Euskadi. Auzolana?

Duela egun batzuk Telegramen dugun Tropela faktorea taldetxoan sortu zen galdera: zergatik Euskal Herriko talde zein lasterketen inguruan beti ditugun diru arazoak, eztabaidak, euren arteko xextra ez hain ezkutuak eta bestelako jarrera kontrajarriak.

Nik sare sozialetan denetatik irakurri dut. Honetan ere teoria konspiranoiko asko, errudunak izen-abizenekin jarriz, pertsona, enpresa zein erakunde. Funtsean baina, arazo desberdinak ikusten ditut nik gaiaren inguruan eta ez dut jende askok bezain argi nor diren errudun edo erantzule nagusiak. Hona hemen eragin handia duten zenbait faktore, ez bakarrak, baina gutxitan aipatzen direnak:

1) Alde batetik, babesletzak askotan profesionaltasun gabe kudeatu izan dira hemen. Txirrindularitzan behintzat bai, baina nago beste zenbait arlotan ere horrela dela. Enpresek dirua jarri dute ez errentagarritasun helburu zehatzekin, fabore bat egiteko baizik, ondo geratzeko edo arrazoi emotiboak tarteko, eta ez erabaki arrazionalengatik. Babesletza horietan ez da marketin ildorik lantzen, ezta beraren inpakturik neurtzen beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko. Bihotzaz, intuizioz, datuei garrantzirik eman gabe. Eta garaiotan, zifrak handitzen diren heinean, hori arazo bat da. Batzuetan klientelismo hutsa ere izan da, beste batzuetan harreman publikoen barne koka genezakeen inbertsio neurgaitza. Akaso hemengo kultura enpresariala da, herrialde anglosaxoi edo Europako beste zenbait lekuekin alderatuz desberdina. Bai, han ere badaude Tinkov, Andy Rihs eta halakoak, baina ez dira guztiak. Logika ere badu horrela izatea Euskal Herrian: produktu industrialak garatzen dituzten enpresek gehiago bilatzen dituztelako harreman publikoetarako espazioak sortzea babesletzekin (administrazio publiko zein beste enpresekin harremanak limurtzeko), kontsumitzaileei zuzentzen diren enpresek baino, zeinek azken erabiltzaileari bideraturiko marketin estrategiak gehiago darabiltzaten. Azken hauek, gainera, epe labur edo ertainera askoz ere neurgarriagoak dira.

2) Epe luzera, administrazio publikoek txirrindularitza profesionala lagundu izana ere lasta bihurtu da. Hau da, behin horrelako laguntza emanda askok pentsatzen dute eskubidea dutela Jaurlaritzarengandik laguntza zuzena jasotzekoa, ordain gisara edo (bost axola proiektua bera, lan ona egiten duten ala ez: batek Emakumeen Bira delako, besteak Itzulia, edo besteak Euskadi ala Basque Country). Ez da fiskalizazio egokirik egin administrazioen partetik. Ez dut diruaren erabilera irregularrik eman denik esan nahi, ez baitakit, baina baldintzarik gabe eman izan da dirua sarritan. Tropelan ongi ezagutzen dugun adibide bat erabiliz, Jaurlaritzak adibidez ez dio hizkuntza erabileraren inguruko gutxiengorik eskatzen lasterketa antolatzaileei. Antolatzaileek ere ez dute Jaurlaritzari ere beren inbertsioen eraginaren berririk eman beharrik ere. Lau datu orokor agian bai, baina Jaurlaritzak ere ez die exijitzen taxuzko txostenik lasterketen eraginaren inguruan. Zer ekarri du guzti honek? Beren lana hobetzeko pizgarri falta, amateurismo gaizki ulertua, eta administrazioekiko gehiegizko dependentzia, orain ordaintzen ari garena.

3) Eta azkenik, guk ere badugu gure ardura. Zalego mota bat ere oso kaltegarria izan daiteke. Puristak gara txirrindularitza taldeei dagokionez, ez dugu halakorik buruan beste kirolei dagokionean, Athletic-en salbuespenarekin agian. Hau da, Vaughters batek edo Lefevere batek ez dizkio mugarik jartzen babesle bilaketetan herrialdeari, zer esanik ez fitxaketetan. Hemen denak behar du “euskal”, babesletik hasi eta masajistaraino. Eta nik uste Ineos oso britainiarra dela, Deceuninck oso belgikarra eta EF oso amerikarra. Baina hemen askok herejeak ez dituzte barkatzen. Gogoratu nola Igor Gonzalez Galdeano egindako fitxaketak tarteko, nola gurutziltzatu zen askoz lehenago hartu behar zen erabaki bat aurrera eraman izanagatik. Gauza asko egingo zituen gaizki, baina hobe beharrez ongi harturiko erabaki horregatik da madarikatua. Higuitak Fundazioarentzat edo Barceló, Samitier eta abarrek Muriasentzat ere lan ona egin dute eta apenas egon da kritikarik. Denborak arrazoia eman dio. Behar lukeen bezala, bestalde.

Guzti hori esanda, Eusko Jaurlaritzaren lematik haratago, zergatik auzolana? Zergatik elkarlana? Zergatik elkartu behar zuten Murias eta Fundazioak? Zergatik OCETA lasterketen monopolizatzaile? Erabaki horiek hartzen edo bultzatzen dituenak kirol hau oso gutxi ezagutzen duelakoan nago, eta oso gaizki aholkatuta dagoela.

Bitartean, isil-isilik, eztabaida mediatiko eta negar-eskaeren jokoan erori gabe, Lizarte taldeak eman du pauso bat aurrera. Datorren urtean Kern Pharma enpresak babesturiko kontinental mailako talde bat gehiago izango da errepidean. Hori da berri onena. Jon Odriozola ere baikor entzun dugu Vuelta amaieran taldearen jarraipenari dagokionez. Ea ba Euskadi Fundazioa zein Euskadi-Muriasek ere jarraitzen duten, dela kontinental mailan, dela profesional kontinental mailan, eta egin beza norberak bere bidea.

#306 Tropela.eus podcastak: 2018ko denboraldiari errepasoa

Hauxe duzue urteari errepasoa ematen dion podcasta. Bertan Imanol Llucia (@imanolllucia), Inaxio Esnaola (@inaxioesnaola) eta Egoitz Lizaso (@elizaso) aritu ziren podcasta zuzenean grabatzen Libros de Rutak ere 5. urteurrenean behin behinean irekitako denda fisikoan. Hirukoteak denboraldi osoari errepasoa emateaz gain “tropeltxoko graziosoak” zer diren azaltzen dute.

ZOZKETA: esatariek errepasoan akats larri bat egiten dute. Zein da? Gehitu zuen erantzunak iruzkinean eta #tropelafaktorea-ren kamisetaren zozketa batean sartuko zarete. Erantzunak emateko epea hurrengo igandea, urriaren 28a, gaueko 23:59etan amaitukoa. Erantzun zuzen guztien artean egingo dugu zotz. Zorte on!!

Euskal Txirrindularitzaren pentsamendu bakarra (2)

Proiektu bateratua amestea zilegi da. Baina eraginkortasunaren aldetik, eta euskal txirrindularitzaren oraingo egoerari zein azken pare bat hamarkadetako hainbat esperientziei begira, proiektu bakar edo bateratu hori agian ez da estrategia zuzenena txirrindularitzaren garapenari dagokionez. Adibide batzuekin azaltzen saiatuko naiz, txirrindularitzan ere, 1+1 askotan ez direlako 2ra ere iristen, batik bat gure herrian.

Eusko Jaurlaritzak Euskal Bizikleta eta Euskal Herriko Itzulia elkartzera bultzatu zituen. Continue reading “Euskal Txirrindularitzaren pentsamendu bakarra (2)”

Txirrindularitza eta edertasuna

DumoulinBizikleta gainean makurtuta, bizkarra biribilduta doazen ziklistak gustatu izan zaizkit gehien betidanik. Ez derrigor karrera gehien irabazten dituztenak, baizik eta ikusteko gozagarriak direnak, nolabait esan, bizikleta gaineko gentleman-ak, edo gurpil gaineko Ryan Goslingak. Bob Jungels eta Tom Dumoulin dira gaur egun gehien liluratzen nauten ziklistak, biak ere 50. hamarraldiko film batetik atereak diruditen karreristak. Lehena, Jungels, da eleganteena, bai postura aldetik eta bai janzkera aldetik gehien zaintzen denetako bat. Aukera duen bakoitzean kaskoa erantzi eta bere vintage orrazkera erakusten du, Ray-ban markako betaurrekoak eramaten ditu, eta, oro har, sedukzio paperean guztiz sartuta egoten den karrerista da luxenburgotarra. Ez dezala inork pentsa, horregatik, bizikleta gainean despistatuta ibiltzen denik, iazko Giroan erakutsi zuen bezala, hortzak estutzeko garaian kirolari sakrifikatuenen pare ibiltzen baita, (kirol alorrean ere) nabarmentzeko antsiaz. Erlojuaren kontrako ziklista brillantea da, dudarik ez da, eta maldan gorakoan gabezia handi xamarrak dauzkan arren, nik uste askoren buruan dagoela Jungels itzuli handietarako gizona izan daitekeen ideia. Continue reading “Txirrindularitza eta edertasuna”

“Tropela Hondartzan”, igande honetan Zarautzen

TH_2016_txikiaEkitaldi honekin goiz eder batez ziklistatxoekin gozatzearekin batera, gure hondartzetan galtzeko zorian den ziklistatxoen eta kaniken jokoa berreskuratzeko ekimenarekin aurrera jarraituko dugu.

Honela, ekainaren 19an Zarauzko malekoian, Galtxagorri elkartearen parean, antolatuko dugu Tropela Hondartzan ekitaldia. Bertan, igande goiz eder bat pasatzeko bi osagai desberdin izango ditugu:

ZIKLISTATXOEN TXAPELKETA

Batetik, hondarretan, hainbat zirkuitu egin eta zirkuitu hauetan kaniken laguntzaz ziklistatxoen lasterketak egingo ditugu. Txapelketa taldeka izango da eta azkarrenentzat sariak izango dira. Azkarrenarentzat bakarrik ez, zirkuiturik dotoreena egiten dutenentzat, ziklistatxorik eleganteenarentzat, kiroltasunaren saria eta beste hainbat sorpresa! Parte hartzekoak bazarete, txapelketaren antolaketa errazteko komenigarria da izen-emate orri hau beteko bazenute. Ez dugu araudi zorrotzik jarriko eta ez gara epaile Continue reading ““Tropela Hondartzan”, igande honetan Zarautzen”