Saganek ez zuen bigarren izan nahi

Sagan munduko txapeldun berriaAmaitu berri dira Richmondeko Munduko Txapelketak eta elite mailan hauek ditugu txapeldun berriak:

– Emakumezkoetan erlojuaren kontra: Villumsen (Zelanda Berria)
– Gizonezkoetan erlojuaren kontra: Kiryienka (Bieloerrusia)
– Emakumezkoetan errepidean: Armitstead (Britainia Handia)
– Gizonezkoetan errepidean: Sagan (Eslovakia)

Azkena jokoan gizonezkoen errepidekoa izan da, Iosuk aurrertu zigun udazkeneko “La Primavera”. Ez zebilen ez Iosu oso erratuta bere azterketan, baina beharbada bilakaeran gutxik espero genuen Saganek horrela irabaziko zuenik.

Eslovakiarrak helmugarako 2-3 kilometrotara jo du erasoa, harbidetako azken muinoan. Ez du lasterketa osoan bere burua erakutsi, baina hor bai. Eraso gogorra non Van Avermaet eta Breschel iritsi ezinda geratu diren, tropel nagusia eta eslovakiarraren tartean. Beharbada Breschelek erreleboren bat eman izan balio Van Avermaeti gai izan zitezkeen Sagan harrapatzeko, baina ez da horrelakorik izan. Saganek garbi zuen ez zuela esprintean arriskatu nahi eta bikain eutsi dio tropel nagusiari ateratako tarteari. Amorrazioz helmugaratu da aurten makina bat aldiz bigarren izan den txirrindulari bikain hau.

Tropel nagusiko esprintean Matthews eta Navardauskas izan dira hurrenez hurren zilarrezko eta brontzezko dominak eraman dituztenak.

Lehen euskalduna Ion Izagirre izan da eta esan talde espainiarraren mesedetan bikain aritu dela lanean, tropel buruan zenbait unetan lanean ere ikusi dugularik.

Ea hurrengo urtean Saganek ez duen ostadar maillotaren malefizioaren eraginik jasaten!!

Argazkia: @richmond2015

Published by Egoitz

Tropela.net sortu genuenean interneten edukiak euskaraz izatearen garrantziaz jakitun, ezinbestean blog hau martxan jartzeari ekin genion. Martxan jarri bakarrik ez, edukiak sortzen hasi eta jarraitzea da asmoa.