#525 Tropela.eus podcastak: 2021eko Espainiako Vuelta. Errepasoa – 16. etapa

Jakobsenek (DQT) beste garaipen bat poltsikoratu du Vuelta honetan

Jakobsenek (DQT) bere hirugarren etapa garaipena lortu du Vuelta honetan, eta ez hori bakarrik, maillot berdea eskura geratu zaio. Sailkapen nagusian aldaketarik ez eta Eikingek (IWG) jarraitzen du gorriz. Aipatzekoa gaurkoan Cicconek (TFS) etxerako bidea hartu behar izan duela Vanmarckerekin (INS) eroriko baten ondorioz.

Gaurko etapak emandakoak eta biharkoak etapak eman dezakeenaren inguruko podcasta prestatu digu Egoitz Lizasok (@elizaso).

Podcastera harpidetu

Oude-Kwaremonteko ibiltaria

Gilbert helmuga pasatzen 2017 Flandriako TourreanBalentria hitzarekin topo egiten du maiz txirrindularitzak. Txakalaldi hitzak ere. Bi horien artean ibili zen Philippe Gilbert 101. Flandriako Tourrean, eta azkenean, erakustaldia emanez lortu zuen garaipen gogoangarria. Ederki sufrituta, hori bai.

Muur Kapelmuur mitikoan hasi zen benetako lasterketa. Azken 100 kilometroetan sarturik, Tom Boonenek tropela luzatu, estutu eta bat baino gehiago ikusleak agurtzen harrapatu zuen. Horrela geratu ziren atzean kiniela guztietako bi faborito nagusiak: Greg Van Avermaet eta Peter Sagan. BMC eta Bora taldeak, hurrenez hurren, lo geratu ziren, eta minutu inguruko aldea bertan behera uzteko erre zituzten makinak. Lotto-Soudalek ere kale egin zuen, enegarrenez. Continue reading “Oude-Kwaremonteko ibiltaria”

Aurre analisia: 4. etapa, Seraing / Cambrai (223.5 km)

Frantziako Tourra 2015: 4. etapa

Gutxika gutxika badoa Tourra martxa hartzen eta 4. etapa, etapa handia da oso, inflexio puntu bat izan daitekeen harbideetako etapa. Belgikako mugak atzean utziz, Frantzian sartzen da Tourra.

Iaz gertatutako ikusirik, aurten ere harbideetako ikuskizun handiarentzat etapa bat gorde dute antolatzaileek eta esan beharrik ez dago etapa garrantzitsu baten aurrean gaudela. Tourreko etaparik luzeena izango da (223km) eta etapako azken 40 kilometroetan 6 harbide ezberdin gainditu beharko dituzte txirrindulariek. Sailkapen nagusiaren lehian ibiliko diren txirrindulariek benetan beldur die horrelako ibilbideei, beraien aukerak horrelako etapetan galdu ditzakete eta. Iazko sarraskia ikusirik, gainditu beharreko erronka baten aurrean daude. Continue reading “Aurre analisia: 4. etapa, Seraing / Cambrai (223.5 km)”

Tiesj Benoot – izar baten lehen urratsak

Tour of Flanders UCI WorldTour 2015 cycling race

Harbideen garaia amaitu da. Txirrindulari, auto eta zaletuen zarata eta hotsak Frantzia iparraldeko zelai amaigabeen artean desagertu dira. Denboraldia aurrera doa eta harbideak hutsik geratu dira, datorren neguan txirrindulariak noiz itzuliko. Klasikoek eman dutenaren inguruan errepasoa egiteko momentua heldu da. Goiburu handiak utzi dizkigute aurten ere. Esprinterren udaberria izan da, duda barik. Kristoff eta Degenkolb. Degenkolb eta Kristoff. Historia egin dute biek. Kristoff De Ronde Van Vlaanderen irabazi zuen lehen norvegiarra bihurtu zen. Degenkolb aldiz urte berean Milano-Sanremo eta Paris-Roubaix irabazi dituen hirugarren gizona izan da. Azkar esaten da gero. Aurrez Sean Kellyk, 1986an, eta Cyrille van Hauwaertek, 1908an, soilik lortu zuten. Txirrindularitzaren Olinpoan sartu da alemaniarra.

Continue reading “Tiesj Benoot – izar baten lehen urratsak”

Sir Wiggoren azken guda

Wiggins Paris-Roubaixerako prestEz natzaizue lasterketa azaltzen hasiko. Ez dizuet ez profila, ez ibilbidea esplikatuko. Badakizue Paris-Roubaix zer den. Betikoa. Sekretu gutxi, baina era berean, ezagutza eta esperientzia asko eskatzen dituen klasiko handia. Gustoen arabera doa, baina gehienontzat, Liege-Bastogne-Liege eta Flandriako Itzuliarekin lehian, urteko lasterketa garrantzitsuena.

Aurtengoan baina, Cancellara ez dugu izango irteeran. Ezta Boonen ere, azken hamarkadan Frantzia iparraldeko harbideetan protagonista izan ditugun 2 txirrindulariak. Baina beraien faltan, begi guztiak Bradley Wiggins-en gain eroriko dira. Eta ez Wiggok ezer handirik erakutsi duelako hemen. Baina inor gutxik jarriko du zalantzan ingelesak helburuak hautatzen dituenean, gutxitan huts egiten duela. Begiz jota du Paris-Roubaix, iaz ere oso maila altua erakutsi zuen (9. iritsi zen) eta Sky taldeari eta World Tour mailako zirkuituari proba honetan esango dio agur.

Hemendik aurrera, pistara bideratuko ditu bere entrenamentuak, Rio 2016 begipuntuan jarrita. Horretarako, errepidean ere ibili beharko du, baina prestaketak bere kasara lasai egiteko eta etorkizuneko bere bidetxoa egiten hasteko, bere talde propioa sortzea otu zaio. Kontinental mailakoa izango da eta bera nagusi eta lider izango den taldean, gazteen prestakuntza ere izango du helburu.

Baina aurretik, gaurko guda geratzen zaio. Flandrian oso sendo ikusi genuen Geraint Thomasen alde lanean, beraz ez dago dudarik sasoian iritsiko dela. Thomasek, gainera, bere alde lan egingo duela esana du, nahiz eta azken unerarte bi hauek eta Stannard gordeta izaten saiatuko den Sky. Beste lehiakideen artean Tepstra, aurtengo Poulidor berria, eta Kristoff, doan lekura joanda garaipena lortzen duen norbegiarra aipa genitzake. Ez dira urrun ibiliko ere Van Avermaet, Degenkolb, Boom edo Stybar bera ere. Vanmarcke edo Pozzatorekin ere argi, indartsu iristeaz gain, etxeko pasiloa bezala ezagutzen baitute ibilbidea.

Izen horietatik kanpoko inor podiumean sartzea sorpresa handia litzateke. Euskaldunen artean Markel Irizar onena ez izateak ia ezinezkoa dirudien bezala. Gozatu bada eguna, txirrindularitza zaleon paradisua den Iparraldeko infernua.