Orica deluxe

Vueltako lehen astearen bukaera ez da gozoa izan Orica-Green Edge taldearentzat, Chavesek liderraren maillota kendu behar izan duelako Dumolinen mesedetan. Hala ere, Oricako buruek sinatuko zuten, zalantzarik gabe, lehen astea horren oparoa izatea: Chavesek bi etapa garaipen, Ewanek beste bat eta liderraren maillota sei egunetan. Vueltan bakarrik ez; denboraldiko beste proba garrantzitsu batzuetan ere bikain ari da Stephensen taldea.

Euskal Herriko Itzulian, Matthewsek etapa bat irabazi zuen, eta handik hilabetera, Italiako Giroan, batez ere lehen egunetan jaun eta jabe izan ziren; taldekako erlojupekoa irabazi zuten eta liderraren maillota jantzi zuten Gerransek, Matthewsek eta Clarkek, Contadorrek lehen postua eskuratu zuen arte. Hain zuzen ere, Matthews izaten ari da taldeko izarra aurten, nola Paris-Nizan hala Suitzako Itzulian ere -ez dira nolanahiko lasterketak- etapak irabazi baititu. Bejondeiola.

Tourra beltza izan zuen Oricak, ordea, baina abuztuan berpiztu zen, non eta Euskal Herriko errepideetan Donostiako Klasikoa Adam Yatesek irabazita. Yates anaiak ez daude Vueltan, baina hala ere, zakua bete sari eramango dute ondorengo bi asteetan gertatzen dena gertatzen dela.

Orica ez da Word Tourreko talderik aberatsena, eta World Tourreko taldekako sailkapenean bederatzigarren postuan da. Dena dela, ezin uka ibilbide aipagarria osatzen ari direla, txirrindulari gazteekin gainera; Chavesek 25 urte ditu, Matthews 25 urte betetzear da, eta Adam eta Simon Yates anaiek 22 urte dituzte. Eusten badiete, are oparoagoa izango da etorkizuna.

Argazkia: cyclingweekly.co.uk