Irailean jokatutako lehenean, Jalabert

jalabertEspainiako Itzuliaren data duela 20 urte aldatu zen, UCI Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak egutegia berrantolatzea erabaki baitzuen. Italiako Giroaren antolakuntzari egin omen zioten proposamena aurrena, baina ezezko borobila jaso zuten erantzun gisa. Espainiako Vueltak, ordea, baiezkoa eman zuen.

Apirilean jokatzetik irailean jokatzera pasatu zen Vuelta -ordura arte hiru itzuli handiak elkarren segidan jokatzen ziren: Vuelta apirilean izaten zen; Giroa, maiatzean eta Tourra uztailean-. Udako hondarrean egindako lehen Vueltan, ONCE taldea jaun eta jabe izan zen. Jalabertek irabazi zuen itzulia, Tourrean bosgarren bukatu eta gero. Maillot horiaz gaiz, bost etapa irabazi zituen frantziarrak. ONCEren beste ziklista bat, Bruyneel, azken podiumera igo zen, hirugarren koskara hain zuzen ere. Ezin ahaztu, ONCEren urrezko garaia zela; urte hartan bertan, Tourrean, Jalabertek eta Bruyneelek etapa garaipenak lortu zituzten eta Stephensek eta Maurik ere oso maila altua erakutsi zuten, Indurain garailea ataka estuan jartzeraino. Era berean, ezin aipatu gabe utzi azken hiru urteetan Vuelta irabazi zuen txirrindulariak, Romingerrek, kale egin zuela urte hartan Giroa eta Tourraren aldeko hautua egin zuelako.

Jalaberten eta Bruyneelen ondoan, Abraham Olano igo zen azken podiumera. Olano Mapeiko -hura ere talde mitikoa- taldeburua izan zen eta itzuli hartako hiru erlojupekoak eskuratu zituen Anoetako txirrindulariak. Aurreneko aldiz ikusi genuen Olano hiru asteko itzuli bateko podiumean. Hilabete gutxi batzuk geroago, 1996ko udaberrian, Girokoan ikusiko genuen.

Itzuli hura eta aurtengoa alderatuz gero, besteak beste, etapen luzera desberdina nabarmendu daiteke. 1995eko Vueltan 200dik gorako zazpi etapa izan ziren, tartean Ourense eta Zamora arteko 264 kilometroko maratoia. Aurten, aldiz, lau etapak gaindituko dituzte 200 kilometroen muga. Orotara, 3.357 kilometro bete beharko dituzte parte hartzaileek, duela 20 urtekoek 3.750 kilometroko ibilbidea osatu behar izan zituzten bitartean, hots 400 kilometro gehiago. Bestalde, hain justu ere, Olanok behin pedalei eragiteari utzi eta Vueltako zuzendari tekniko jardun zuen urteetan aldapa pikoetan amaitutako etapak areagotu ziren eta haiek eman diote distira itzuliari hein handi batean, nahiz eta batzuetan aldapa horiek beraiek -Ezaroko begiratokia eta Cuitu Negru, esate baterako- eztabaida iturri ere izan dira, muturreko gogortasunagatik.

Argazkia: Rtve