Atseden eguna, gogoeta egiteko garaia

Gaur txirrindulariek Giroko itzulian lehen atseden eguna dute, hurrengoa eta azkena datorren astelehenean. Post hau idazterako orduan duda asko izan ditut hasiera nola idazteko, galderak eginez edo astea izan dena laburtuz. Bigarren bidea aukeratu dut lehena aukeratuko banu agian ez nukeelako gaur bukatuko Giro honi buruz idazten.
Continue reading “Atseden eguna, gogoeta egiteko garaia”

2010eko taldeen analisia (XI): Rabobank, finantza krisiak ere hondora ezin dezakeen talde klasikoa

freireAldaketa gutxirekin dator aurten Rabobank talde herbeheretarra. Steven Kruijswijk eta Dennis Van Winden igo dituzte talde filial kontinentaletik. Eta fitxaketen faltan, Pedro Horrillo izan da aurre denboraldian zeresana eman duen txirrindularia. Jarraitzeko eskaintza mahai gainean zuen, baina profesionaletan aritzeko maila berreskuratu ezingo duela jabeturik, lasterketak albo batera uztea erabaki zuen ermuarrak. Ez du baina bizikleta zintzilikatzeko asmorik erakutsi eta ziur inoiz ez bezala gozatuko dituela hemendik aurrera patxadaz eta lasterketen presio barik egiten dituen km horiek.

Gainontzean, Menchov eta Gesink ditugu taldeko liderrak itzuli handietarako. Menchov-ek erregulartasun handia erakutsi du beti eta iaz Giroan nagusitu arren, badirudi aurten Frantziako Tourrean egingo duela saialdia. Robert Gesink gaztea, aldiz, Herbehereetako zaleen esperantza berria da. Urteak dira herrialde horretako txirrindularirik ez dugula ikusten itzuli handietan eta erorketa eta lesioekin zortea badu, 2010 erreleboaren urtea izan daiteke taldearen buruzagitzan.

Etapa ehiztarien artean, Oscar Freire aipatu beharra dago. Azken denboraldia izango zuela zirudien, baina oraindik beste urtebete jarraituko duela adierazi zuen denboraldi hasieran. Eta jadanik besoak jaso ditu Mallorcako etapa batean eta Andaluziako beste bitan. Abiadura agian pixka bat galduko zuen urteekin, baina kantabriarrak duen etapa ehiztari senak hor darrai. Magia duen txirrindulari bat dugu, berezia, bakarra. Eta nola, ez munduko txapelketa du buruan. Bestela erretiratua legoke. Aurtengo mundiala, gainera, egokia izan daiteke bere ezaugarrientzat, diotenez ez baita gogorregia, eta 4 aldiz munduko txapela irabazten duen lehen txirrindularia bilakatu nahi du.

Talde honetan jarraitzen du Juanma Garate euskaldunak ere. Irundar beteranoak ederki daki zein den bere papera taldean eta horregatik da hain baloratua. 3 asteko lasterketetan duen eskarmentua edozein liderri eskaintzeko prest, dela Gesink dela Menchov, eta era berean etaparen bat irabazteko gai. Eta ez edonolakoa gainera, iazko Tourrean Mont Ventoux gainean lortu zuena bezalakoa.

Flecha-ren hutsunea betetzeko, aldiz, ez dute kanpora jo. Etxean dituztenengan konfiantza osoa dute. Batik bat ondorengo izenengan: lehenik eta behin, Lars Boom konfirmazioaren urtea izan baitaiteke aurtengo urtea berarentzat. Iaz polito ibili zen (etapa bana Espainiako eta Belgikako itzulietan) eta ziklo-krosa 2. planoan utzi duenetik oso goian ibil daitekeela erakutsi du. Nick Nuyens-ek espero baino denboraldi eskasagoa egin zuen iaz (garaipen bakarra), baina belgikarrak goian behar luke. Stef Clement, Posthuma eta Pieter Weening hirukotea ere izan daiteke edozein lasterketetan holandarren garaipen zakua betetzeko gai.

Cunegoren garaipena Aitanan

Cunego. 2009ko Vueltako 8. etapan garaipenaCunegok azken kilometroetan erakustaldi itzela eman du. Orain arte galduta zuen denborari esker faboritoek ez diote italiarrari jarraitu eta abiadura azkarrean egin du aurrera. Horri eskerrak Moncoutie harrapatu du azken kilometroetan eta helmugarako bidea erraz egin du garaipena eskuratuz. Moncoutie azkenean bigarren eta Gesink hirugarren helmugan.

Gaurko etaparen zain ginen. Bagenekien faboritoek nola dauden ikusteko etapa izango zela eta hala izan da.

Etaparen jarraipena telebistaz ikusten ari nintzela jaso dut lehen berri garrantzitsua: Andy Schleck-ek Vuelta utzi du (Tropelean %12,9ak aukeratutako faboritoa). Espero genuen Schlecktarrek Vuelta ez zutela lehiatuko baina ez nuen uste hain azkar utziko zuenik. Berarekin batera lasterketa Jerome eta Bernaudeuk utzi dute.

Taaramae izan da lehen ihesten saiatu den txirrindularia baina 20 segundoko tartea lortu badu ere bere abentura denbora gutxi iraun du. Benetako ihesaldia Bonnet, Voss, Hoogerland, Weening, Moncoutie eta Hinaultek osatu dute.
Tropeltxo honek bai, honek lortu du tropel nagusitik ihes egitea eta eguneko ihesaldia izan da. Tropeltxo honek lortu duen denbora tarterik handiena ia 13 minututakoa izan da eta ia-ia etapa irabazlea ere izan du.

Aitanako gaina igo aurretik, 3. mailako 4 mendate eta 2. mailako bi igo behar zituzten. Ihesaldiko txirrindularien helburu nagusia, beraz, etapa garaipena lortzen saiatzeaz gain mendiko maillota eskuratzea izan da. Moncoutie frantziarra izan zen iazko Vueltan mendiko sari nagusiko garailea eta aurten ere bide horri ekin dio. Ihesaldian bildu dituen puntu guztiei esker berak eramango du bihar maillot hori. Iheskide izan dituen Weening eta Hoogerlandek ezin izan dute behar beste puntu bildu eta 2. eta 3. postuetan aurkitzen dira une honetan.

Caisse D’Epargne izan da tropel nagusian erantzukizuna hartu duena. Bazekiten Valverdek etapa garaipena edo lehen hiru postuetan sartuko balitzateke lidergoa eskuratuko zuela eta ez zioten aukera horri muzin egin nahi. Horretarako ihesaldia bertan behera utzi behar zuten. Erritmo bizia jarri dute eta tropelean zatiketak sortu dira. Horien artean Cancellara liderra izan da geratzen hasi dena. Suitzarrak bazekien gaur hala izango zela.

Oker ez banaiz, tropel nagusia Tudonsetik behera jaisten hasi direnean Samuel Sanchezek eroriko bat izan du. Caisse D’Epargnek egoera horretaz jabetuta erritmoa bizitu du eta asturiarrak gain esfortzu bat egin behar izan du  bat egiteko. Esfortzu horri esker Aitanaren igoera hasi aurretik bat egitea lortu du Sanchezek.

Aurrealdean mugimenduak hasi dira Aitana igotzen hasi direnean. Lehena erasotzen Hoogerland izan da baina Moncoutie ez zegoen etapa garaipenaren lehia uzteko prest. Biak aurrera egin dute eta atzealdean Cuesta eta De la Fuentek tropel nagusitik aurrera egin dute. Gero Marchante bera ere saiatu da baina bi saiakera hauek alferrik ziren Caissek lasterketaren lidergoa eskuratu nahi baitzuen gaurko etapan. Tropel nagusiaren atzealdean, berriz, Vinokourov eta David Herrero ezinean ikusi ditugu. Kale egin duen faboritoetako bat gaur kazakhstandarra izan da eta sailkapen nagusiaren lehiatik kanpo geratu da.

Tropel nagusia pixkanaka pixkanaka ihesaldiko txirrindulariak irensten joan da baina aurrealdean ziren Moncoutie eta Hoogerland. Frantziarrak, ordea, erritmo aldaketa bat egin du eta Hoogerland atzean uzteko gauza izan da. Moncoutiek etapa garaipena nahi zuen eta hala izango zen Cunegok aurrera egingo ez bazuen.

Tropel nagusian eraso ezberdinak izan dira. Szmyd-ek tropelari erritmoa jarri dio gero Bassok erasoa jo zezan. Aitortu behar da italiarra saiatu saiatu dela, baina ezin izan du atzo galdutako denbora berreskuratzeko ezer egin. Erasoa jo duena eta libre joan dena Cunego izan da. Bizi-bizi egin du aurrera Lampreko italiarrak.

206 kilometroko etapa izaki eta ihesaldian egin duen esfortzuaren ondorioz, Moncoutiek etapa garaipena eskura izan badu ere, atzetik Cunego indartsu zetorren. Frantziarra azken kilometroan sartu denean garaipena eskura zuela pentsatu dugun arren, Lampreko liderrak ezarritako erritmoak Cofidiseko txirrindularia harrapatu eta pasatzerainokoa izan da. Esan bezala, beraz, Cunegok etapa garaipena.

Atzealdean eraso ezberdinak izan dira. Gesinkek bere saiakera egin eta aurrera egitea lortu du eta hirugarren helmugaratu da. Valverdek ere bere saiakera egin du, baina Evans eta Sanchezek ederki eutsi diote eta azkenean Evansek eskuratu du lidergoa.

Gori-gori dago sailkapen nagusia gaurkoaren ondoren. Evans da lider berria eta Valverde eta Sanchez 2. eta 3. dira 2 eta 8 segundotara. Lehen esan bezala, faboritoetatik asko atzeratu dena Vinokourov izan da.

Kazakhstandarraren atzerapena ikusita ez dakit Astana taldeak zein estrategia hartuko duen. Momentu honetan taldekiderik aurreratuena Haimar Zubeldia dute, 8. postuan Evansengandik 1’37”ra. Bigarrena Navarro 2’12”ra. Haimar Zubeldia izango al da taldeko lider berria? Euskaltel-Euskadi taldean izandako ibilbidea kontutan hartu beharko bagenu logikoena hala izatea deritzot. Hala ere ikusi egin behar Haimarrek nola eusten dion biharko etapari. Nire iritziz Haimar sailkapen nagusian lehen hamar postuetan sailkatzeko moduko txirrindularia da eta ahalegin horri ekin beharko lioke. Zer deritzozue?