Tropela Hondartzan

Tropela Hondartzan 2015Urte batzuetan zehar buruan bueltaka ibili ondoren, Tropela saretik hondartzara jaisteko urratsa emango dugu. Honela, gure hondartzetan galtzeko zorian den ziklistatxoen eta kaniken jokoa berreskuratzeko ekimen baten berri eman nahi dizuegu.

Honela, irailaren 13an Zarauzko pasealekuan Tropela Hondartzan izena jarri diogun ekitaldia antolatu dugu. Igande goiz eder bat pasatzeko bi osagai desberdin izango ditugu bertatik bertara:

Tropela Hondartzan 2015ZIKLISTATXOEN TXAPELKETA

Batetik, hondarretan, hainbat zirkuitu egin eta zirkuitu hauetan kaniken laguntzaz ziklistatxoen lasterketak egingo ditugu. Txapelketa taldeka izango da eta azkarrenentzat sariak izango dira. Azkarrenarentzat bakarrik ez, zirkuiturik dotoreena egiten dutenentzat, ziklistatxorik eleganteenarentzat, kiroltasunaren saria eta beste hainbat sorpresa! Parte hartzekoak bazarete, txapelketaren antolaketa errazteko komenigarria da izen-emate orri hau beteko bazenute. Ez dugu araudi zorrotzik jarriko eta ez gara epaile lanetan jarriko baina irizpide batzuk zehazte aldera jokoaren araudi txiki bat idatzi dugu.

VINTAGE ERAKUSKETA

Bestetik, pasealekuan bertan, lehengo txirrindularitzaren erakusleiho moduan erakusketa bat jarriko dugu. Bertan, izango dira Jorgek eskuz pintatutako ziklistatxoak, Urtekariaren bildumako kromo eta aldizkariak, Iñaki Lakarraren bildumako ur-potoak, Libros de Rutaren libururik berexienak, Juan Mari Tolinen argazkiak eta abar luze bat. Guzti hau musikarekin goxatuz eta lagun giro eder batean egingo dugu.

Tropela Hondartzan 2015A! Bertan erakusteko moduko ziklistatxoak, kromoak, argazkiak edota beste bitxikeriaren bat baduzu, gustura egingo dizugu tokia azokatxoan.

Beraz, gogoratu: Irailaren 13an, igandearekin, zita bat duzu Zarauzko malekoian.
Zatoz eta animatu zure ingurukoak. Bertan ikusiko dugu elkar!

Eta ez ahaztu trasteroan gordeta egon daitezkeen ziklistatxoak eta kanikak ekartzea!

JOKOAREN ARAUDIA

IZENA EMATEKO INPRIMAKIA