Horren gertu, horren urrun

podiumEzequiel Mosquera eta Vincenzo Nibali orpoz orpo helmugaratu ziren La Bola del Mundon. Batak bestearen bihotz taupadak entzun zitzakeen ia. Tropeleko irakurle gehientsuenek entzunda ere izango ez duten lehia ekarri zidan niri gogora igoera ikusgarriaren bukaerak: Anquetilek eta Poulidorrek 1964ko Frantziako Tourrean, Puy de Dome mendate mitikon gora izandakoa.
Elkarrengandik gertu iritsi ziren, baina elkarrengandik oso urrun daude Mosquera eta Nibali. Galiziarrak badaki urte gutxi geratzen zaizkiola lanbide honetan, eta italiarrak denboraldiko izenik garrantzitsuenetakoa izan da, ezbairik gabe: hirugarren sailkatu zen Giroan, Monte Grappako etapa irabazita eta Vueltan garaile. Aurten hiru asteko bi itzulitan podiumera igo den bakarra. 25 urte baino ez ditu Nibalik.

Peter Velits ere deskubritu digu Vueltak, nolabait. Esloveniarrak ere 25 urte ditu, eta Nibali bezala, hiru asteko lasterketetan kontuan hartzeko txirrindularia izango dela. Andy Schlecken adin berekoak dira. Ezin ahaztu Van Garderen estatubatuarra -are gazteagoa da-, itzulia luze egin bazaio ere. Horiek guztiek estu hartu beharko lukete Alberto Contador datozen denboraldietako Tourrean, Igor Anton berarekin batera. Lehendabiziko mendi etapak ilusita, bazirudien Galdakaoko txirrindulariak oso gertu zuela Vuelta, indartsuena zelako, baina eroriko hark ezin urrunago jarri zion. Hala ere, Antonek ez du dudarik izan behar: onenen pare dago mendian. Baliteke egun batean Schleckek edo Contadorrek atzean uztea, baina beste egun batean bera izango da bikote hori gaindituko duena, ziur.

Beste zenbaitetan, aspergarria izan da Espainiako Vuelta. Aurten, ordea, antolatzaileek asmatu dute ibilbidearekin, eta argi geratu da La Bola del Mundoko edo Peña Cabargako etapak asteburuan jarri behar dituztela, txirrundulariek zaleen berotasuna suma dezaten. Gertu eduki ditzaten.

Argazkia: Roberto Bettini