditeko, Davitamon-Lotto eta Cofidis taldeak izan behar lukete interes gehien jarri behar luketenak eta agian Francaise des Jeux edo Gerolsteinerrek ere bai esku bat bota dakieke baina denen indarrak gutxituta daudela garbia da eta ez nuke esprinta segurutzat joko. Azken kilometroetan sortzen den ihesaldian Francaise des Jeux, Cofidis eta Gerolsteinerrekoren bat sartuko balitz, Davitamon Lotto taldea bakarrik geldituko litzake tropel buruan eta orduan etor daitezke arazoak.

Aurreikuspena emateko logikari jarraituko diot eta ia gehienok buruan izango duzuen Robbie McEwen australiarraren izena emango dut, baino ez nuke ihesaldian garaile izan daitezkeen izen batzuk eman gabe gelditu nahi, Bradley McGee edo Fabian Cancellara adibidez.

Gozatu azken etapa Tropelarekin eta zorionak porrako garaile izan direnei!!!

Armstrongek irabazi du 2005eko etapa bat

Rasmussen Tourraren handitasunak irentsi egin zuen.

Atzo jokatu zen 55.5 kilometrotako erlojupekoa eta Armstrong izan zen garaile. Era honetan aurtengo Tourra irabazteaz gain, etapa garaipen bat lortu du, aurtengo bakarra. 20. etapako saioan galtzaile nagusia Rasmussen izan zen podiuma galtzeaz gain postuetan atzera egin baitzuen 7. posturarte.

Tropelako lehiaketari dagokionez durangoko TXIKITO izan genuen garaile atzokoan eta berarentzat izango da Joane Somarribak eskainitako eta sinatutako maillot hori. Sailkapen nagusian jmurgiondo bergararra da lehen postuan, baina gaur jakingo da garailea zein izango den.

20. etapa: St. Etienne – St. Etienne

Aurten ez dute erlojupekoan ondo ibiltzen direnek aukera gehiegirik izan. Gaurkoan 55 km dituzte baina ez espero garai honetan erlojupekoan espezialista hutsak direnek irabazteko aukerarik izango dutenik, ez behintzat eguraldiak edo beste baldintzaren batek aurkakorik esaten ez badu. Gogoratu 2003 urtean izan zen azkeneko erlojupeko, bertan Millar, eguraldi txarraren ondorioz garaile izan zela.

Gaurko hautagai nagusia Lance Armstrong dela esateak ez dut pentsatzen inor harrituko duenik. Aurtengo denboraldi osoan ez du garaipenik eta bera ezagututa ez dut uste horrek grazia handirik egingo dionik. Tour honetako “boss”-a dela behin betikoz garbi uzteko ere asmoa izango duela iruditzen zait eta ziurrenik hori lortu ere bai.

Agian, etapa garaipena lortzeko baino handiago izango da podiumeko 3. koska edo 10 aurrenekoen artean posturen bat irabazteko borroka. Armstrong eta Basso-ren aurreneko eta bigarrengo postua ia ziur daude, ez ordea Rasmussen-ek momentu honetan duen 3.a. Atzo Ullrich-ekiko galdu zituen segundotxoak erabakigarriak izan daitezke. Kolokan dauden beste postuak Mancebo eta Leipheimer-en artekoa eta Evans, Vinokourov eta Landis-en artekoak izan daitezke. Kasu hauetan, azkenean Ullrich, Leipheimer eta Vinokourov garaile irtengo direla iruditzen zait.

Beraz, etapa garaipenerako Lance Armstrong da hautagai nagusia eta sailkapen nagusia honela gelditu daitekeela iruditzen zait:

  1. Armstrong
  2. Basso
  3. Ullrich
  4. Rasmussen
  5. Leipheimer
  6. Mancebo
  7. Vinokourov
  8. Evans
  9. Landis
  10. Pereiro

Guerini izan da gaurko etapan garaile

Ihesaldi baten fruitua izan da. Gaur 19. etapa jokatu da eta T Mobileko Guerini italiarra izan da garaile. Bakarrik helmugaratu bada ere, Casar, Pellizotti eta Pereirorekin batera izan da ihesaldian.

Gaurko saria Unai Yusek eskainitako maillota izan dugu eta garailea ondarruko DVD izan da. Sailkapen nagusian, aldiz, aldaketa izan dugu. Orain arte lehen postuan izan den jexux, jmurgiondo bergarrak ordezkatu du.