Udazkeneko “La Primavera”

Urteko zita garrantzitsuena hemen da, errepideko munduko txapelketa. EEBBtan alajainetan, txirrindularitza modernoaren aroaren erakusgarri. Richmond hiriko errepide zabaletan izango da, Virginia estatuan.

Azken urteetako zabalena dirudi lasterketak, baita hautagaien zerrendak ere. Izan ere, ibilbideak duda batzuk sortzen ditu. Alde batetik, ez dago muino edo zailtasun orografiko handirik, eta guztira 2.000 metroko desnibel positiboa dauka. Ez da asko noski 259 kilometroko ibilbide batean. Hala, ez dirudi eskalatzaileentzako lasterketa. Bestalde, ibilbidearen luzerak berak gogortuko du lasterketa, eta horrek egingo du gizonik indartsuenen selekzioa. Urtean zehar izaten diren lasterketak kontutan hartuta Milano-Sanremo hartuko nuke erreferentzia bezala.

Hautagaiak beraz, italiar lasterketan punta-puntan izaten diren txirrindulariak izango direlakoan nago, eta denok dakigunez, Sanremoko zuzengunean edo sprint selektu bat edo 4-5 gizoneko taldetxoa iristen da normalean. Lehenengoko lasterketa bada, aurtengoko lehen postuak begiratzea nahikoa dugu: Degenkolb, Kristoff, Matthews, Sagan izan ziren lehen laurak. 4 hauen artean beharko luke. Apustu etxeetan hautagai nagusi agertzen diren izenak dira, noski. Tropelako erabiltzaileen artean Sagan (%88!!) eta Degenkolb (%67) dira hautatuenak. Nire hautua, aldiz, udaberrian mutur luzearekin podiumera igo zen australiar gaztearena da. Ez zen gustura geratu emaitzarekin, ez omen zion balio izan 3. postuak. 2010an 23 urtez azpikoetan txapeldun alemaniarraren aurretik, igandean tropelako elastikoa janzteko nire hautagai nagusia Matthews da.

Alemania eta Australiak lasterketa lotu beharko dute, eta aldiz gainontzeko selekzio indartsuenek gogortu, “La Primavera”n egiten ohi den moduan, gizon gutxi batzuk iristeko amaierako lehiara. Espainia, Holanda, Polonia, baina batik bat Italia eta Belgika beharko dute izan protagonista, azken 2 astetan maila izugarria erakutsi duten Nibali, Gilbert eta van Avermaeten mesedetan.Bigarren kasu honetarako, van Avermaet da nire hautua. Aurtengoan bere ibilbidean lehen aldiz garaipen itzelak lortu ditu, makila majikoak ikututa duela dirudi.

Amaitzeko bi izen, bi joker, apustu etxetan diru pixka bat jokatu nahi duenarentzat: Greipel, 2015ko sprinterrik onena zalantzarik gabe. Aurrean iristeko gai izango da? Hala bada, garaipenak berea behar luke. Eta Stybar ba, Stybar delako ;-)

Gozatu igandean urteko egunik politenaz!

 

Argazkiak: steephill.tv, cyclingweekly.co.uk, gva.be