Euskaltel-Euskadik 2011ko Giroan parte hartuko du

Hiru urte eta gero, Euskaltel-Euskadi Italiako Giroan izango da. UCI Pro Tourrean onartua izanarekin batera, hauxe da talde laranjaren inguruan azken asteetako albiste nagusia. Igor González de Galdeanoren esanetan, gaur egungo taldeak ez dauka zerikusirik 2007an azken Giro hartan parte hartu zuenarekin. Taldea askoz helduago ikusten du, bere aukeretaz konfiantza gehiagorekin, Giroan zeresana emateko moduan, azken finean.

Eta albiste honen barrIgor Anton Vueltako podiumeanuan beste albistea, titular handiagoa akaso,  Igor Antonek Giroan parte hartuko duela da. 2005ean, bere debut urtean, joan zen Igor Girora lehenengoz, eta azkenekoz. Urte hartan Giroa ez zegoen bere planetan, baina Alberto López de Munainek lepauztaia hautsi zuen lasterketa baino egun batzuk lehenago, eta arabarraren lekua Antonek bete zuen. Eta nola bete gainera. Lehen astean etapa amaieran zegoen malda labur baina tente baten Paolo Bettini, Damiano Cunego eta Davide Rebellin bezalako txirrindularie gangortu egin zitzaien, eraso kolpe bikain bat jota. Gero atzetik atrapatu egin zuten, baina han gelditu zen txirrindulari txiki eta ezezagun baten agerraldi hura. Gero, normala den moduan, lasterketa luzea eta gogorra egin zitzaion, baina azken astean, etapa erregina ahaztezin hartan, Finestre beldurgarrian lehen 10 kilometroak taldeko buruan egin zituen, Savoldelli, Simoni, Di Luca, Rujano, etabarrekin. Azkenean sailkapena 83º postuan bukatu zuen, eta leher eginda. Taldetik bigarren astean lasterketa uztea proposatu zioten, hain gaztea izanik luzea egingo zitzaiola argudiatuz, baina galdakoztarrak burugogor amaiera arte jarraitu zuen.

Datorren urtean, ordea, beste helburu batekin joango da Girora Igor. Azken Vueltan erakutsi du zenbat hasi den, tropeleko igotzailerik onenetariko bat izatera iristeraino gaur egun. Eta Giroan faboritoa izango da, ezinbestean. Gainera datorren urteko Giroa, antolatzaileen estiloari jarraiki, oso gogorra izango da. Akaso aurtengoa baino gogorragoa. Bada zerbait. Guzti hori gutxi balitz, Mikel Nieve galdakoztarrarekin izango da Torinoko irteeran. Ikusteke dago zein txirrindularirekin osatuko duen taldea Galdeanok, baina bi izen horiekin nire ilusioa piztuta dago dagoeneko. Koldo Fernández eta Urtasun ziurrenik Giroan izango dira. Nire ustez Daniel Sesma edo Miguel Mínguez, Cazaux, Alan Pérez eta Aramendiak irteeran izateko aukera asko dituzte. Oroz nora joango den ikusteke dago, joko asko ematen baitio taldeari parte hartzen duen lasterketa guztietan. Izan ere, Samuel Tourrera joanda, honekin batera Amets, Egoi Martínez, Ruben Pérez eta Gorka Verdugo ziur joango dira Frantziar errepideetara. Romain Sicardi ere ordua iritsi zaiola deritzot. Girora itzulita, Igor Antonen aurkari nagusiei gainbegirada bat emanda, Ivan Basso aipatzea ezinbestekoa da. Azken Giroko irabazlea Liquigas talde indartsu bat atzetik duela joango da. Sylvester Szmyd, Robert Kiserlovski, Valerio Agnoli… talde gizon onak dira duda gabe. Dena den, Nibali ziurrenik ez da joango, aurtengo Vuelta irabazita ziurrenik Tourrean konzentratuko baita, bere txirrindulari karreran beste pausu bat emateko. Dena den, Scarponi, Evans, Vinokourov edo Cunego bezalako txirrindulariak ere irteeran izango dira, ondo bidean.

Euskaltel-Euskadiren datorren urteko denboraldiari gainbegiratu orokor bat emanda, ilusioa izateko arrazoiak badauzkagu. Laburpen azkar bat eginda: Giroan Igor Anton eta Mikel Nieve. Tourrean Samuel Sánchez, Romain Sicard eta Amets Txurruka. Vueltan Igor Antón, Mikel Nieve eta Amets Txurruka. Aurtengo denboraldi aparta hobetuko al du Euskaltel-Euskadik? Igor Antonek Giroan podiuma zapalduko al du? Hala bada, irabazteko moduan ikusten al duzue? Galdera guzti hauen erantzuna, datorren urteko Maiatzean.