Geraint ThomasJames Bonden azken pelikula zinema aretoetan dagoela aprobetxatuta, zuen baimenarekin, Sky taldea eta MI6 zerbitzu sekretu britainiarra parekatuko ditut ondorengo lerrootan. Bond jaunaren pelikuletan, maiz, zerbitzu sekretuari men egin nahi ez diona izaten da gaiztoa, zitala. Bada, Sky taldean ere diziplina arazotxo bat edo beste izan dute Brailsfordek eta gainerako zuzendariek. Esate baterako, Sir Wigginsek irabazitako Tourrean, 2012an, Froomek taldeburua atzean utzi zuen mendiko etapa batean, nahita edo nahi gabe. Auskalo. Ordutik Froome izan da taldeko nagusia, baina ezin uka punta-puntako beste txirrindulari batzuk ere izan dituela Skyk, eta haietako batzuentzat bigarren mailan egotea ez da beti gozoa.

Thomasek Skyn jarraituko du 2016an, zintzo, baina berriki esan duenak zer pentsatua ematen du. Bere burua Tourra irabazteko borrokan ikusten du berandu baino lehen. Thomasek gazte onenaren maillota jantzi zuen 2010ean zenbait egunetan -azkenean Andy Schleckek etxeratu zuen- eta aurtengoan bikain aritu zen bere taldeburuaren mesedetan Frantziako Itzulian. Sailkapen nagusiaren goialdean mantendu zen ia bukaera arte eta 15. postuan bukatu zuen. Horrek eta aurtengo beste garaipenek -E3 Harelbeke probak eta Algarveko Itzuliak- hauspoa eman dio 29 urteko galestarrari. The World of Cycling According to G liburuaren aurkezpenaren harira adierazi duenez, ez du baztertzen datorren denboraldia bukatuta, taldez aldatzea nagusi bihurtzeko. Hots, Porteren bidea jarraitzeko prest legoke Thomas.

Portek Sky taldea utziko du denboraldi bukaeran eta datorren denboraldian BMCko liderra izango da. Froome ataka estuan jartzeko adina indar al du Portek? Skyko oilarra izateko beharra edo aukera izan duenean kale egin du. Thomasen kasuan, ikusi beharko, noski. Izan ere, taldeburu izateko ez da nahikoa gaitasun fisikoa. Argia izatea ere oso garrantzitsua da, baita izaera handia izatea. Aurkarien aurrean bakarrik ez. Kazetarien eta zaleen begietara ere izan behar baita liderra.

Beste ziklista batzuk, ordea, ez dira kikildu rol aldaketa izan dutenean. Evans da horietako bat. Morrontza lanetan aritu zen zenbait denboralditan, baina taldeburua izateko aukera eduki zuenean, aurreko postuetan egoteko kapaza izan zen, baita Tourra irabazteko ere. Porteren ibilierak BMCn eta Thomasen aurrerapausoak Skyn izango dira 2016ko denboraldiko pizgarrietako batzuk.

Argazkia: Theguadian.com